Aterperik gabe

Ane Ubegun Goikoetxea

Merkatua izan ohi da baserritarren eta kaletarren topagunea: baserritarrek etxean landatu eta hazitako produktuak eramaten dituzte plazara, eta kaletarrek erosi egiten dituzte, produktu freskoak eta sasoiko jakiak eskuratzeko helburuarekin. Gertukoa eta berezia da sortzen den hartu-eman hori, baita giroa ere. Ezaugarri horiek bermatzeko, ordea, ezinbestekoa da merkatua toki apropos batean kokatzea.

“Merkatuaren egoera tamalgarria da”. Hala azaldu du Angel Gisasola Eibarko Baserritarren Elkarteko presidenteak. Eibarren tradizio handia du herriko merkatuak, eta eraikin bat baino gehiago erabili izan dira aterpe moduan. Azken merkatu plaza, ordea, orain dela 11 urte eraitsi zuen Eibarko Udalak, saltzaileek baldintza txarretan zegoela argudiatu zuten eta. Egun, haatik, ez dago eraikin berririk aurreko merkatu plazaren lekuan, eta udalak aldi baterako egokitutako aterpe batean jartzen dira saltzaileak. Merkatuko saltzaileen baldintza txarrak salatu ditu Eibarko Baserritarren Elkarteak, eta konponbideak eta azalpenak emateko eskatu dio udalari.

“2007tik ari gara entzuten bi edo hiru urtetan egingo dutela merkatu plaza berria”, esan du Gisasolak. Oro har, baldintzak “kaskarrak” direla adierazi du, baina eguraldi txarra egiten duenean, egoera “are gogorragoa” dela: “Eguraldi txarrarekin oso gogorra da; dena busti egiten da, ura sartzen da alde guztietatik, eta oinak bustitzen zaizkie baserritarrei eta bezeroei”. Gainera, gehitu du eguraldi txarrak eta merkatuaren egoerak eragin zuzena dutela kontsumoan: “Eguraldi txarra egiten duenean, jende gutxiago etortzen da merkatura. Produktuak busti egiten dira, eta produktu bat hobea da epel baldin badago”.

Gaur egun, 21 postu daude Eibarko merkatu plazan: horietako hamazazpi kanpoan daude, eta lau, berriz, barruan. Dena den, inoiz egon den postu kopururik txikiena da hori: “Postu asko banaka-banaka itxiz joan dira, eta ez dago hori bultzatzeko modurik”, azaldu du Gisasolak. Gainera, elkarteko presidenteak adierazi duenaren arabera, itxi diren postu horietan ez da postu berririk ireki, eta udalak ez du eman postu horiek okupatzeko baimenik: “Postu gehiago egongo balira, jende gehiago gerturatuko litzateke”. Udalak orain arte esandakoa ez duela bete ikusita, baserritarrek zalantzan jartzen dute hark esandakoa: “Etsita gaude, mesfidantzaz, eta ez dugu inolako konfiantzarik udalarengan”. Alabaina, merkatuaren kontuarekin izan diren arazoak alde batera utzita, udalak baserritarren alde egiten duen lana aipatu du Gisasolak: “Eibarrek gauza asko egiten ditu baserritarren alde, baina hankamotz geratzen da merkatuaren kontuan”.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek (PSE-EE) azaldu du proiektuak aurrera jarraitzen duela, eta merkatu berriaren eraikitze prozesua bi arrazoi nagusiren ondorioz atzeratu dela horrenbeste: “Tamalez, prozesua oso luzea izaten ari da, bidean proiektua oztopatu duten bi zailtasun nagusirekin egin dugulako topo: batetik, 2008ko krisi ekonomikoa, eta, bestetik, hasieran udalak kontratatu zuen enpresarekin izandako arazoak”. Alkateak esan du datorren urte hasieran ekingo diotela berriro ere obrei, eta 2020. urte bukaerarako espero dutela herriko merkatu plaza berria bukatutzat ematea.

Eskaintza “ez tradizionala”

Eibarko merkatu plazan, batez ere, haragia, arraina, barazkiak eta fruta saldu izan dira. De los Toyosek adierazi duenaren arabera, ordea, udalak esku artean duen proiektua “berritzailea” da, eta ez du nahi merkatu “tradizional” baten itxura izaterik: “Proiektuan oso argi dago zehaztuta espazioaren zati batean —300 metro koadro izango ditu denera— baserritarren produktuak salduko direla; saltoki horiez gain, beste zortzi postu sortuko dira, eta berritzaileak diren produktuak egongo dira eskuragarri”. Azaldu du ez dakitela zein motatako produktuak eskainiko diren postu horietan; eskaintza “berriak” nahi dituzte, produktu tradizionalez gain. Halaber, alkateak argi utzi nahi izan du udalak erabateko konpromisoa duela baserritarrekin, eta lehentasuna izango dutela eraikitzekoa duten merkatu plaza berrian.

Eibarko merkatu plazako proiektua ez dago, beraz, guztiz zehaztuta. Proiektuak, gainera, aldaketa ugari izan ditu martxan jarri zenetik: “2000. urten merkataritza gune bat eraikitzea proposatu genuen; baina 2008ko krisi ekonomikoarekin, proiektua gelditu egin zen”, azaldu du De los Toyosek. Arazo horiez gain, esan du herritarrek hasierako planteamendu hori ez zutela begi onez ikusi: “Proiektu komertzial horrek irteerarik ez zuela ikusi genuen, eta herritarrek zer nahi zuten jakin nahi izan genuen”.

Udalak azaldu duenaren arabera, hamasei-hemezortzi hilabete inguru iraungo du merkatu plazaren obrak, baina lehenbailehen jarri nahi dute martxan. Bitartean, Gisasolak dio saltzaileek ez dakitela zer egin eta nora jo, baina kontsumoa badagoela, eta asko direla merkatura erosketak egitera joaten direnak: “Argi eta garbi ikusten da demanda badagoela merkatuan, baina baserritarrek ez dakite zer egin, eta blokeatuta daude; Eibarko jendearentzat bultzada da herriko merkatua”.