Girlandak durduzatua

Leire Narbaiza

Abenduaren hasieran auzokideen atean girlanda bat agertzen da, Gabonak iragartzeko asmotan edo. Girlanda hori biribila, uztai formakoa eta nahiko handia da; ez naturala, jakina, urtero bera da eta.

Neguko jaioi dagokien guztiak harritzen nau, batez ere etxeak-eta apaindu beharrak. Eta ondokoen ateko koroak aztoratzen nau gehien. Pinaburu, baia gorri, izei hosto eta pazko-lore artifizialez dago eginda edergailua. Uste dut ipar hemisferioko landare horien aukeraketak durduzatzen nauela. Zergatik, baina, artegatzen naute hainbeste, jakin badakigunean hostook Gabonen ikur bihurtu zaizkigula?

Asaldura sortzen zait urtero, baina buruari buelta gehien lehenengo urtean eman nion. Kontua da nire auzokideak amerikarrak direla, bata karibetarra (tropikala, beraz), eta bikotekidea Andeetako goi-lautadako herrialde batekoa (hego hemisferiokoa).

“Zer ardura dio nongoak diren”, galdetuko duzue zuetako askok. Haiek girlandarako landare horiek erabiltzea egiten zait deigarria. Harrigarria ere egiten zait denok egiten dugun identifikazioa: Eguberriak berdin Europa iparraldeko landaretza (tira, pazko-lorea Mexikokoa da). Eta are arraroagoa ikonografia hori nola egiten dugun gure, kasu honetan beste kontinente batekoek halako sinboloa etxeko sarreran jartzeraino.

Girlandak eroan nau Gabonetako ikonografia guztia zalantzan jartzera. Hala ere, ez naiz hasiko esaten Bizarzuriren jantzi gorria freskagarri ezagunaren koloreagatik dela. Ez. Baina zergatik lotzen ditugu festa hauek elementu konkretuekin?

Elurra da bat. Gabon Zuriak, alegia. Izan liteke urte sasoiagatik, baina denok dakigu Palestinan elur asko ez duela egiten. Agian, hotza bai, baina elurra? Gaitz. Mito handi bat behin eta berriro errepikatuta, batez ere, jaiotzetan. Bitartean, umea, Jesustxo, fardel hutsean. Betleemgo portalean ezin da falta poliespana!

Aztoratu nauten landareak ere ez dira oso palestinarrak, bada. Ezta Eguberrietako zuhaitzak ere. Tira, hor badago azalpentxo bat, neguko solstizioko ohitura zaharrak kristautasunak bereganatu zituelako, euren mezua eta eliza hobeto zabaldu asmoz. Hosto iraunkorreko landarez atontzen ei zituzten bazterrak, eta ipar hemisferiokoak dira guztiak, pazko-lorea izan ezik (gorria delako zabaldu ote da hainbeste?). Gurean oso normala zen gorostia jartzea, ohitura horrek mendietako gorosti arbolak desagertzeko arriskuan jarri zituen arte. Babestuta daude orain.

Beste klasiko bat argiak dira. Argiak nonahi eta itsutu arte. Larrialdi klimatikorik ez dago. Gasta dezagun argindarra! Lehenago kandelak jartzen ziren. Horrek ere solstizioarekin du zerikusia, sanjoanetan sua egiteak bezala. Eskerrak, baina, udakoan argi konturik ez dagoen!

Baina espumiloiak ba ote du justifikaziorik? Apaingarrietan zatarrena begitantzen zait. Gaztelaniazko Wikipedian dio Nurembergek asmatu zutela, 1610ean, eta zilar birrinduz eginda zeudela! Ederra aldea gaurkoekin!

Grinch samarra naizela diote. Egia da. Beraz, ez etorri gurera dekorazioa ikustera. Baina auzokoen girlandek segituko naute durduzatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.