“Surfa oso kutsatuta dago, otarre guztietan baitaude sagar mailatuak”

Aitziber Arzallus

Itsasoa eta abentura maite ditu Axi Munianek (Zarautz, 1982). Olatu handietako Europako lehen surflari profesionala izan zen, eta erronkek mugiarazten dute. Ezinezkotzat jotako horiek probatu arteko onik ez du izaten, eta toki askotan jarri du bere zigilua, egiten aurrena izan delako. Urteak daramatza kamioiarekin batera eta bestera; Kantauriko eta Galiziako kostaldean batez ere, ekaitzaldien atzetik, bere bizitzako olatua izango denaren bila.

Nolakoa zinen txikitan?

Bihurri samarra, beti zokomiran. Horixe dauka baserrian jaiotzeak: bestelako abileziak garatzen dituzu astakeriatan jarduteko. Txikiparka zen gure baserria, eta ez nintzen irteten handik, eskolara eta arranpetara joateko ez bazen.

Skate zale amorratua zinen umetan. Nolatan hasi zinen surfean?

Karloxito ArgiƱanok berotu ninduen; hark sartu zidan barnean surfaren zomorroa. Probatzeko eta probatzeko esaten zidan, eta, halaxe, uda batean probatu nuen, eta kito! Lehen olatuan zutik jarri nintzen, gozatzen, eta, nire lehentasunak guztiz aldatu ziren momentu hartan. Segituan aparkatu nuen patina, eta gauza imajinaezina zen hori ordura arte. Izan ere, nik ez nuen izan nahi Kelly Slater; nik Tony Hawk izan nahi nuen.

Suziria bezala joan zinen gora.

Surfa 12 urterekin probatu nuen, eta buru-belarri nenbilen 13rekin. Segituan eman nituen aurrerapausoak, eta haiekin batera etorri ziren emaitzak. Urtebeteren gorabeheran, babesa ere etorri zitzaidan.

Hori da, hori, erraz hastea…

Beste garai batzuk ziren. Lehen, zerbait egitea nahikoa zen babesa lortzeko. Gaur, ikusten duzu talentu hutsa olatu gainean, emaitzak lortzen, eta ezin ikasketak egin edo ogibide duin bat aurrera atera.

Hala ere, laster ohartu zinen txapelketena ez zela zure alorra.

Hasieratik ikusi nuen erosoago sentitzen nintzela baldintzak pixka bat harroagoak edo gogorragoak zirenean. Jendea erosotasuna galtzen hasten zenean, benetan gozatzen hasten nintzen ni. Baina egia da asko zor diodala lehiaketen munduari, han garatu bainaiz teknikoki, han irabazi baitut sinesgarritasuna, eta babesak ere handik etorri baitzaizkit. Bide bat izan da: lehiaketetan hasi izan ez banintz, gaur egun ezingo nukeen bizi naizen bezala bizi.

Nola hasi zinen olatu handietan?

Niretzat Julen Lasa izan da pertsonarik esanguratsuena. Hark eraman ninduen, lehenengoz, haitzezko ur hautsietara: Orruara, Izustarrira… Eta begira kontuak zer diren: gaur egun, berriz ere, harekin ari naiz entrenatzen.

Dena utzi, eta gustatzen zitzaizuna egitea erabaki zenuen.

Garbi neukan saiatu beharra neukala. Hawaiira ospa egin nuen 19 urterekin, eta ideiak are argiago neuzkan handik bueltatzean.

Garai hartan, olatu handietan ibiltzen zen surflari gutxi izango zenuen inguruan. Nor izan duzu eredu?

Julen Lasak eraman izan nau eskutik helduta hainbat tokitara, baina betidanik Ibon Amatriain izan da nire erreferentea. Bera jakitun izan gabe, agian, eredu bikaina izan da guretzat. Hark erakutsi digu pertsona batek nola egin ditzakeen hain gauza zoragarriak apaltasunez.

Hemen inguruan, zu izan zara olatu handietako lehen surflari profesionala. Egiten duzuna saltzen jakin izan duzu.

Bideoen kontuarekin hasi ginen, 310 webgunea geneukalako. Geure astakeriak jartzen genituen Interneten kuadrillakook, eta, horien artean, olatu handietako surfaldiak ere bai, baina inolako intentziorik gabe, artean inork ez baitzekien zer-nolako iraultza ekarriko zuten Internetek eta, batez ere, sare sozialek. Jendeari gustatu egiten zitzaizkiola ikusi genuen, eta horregatik jarraitu genuen.

Jende asko bizi da zu bezala?

Ez. Zail daude gauzak. Aukera berriak sortu dira, baina balioak galdu egin dira. Beste hainbat diziplina bezala, oso kutsatuta dago surfa, otarre guztietan baitaude sagar mailatuak.

Surflarion artean ika-mikak sorrarazi izan ditu olaturik handiena hartzeko grinak. Hori ez doa surfaren filosofiaren kontra?

Nire ustez, bai. Joan den urtean ika-mika sortu zen Nazaren (Portugal), horren handia izan ez zen olatu baten bueltan, surflaria olatu hura hartzen ikusi ere egiten ez zela. Surflari hark han zeuden kamera guztiei deitu zien egun hartan, eta, irudirik ez zegoela ziurtatu zuenean, munduko errekor berriaz hizketan hasi ziren. Eguneko benetako protagonistei garrantzia kendu zieten horrela. Batzuek erabiltzen dituzte horrelako trikimailuak.

Generoaren ikuspegitik, surfean nola daude gauzak?

Orain dela gutxi arte, balantza okertuta egon da gizonen aldera, sarietan-eta alde handia zegoelako. Aldatzen ari da hori, baina ez dakit modurik egokienean aldatzen ari diren, ikusten ari garelako orain, zenbait kasutan, beste aldera okertu dela balantza. Mutilenetan baino parte hartzaile gutxiago izaten da nesken txapelketetan, eta bietako irabazleei sari bera emanda ere, baten ahaleginari balio handiagoa ematen zaio bestearenari baino.

Eta babesa lortzeko garaian?

Surflari bat erakargarria bada, erraztasun handiagoa izango du babesa lortzeko eta bidea egiteko; are gehiago emakumea bada eta haragi pixka bat erakusteko prest badago. Tamalgarria da.

Zeuk esana da surfean burua dela %80 eta gorputza %20. Nola lantzen duzu gorputza?

Aurten, lan kontuak direla eta, etxeko lanak ez ditut egin ondo. Entrenamendu gogorrekin ekainean hasteko asmoa genuen, baina gehiegizkoa da eskolako ikastaroekin bateragarri egitea.

Eta nola lantzen duzu burua?

Eroso sentitzea da kontua, eta, horretarako, garrantzi handia dute fisikoki sendo egoteak eta eskarmentuak. Eta hainbat baldintza eta testuingurutan bizi izandako egoerek eta esperientziek emango dizute eskarmentua. Arazo bat duzunean, aukerak eta konponbideak ikusiko dituzu konturatzerako, eta arrain bat bezala mugituko zara uretan. Hor garrantzitsua da norberaren beldurrak zeintzuk diren jakitea, eta beldurrak nola funtzionatzen duen eta beldur horiek nola kudea ditzakezun jakitea. Sekulako fardela datorkizunean, gainera, inork ez du han egon nahi izaten, baina ihes egitea ez da aukeretako bat. Horregatik, surflari bat beti ari da prestatzen gertatzea nahi ez duen une horri aurre egiteko.

Zer pentsatzen duzu olatu erraldoi batek irentsi eta urpean bueltaka zabiltzanean?

Neure buruaren kontrola ez galtzen saiatzen naiz, neutralizatzen, bihotzaren taupadak moteltzen, burura pentsamendu positiboak sartzen. Kontrola ez galtzeko protokoloan sartuta zaude. Dena dela, okerrago pasatzen dut motorra gidatzen ari naizenean eta laguna ateratzea tokatzen zaidanean; infernua izaten da hura, eta ni han laguna topatu nahian. Oso momentu gogorrak izaten dira, zeure beldur edo kezka horiei jaten ematen ari zarelako. Aldiz, ur azpian zaudenean, erabat kontzentratuta zaude, kontsumo guztia autonomizatzen.

Bururatu zaizu inoiz surfa uztea?

Joan den asteburuan bertan. Uretan ginela, niretzat mundu mailan maisu den tipo bat etorri zen, Carlos Burle, eta gure laguna hil berri zela esan zigun, han bertan, erreskate lanetan ari zela. Oso momentu gogorrak izan ziren, eta orduan burutik pasatu zitzaidan merezi ote zuen jarraitzea, jateko lain ere ez badit ematen. Gerora jakin genuen hil zena ez zela gure laguna, BASE saltoa egiten ari zen alemaniar bat zela, eta, oso jarrera egoista izan arren, sekulako lasaitua hartu genuen. Eta, noski, berehala ahaztu zitzaidan surfa lagatzeko kontua ere.

Taldean mugitzen zara beti. Zeintzuk dira zure kideak?

Euskal Herrian nabilenean, Pablo Garciarekin ibiltzen naiz asko. Oso gidari ona da, eta laguntzeko prest egoten da beti, baita nire erronka pertsonaletan ere. Horregatik, eskerrak emateko aprobetxatu nahiko nuke aukera. Bestela, Jerome Sahyoum eta biok ibiltzen gara hemendik kanpo. Eta itsasaldia oso-oso basatia bada, beste surflari batzuekin indartzen dugu taldea, eta surflaria eta bi motor sartzen gara uretara.

Argazkilariak eta kamerariak ere zuekin ibiltzen dira beti?

Bai. Zarautzen bertan baditugu Goya anaiak, eta hemendik kanpo beste batzuk ere bai, gure ehizaldietan adi ibiltzen direnak.

Ehizaldi horietarako, zure kamioia duzue ezinbesteko baliabidea. Nola bururatu zitzaizun hura erostea?

Duela hamar bat urte Irlandara joan ginen olatu erraldoien bila, nahiko modu prekarioan, eta sekulako hotza pasatu genuen. Han hasi ginen amesten gure beharretara egokitutako autobus edo kamioi batekin. Handik itzulita, neuk bakarrik jarraitu nuen aurrera. Kamioia topatu nuenean, bakarrik bazen ere aurrera egitea erabaki nuen. Urte eta erdi pasatu nuen buru-belarri hura prestatzen. Erronka polita izan zen.

Urteak daramatzazu hara eta hona olatu berrien bila. Asko topatu al dituzu?

Bai, batzuk bai.

Nola bilatzen dira olatuak?

Oso lan zaila eta sufritua da. Izan ere, olatu baten morfologian faktore askok daukate eragin zuzena, eta, aldagai horietako bat aldatzen denean, modu jakin batekoa izango da olatua. Inork ez daki topatu ditugun altxorrak topatzeko zenbat diru laga dudan, zenbat denbora, eta zenbat itsasaldi handi galdu ditudan.

Abentura hutsak izango ziren bilaketa horiek…

Bai horixe. Ibili izan zaizkigu atzetik segika, moilaz moila ea ikusi ote gintuzten galdezka. Galiziara gauez sartu, eta mendien artean desagertzen nintzen. Narkotrafikorako erabiltzen zituzten arranpak ziren nire kuttunenak. Nahikoa nuen haietako batekin, soinean baineukan gainontzeko guztia. Behin, lau egunez zulo batean surfean ibili eta gero, mundura atera eta konektatu ginenean jakin genuen Thailandian sekulako tsunamia izan zela. Geure artean aipatu genuen egunen batean tsunami bat sortuko zela eta ez ginela konturatuko harrapatzen gintuen arte.

Olatu batzuk topatu egin dituzu, eta beste batzuk, estreinatu; adibidez, aurtengo martxoan, Getariako Izarraitz olatua.

Hala da, bai. Bizitza guztia neraman itsasaldi handienetan San Anton parean sortzen den olatutzar horri begira. Olatu horrek ez du onartzen akatsik, amildegi bat daukalako parean. Ez da olatu erosoa, baina argi neukan noizbait saiatuko nintzela. Aurtengo martxoan izan zen; sukarrarekin zegoen laguna ohetik aterarazi, eta han joan ginen.

Itsasoak astindu ederrak ere eman dizkizu. Handiena, Nazaren, 2016ko abenduan; eta azkena, Asturiasen, duela lau bat aste. Tinpanoa eta ohola hautsi zizkizun. Zer moduz zaude?

Saihetsaldea pixka bat minduta daukat oraindik, baina ari naiz osatzen.

Ohol berria martxan da?

Bukatuta dago dagoeneko.

Nazare gustukoa duzu surferako, eta egonaldi luzeak egiten dituzu han. Aurten omenaldia egin dizute, eta, harrezkero, hango museoan dago zure ohola, handienen alboan. Momentu hunkigarria izango zen, ezta?

Oso hunkigarria. Urtebete lehenago, istripu larria izan nuen han bertan, eta, osatu nintzenean, oso sendo entrenatu nintzen, hango itsasaldi guztiak harrapatu nahi nituelako. Erronka oso pertsonala zen nirea. Intentsitate handiko denboraldia izan zen iazkoa, eta bukatzeko modu perfektua izan zen omenaldia.

Surf eskola zabaldu zenuen duela zazpi bat urte, Zarautzen. Baina oso kritikoa zara herriko panoramarekin. Zergatik?

Bere garaian, udalak esan zigun hiru edo lau eskolarentzat lekua zegoela Zarautzen eta neurriak hartuko zituela, baina dozena bat eskola daude jada herrian, eta ez dute egin agindutako murrizketarik. Egia da bideragarritasunari begiratu behar diola negozio bat daukanak, baina dena ez da hori. Oholaren gainean zutik jartzea baino askoz gehiago da surfa; balioak dira, kode batzuk daude, eta eskolek ardura izan behar lukete horiek irakasteko. Gaur, pentsaezina da hori, ez baitago araudirik, eta titulurik gabeko jendea ari baita ikastaroak ematen. Zer gertatzen zaigu ondo lan egin dugunoi? Hondartzan lekurik ez dugula, gainezka egin duelako. Oraintxe nazka ematen dit Zarauzko hondartzak, eta herriko beteranoetako inork ez du egin nahi han surfean; zerbaitegatik izango da.