Musika herriarena da »

Urko Etxebeste

Egitasmo komunitarioa, doakoa, irekia, belaunaldi artekoa, herriko taldeekin lotura duena, parte hartzailea eta herritarrak irakasle eta ikasle izango dituena. Pasai San Pedron musika eskola herrikoia abiatuko dute Aste Santuaren ondoren, oinarri horiekin. Era informalean, ez-arautuan, musikaz dakitenek musikan trebatu nahi dutenei erakustea da asmoa, oinarrizko ezagutza zabaltzea. Hasteko, gainera, oinarri sendokoa da musika herritartzeko proiektua: 60 sanpedrotarrek eman dute izena egitasmoan. Hamarnaka pasaitar horiek bat egin dute herri giroa musikaren bitartez indartzea asmo duen proiektuarekin.

Musika eskola herrikoiarena ez da hutsaletik sortutako egitasmoa. San Pedron erro sendokoa da herri musikaren inguruko mugimendua. Horren erakusle dira Tirri Tarra txaranga historikoa, baita Sorgiñarri txistulari taldea, San Pedroko trikiti taldea eta dultzaineroen taldea ere. Apenas 2.000 biztanle dituen barrutia izateko, ez dago gaizki: Libia traineruak banderak irabazi eta herrira ekarri dituen bakoitzean inoiz ere ez du txarangaren harrerarik falta izan.

Baina bi kezkari erantzuna eman nahi diote: musikarien belaunaldi berriak sortu nahi dituzte, eta herri giroa indartu. San Pedroko kultur mugimendu eta azpiegituren gainean egindako parte hartze prozesuan kokatzen da egitasmoa.

Igor Carballo da egitasmoaren bihotzetako bat. Zehaztu duenez, parte hartze prozesu bat egin dute Proisa kulturgunearen ordez —egoera txarrean zegoen, eta eraitsi behar izan zen— egin asmo den azpiegitura berriak zein ezaugarri izan beharko lituzkeen eztabaidatzeko, eta horri edukia emateko asmoaren barruan dago eskola sortzea. Espazioez, erabilerez eta kudeaketaz gain, mamia behar du kulturgune berriak: “Eraikin hori egin bitartean, teoria utzi, eta jarduerak abian jartzea erabaki genuen”. Gune berri horrek izango lukeen aktibitatea aurreratzen hasi dira, alegia. Horren adibide, musika eskolaz gain, haurren txokoa da: “San Pedron ez dago haurrentzako gune estalirik. Udalari eskatu, eta Erti egokitu da horretarako. Martxan dago negutik”. Udal Aretoa izango da ere musika eskola berritzailearen egoitza.

5 urtetik 65era

Deialdia egin, eta erantzuna paregabea. Musika eskola herrikoiak zentzurik ez luke ikaslerik gabe. Eta horien erantzuna aparta izan da: 60 pertsona hasiko dira Aste Santuaren ondoren musikan trebatzen, 5 urtetik 65 urtera artekoak. “Gehienak gazteak dira, baina erretiratuak ere animatu egin dira. Ondo, oso ondo. Pozik gaude”.

Irakasleak ere ez dira falta, hamabi daude orotara, denak ala denak musikaren munduan eskarmentukoak. Eta egutegia ere findua dute dagoeneko; batzarrak egin dituzte ordutegiak eta bestelako xehetasunak ezartzeko. Egoitzaren funtzionamendurako, ordea, hainbat atal lotu behar dituzte oraindik Pasaiako Udalarekin, Ertiko eraikina handia ez delako.

Abestiak erakustea da irakasleen asmoa: “Txaranga edo fanfarre batean ohikoak diren abestiak erakutsiko dizkiete irakasleek musikan trebatu nahi dutenei. Guk nahi duguna da ikasleek gaitasuna izan dezatela, jaietan adibidez, herrian txistu, trikiti, dultzaina taldeekin edo txarangarekin ateratzeko. Ez da musika eskola ofiziala. Tirri Tarra fanfarrea horrela sortu zen, batak besteari zekiena erakutsiz”.

Pozgarria litzatekeela, Igor Carballoren ustez, herri eskolaren bitartez musikan sakondu nahi duenak ohiko musika eskoletara joatea erabakitzea. Komunitatea sortu eta sendotzeko aukera da eskola, prestakuntzaren bidez, horrela herriko giroa eta adierazpideak indartuz.

[Herriz herri] Andoain: Proposatzen duen etxe bat »

Maite Alustiza

Berrozpe dorretxea, Urigain jauregia, San Martin Toursekoaren eliza, Izturitzagatorrea… Donejakue bidearen gidak proposamena egiten dio bisitariari, Andoainera iristen denean ingurua ezagut dezan. Herriaren aberastasuna, ordea, ez da eraikin historietara mugatzen. Biotopo babestu bat du Andoainek herriaren bueltan, Leitzaran ibarra, eta udalak horri eman nahi dio balioa, han dagoena erakutsi. Horretarako, Leitzaran Bisitarien Etxea martxan jarri du aste honetan —azaroaren 1era arte izango dute zabalik—. “Otietan kokatu nahi ditugu gehienbat Leitzaranen balioak. Jarduerak haranerantz egin badaitezke ere, herrirantz ere proiektatzea nahi dugu”. Hilario Dorronsoro udaleko Enplegu Saileko teknikaria da, eta Leitzaran ingurua ezagutzeko argibideak eman ditu. Hasteko: Otieta parkean dago bisitarien etxea, Unanibiko zubiaren ondoan.

Askotariko aukerak eskaintzen ditu etxeak, inguruak dituen baliabideak kontuan hartuta: “Ibaia dago batetik, Plazaolako bidea bestetik —bide berdea—, eta harana bera gero”. Dorronsorok dioenez, horiek aintzat hartuta egin ditu proposamenak bisitarien etxeak: mendi ibilbideak egin daitezke, eskalada, ibilbide tematikoak, uretako ekintzak —piraguismoa, rafting-a…—, bizikletak alokatzeko zerbitzua dago… “Senderismoa egin nahi duenarentzat, adibidez, Nafarroarako bideak aukerak ematen ditu, edo bidetik eratortzen diren bidezidorretatik. Bizikletaz ere egin daiteke”.

Ura interpretatzea

Uraren Interpretazio Zentroa ere jarri dute etxean: “Hor ikusten da zer-nolako garrantzia eta bilakaera duen ibaiak eta urak. Posible da, adibidez, ibaian zehar ibilbideak egitea hura interpretatzeko”. Era berean, eta urarekin lotuta, arrantza eskola dute alboan, hil gabeko arrantza egiteko gunea. “Arrantzak tradizioa du Andoainen, eta aintzat hartzeko jarduera bat da”. Oraingoz, aipatutako jarduerekin abiatu dute eskaintza, baina bestelako jarduerak martxan jartzea aztertuko dute aurrerantzean.

Jarduerak egin daitezen nahi dute, baina, betiere, Leitzaran bailara babestutako eremu bat dela ahaztu gabe: “Gu gauden kokaguneari koltxoi gunea esaten diogu. Leitzaranen balioan ikustea nahi dugu, baina ingurua asko errespetatuz. Guretzat oso inportantea da ez masifikatzea, baizik eta ondo arautzea eta zuzentzea”.

Norbere kasa joan nahi duenarentzat zabalik dute bisitarien etxea, eta taldeentzako jarduerak ere badituzte: “Partikular edo talde txikiei begira dago, familiei, talde antolatuei, eta agian prestakuntza ikastaroak emateko aukera ere ematen digu”. Udalarentzat hiru arlo dira garrantzitsuak: ludikoa, kirolarena eta ingurumenarena. Ildo horretan, Dorronsorok uste du pedagogikoki lan asko egin daitekeela: “Eskola umeak ere etxearen publiko dira. Horretarako, haiekin lan egingo dugu. Kontua da estrategikoki daukagun gune honekin ahalik eta aukera gehien ematea: ikastetxe bat Nafarroatik etortzen bada, Donostia hor dauka, baina hemen hau ere bai”.

Jarduera solteez gain, paketeak ere eskainiko dituzte. “Aprobetxatu nahi dugu gure gertutasuna Donostiarekin, eskaintza turistikoan osagarri bat izateko. Han itsasoa daukazu, eta gero barnealdean aukera daukazu esperientzia ezberdinak izateko. Bide berdeak errekonozimendu bat badauka, bai Euskadin, bai estatuan eta bai kanpoan; Frantzian, adibidez”.

Garraioa

Bisitarien etxera autoan iritsi nahi duenarentzat “aparkaleku potentea” dago Otieta parkean. “Bestela, herrian utz daiteke autoa, eta handik joan”. Gainontzean, garraio publikoarekin ere lotura egokia du, Jon Zulueta zinegotziak azaldu duenez: “Trenetik jaitsi, Martin Ugalde parkearen parean, eta hortik zuzenean bide berdera sartzen zara”. Gaineratu duenez, herrian daukaten Hiribus zerbitzua udan haraino iritsiko da, goizeko eta arratsaldeko joan-etorriekin. Informazio gehiagorako: Leitzaran.org.

Erretiroan, borroka bikoitza »

Erretiratuak dira, eta erretiroaz gozatzeko garaian zeudenean diagnostikatu diete minbizia, amiantoarekin edo bestelako gai toxikoekin lan egiteagatik. Borroka bikoitza daramate aurrera; heriotzaren kontra ari dira borrokan, baina baita milaka langile hil dituen sistemaren kontra ere - Irakurri gehiago...

Armiarma saretik bingo kantatzera »

Maite Alustiza

Borobil bat osatu dute zortzi lagunek. Eskuan hari mataza bat hartu du lehenak, eta honela hasi da jolasa: “Nire izena Zuriñe da. Zein da zure izena?”. Jarraian beste kide bati pasatu dio hari korapiloa: “Ni Itziar naiz. Zein da zure izena?”. Auzoko egitasmoan parte hartzeko bildu dira zortzi lagunak, astelehen arratsaldez, Tabakalerako laugarren solairuan. Lide Lopetegi egitasmoaren dinamizatzaileak argi azaldu du hasieratik: “Hau ez da euskara klase bat, lagun arteko saio bat baizik”. Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu du ekintza Bagera Donostiako euskaltzaleen elkarteak.

Armiarma sare itxurako bat osatuz doaz pixkanaka. “Ni Camelia naiz. Zein da zure izena?”. Errumaniarra da jaiotzez, baina badaramatza bi urte Donostian bizitzen. Tabakaleratik pasatzen ari zela, jarduera ikusi eta parte hartzera animatu da. “Nire izena Timo da. Zein da zure izena?”. Antzuolatik datorren senegaldarra lehen pausoak egiten ari da euskararekin: “Gustatzen zait hizkuntzak ikastea, eta baita beste kulturen berri izatea ere”. “Nire izena Asun da. Zein da zure izena?”. Eta albokoak erantzun: “Nire izena Maite da”. Ahizpak dira biak, donostiarrak, eta urtebete inguru daramate euskara ikasten. Aurretik ezagutzen zuten Bagera, eta, “pixkanaka”, gero eta erosoago dabiltza.

Herritarrak euskarara hurbiltzeko egitasmoa da Auzoko, eta Lopetegik azaldu duenez, bi alde ditu: auzotarrak eta auzokideak. “Auzotarrek euskara ondo menperatzen dute, eta auzokideei laguntzen diete; bestetik, auzokideak daude, euskarara hurbildu nahi duten pertsonak”. Hurbilketa hori jolasaren bidez egiten dute, gehienbat hitzak landuz. “Euskara praktikatzeko tokia da, eta guk nahi dugu kapazak izan daitezen gutxienez beren burua aurkezteko, oinarrizko hiztegia lantzeko, jende guztiak aukera izan dezan bertako hizkuntzarekin harremanetan jartzeko”.

Bakoitzaren izena esan ondoren, jatorriaz eta bizilekuaz aritu dira borobilean. Gorputz atalak ikasteko fitxekin aritu dira jarraian, baita marrazkiak egiten eta kartekin bikoteak osatzen ere. Bingoan aritu dira gero: “Frutak ikusiko ditugu orain. Hau udarea da. Zer da hau, Zuriñe?”, esan dio Lopetegik kideari. Zalantzak sortu zaizkie gereziak eta platanoak atera direnean. “Gereziak da edo gereziak dira?”. Berdin pasatu zaie domino jokoan, zenbakiak aldameneko lagunari esaterakoan: “Bi edo bi, edo bi eta bi?”. Bi kasuetan, batzuek besteei lagundu diete zalantzak argitzen, eta, hain justu, truke horri eman dio balioa Lopetegik: “Aberasgarria da auzokide eta auzotarrek elkar laguntzea. Auzokideentzat ona da, euskarara hurbiltzen direlako eta bertako jendearekin harremanetan jartzen direlako; auzotarrak, berriz, beste errealitate baten jabe egiten dira”. Gaineratu duenez, hizkuntzarekin harremanetan jartzean, “modu batean edo bestean” kulturarekin edo tokiarekin ere harremanetan jartzen dira.

Saioaren bukaeran, ikasitakoaz galdetu die kazetariak parte hartzaileei. “Frutak ikasi ditugu, hiztegiari lotutako gauzak…” Baina, jolastearekin batera, arratsalde pasa ona egin dutela diote denek: “Barre asko egin dugu, ondo pasatu dugu”. Tabakaleratik ateratzerakoan ere, euskaraz komunikatzen jarraitzeko aukera eskura jarri die Auzokok: mahai gainean dituzte poltsikoan eraman daitezkeen hiztegiak. Euskaltzaleen Topaguneak egin ditu, eta oinarrizko hitzak dauzka, beste hizkuntza batetik euskararako itzulpenarekin: lekuak, asteko egunak, hilabeteak, koloreak, urtaroak…

Asteleheneko saiotik aparte, Donostian astero elkartzen da taldetxo bat Auzoko egitasmoaren barruan. “Oso ondo funtzionatzen du”. Auzotar zein auzokide, jatorri askotariko lagunak biltzen dira: “Izan daitezke Euskal Herrikoak baina ez dutenak euskaraz hitz egiteko aukerarik izan, edo izan dutenak, edo Kamerungoak, Senegalgoak, kolonbiarrak… Oso polita da denen artean sortzen den harreman hori”.

Donostian ez ezik, Gipuzkoako herri ugaritan ere badago edo egon da martxan Auzoko: Eskoriatzan, Bergaran, Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Ibarran, Oñatin…Herriko taldeetan bat egin nahi duen guztia animatu dute: “Denentzat irekita dago”.

Euskara, batzeko tresna

2011tik ari da Bagera elkartea Auzoko egitasmoan lanean, Topagunearen babesarekin. Ez da, ordea, euskararen normalizazioaren eta hizkuntza aniztasunaren alde martxan duen proiektu bakarra. Bide horretan, Topagunearen hiztegiek beste bide bat hartuko dute aurki, Bagera-ren eta Donostia 2016ren eskutik: hiztegi makina bat sortuko dute. Dagoeneko lanean ari da hamar bat laguneko talde bat Tabakaleran, hiztegiak inprimatuko dituen makina sortzen. Hiztegiaren hizkuntzak aukeratu, eta momentuan bertan inprimatuko du makinak. Udaberrian Donostian instalatuko dute, handik pasatzen den edonork hiztegiak eskura ditzan.

Era berean, turistentzako hiztegi txiki bat sortzen ere lagundu du Bagera-k, udalarekin elkarlanean. 80.000 ale banatuko dituzte hiriko hainbat gunetan, zortzi hizkuntzatan: euskara, gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera eta alemana. Euskararen inguruko hainbat datu ere biltzen ditu: besteak beste, historia, egoera eta hiztun kopurua.

[Herriz herri] Amezketa: Haurrek plaza hartuko dute »

Imanol Garcia Landa

Udalgintza egituratzen duen araua da plan orokorra, eta Amezketak aurki helduko dio araua berritzeko prozesuari. “Legealdi honetan onartu nahi dugu plan orokor berria”, azaldu du Iñaki Amundarain alkateak. Aurreko plan orokorra 2006koa zen, eta, besteak beste, ehun etxebizitza egiteko aukera onartu zen planean, baina ez dute ezer eraiki, krisi ekonomikoaren eraginez eskaera jaitsi delako. Sustatzaileak hiru alditan saiatu dira aurrera ateratzen proiekturen bat, baina azkenean ez da gauzatu. Plan orokorra berritzeari ekiten diotenean ikusi beharko dute etxebizitzen gaiaren inguruan zer erabaki hartu. Gai horren inguruan, orain urte gutxi egindako azterketa batek emandako emaitza gogora ekarri du Amundarainek: “Ehun etxebizitza huts daude herrian, eta udaletik ere zabalik gaude horien alokairua bultzatzeko”.

Plan orokor berrian bi gai aztertuko dituzte. Batetik, egun txabolak egiteko dagoen debekua. “Amezketan landa eremuak garrantzia handia du, eta txabolak egiteko kontua mahai gainean jartzeko asmoa dago”. Bestetik, Ugarte auzoan 50 ibilgailuentzat aparkalekua egiteko proiektua plan orokorrean txertatzea ere aurreikusi dute. Hil honetako osoko bilkuran plan orokorraren baldintzak onartzeko asmoa du udalak, horrela prozesua abian jartzeko. Prozesu horretan herritarren parte hartzeak bere lekua izango du.

Leku berria haur eskolari

Hainbat proiektu ditu Amezketako Udalak esku artean. Horietako batek Ugarte auzoarekin du zerikusia. Amezketatik Alegiara doan bidearen ondoan dago auzoa, eta hango haurrek autobusa hartzeko errepidea gurutzatu behar dute. Puntu horretan semaforoak jartzea aurreikusten dute, errepidea gurutzatzerakoan segurtasuna bermatzeko. Udalak irtenbide horren eskaria aspaldi egina dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, erakunde horren ardura baita errepidea. Posible da proiektuari aurten ekitea.

Beste proiektu garrantzitsu bat herriko haur eskolaren lekualdatzea da. “Gaur egungoak irisgarritasun txarra du. Lehen solairuan dago eta eskaileren bitartez igo behar da”, zehaztu du Amundarainek. “Guraso batzuek igogailua jartzea ere proposatu izan dute, baina azkenean ikusi dugu irtenbide egokiena herriko plazan dagoen erabilera anitzeko lokalera lekualdatzea dela”. Alkateak gaineratu duenez, oraingo lekuarekin kanpora ateratzea zailagoa da, lehen solairuan egonik. Lekuz aldatzerakoan, eta plazan dagoenez, aukera gehiago izango dituzte kanpora ateratzeko.

Erretirodunek eta gimnastika ikastarorako erabili ohi dute lokala egun. Diputazioak ondo ikusi du egitasmoa, eta Europako Leader izeneko diru laguntzak erabiliko dituzte proiektua gauzatzeko. Aurrekontuaren %53a ordainduko litzateke laguntza horiekin.

Udalak hil honetako osoko bilkuran onartu nahi du lekualdatzearen proiektua. “Asmoa da irailerako obrak bukatuta egotea, hau da, ikasturte berria hasten denerako”. Haur eskola berrian 0 eta 2 urte bitarteko hamabost haurrentzako lekua izango da.

Baserri bideen garrantzia

Aurtengo udal aurrekontua onartuta dute Amezketan, eta inbertsioetako atal nagusiena da haur eskolaren leku aldatzea. Beste atal nagusietako bat baserri bideen konponketa da. “Baserri bideak berritzeko kopurua handitu dugu aurten”. Zehazki, 60.000 euro bideratzea aurreikusten dute. “Beharra ere handia dugu, eta baserri bideen kilometro asko daude. Dirudienez, aldundiak arlo honetan diru laguntza linea bat atera nahi du, Gipuzkoa osoan arazo berdina baitago”.

Hil honetan, eguraldia hobetzen denean, bide batean brea jartzeko asmoa du udalak. “Proiektua onartuta dugu, 30.000 euroko aurrekontua du, eta erdia Tolomendi elkartearen diru laguntzekin ordainduko dugu”. Azalera handia du Amezketak, baserri ugari daude, eta horregatik gai garrantzitsua da herriarentzat baserri bideen konponketa. “Asmoa da urtero diru kopuru bat jarri eta gai hori bideratzea”. Beste proiektu bat herrigunea oinezkoentzat jartzeko egitasmoarekin jarraitzea izango da. Abaltzisketara joateko bidegurutzetik hasi eta plazarako bidean egingo dute aldaketa, aurretik egindakoarekin lotuz.

Kulturari begiratuz, aipagarria da aurreko bi urteetan izandako ekitaldi jarioa. 2014an Pernando Amezketarra jaio zela 250 urte bete ziren, eta iaz, Amezketak udalerri izendapena jaso izanaren 400. urteurrena ospatu zuen.

Batez ere mugitua izan zen Pernando Amezketarrari lotutako urtea. Hain justu, Fernandoren Urtea izena jarri zioten egitasmo osoari. “Hasi urtarriletik eta abendura arte ekitaldi asko antolatu genituen”. Ibilbide bat ere egina gelditu da, panel batzuekin, Amezketarrarekin lotura izan zuten lekuetan. “Udalaren aldetik balantze oso ona egiten dugu, eta herritarren aldetik ere inpresio hori jaso dugu. Esfortzu handia egin zen egitarau zabala antolatzeko”.

Akainaren hozkadak gaixotuta »

Asier Perez-Karkamo

Iazko ekainaren 22an bizitzako kolpe handienetakoa jaso zuen Aintzane Fernandez Dorronsorok (Hondarribia, 1979). Egun horretan jakin zuen Lyme gaixotasun arraroa zuela

Irakurtzeko eskubidea »

Asier Zaldua

Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek… Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.

Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.

Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.

Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. “Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu…”.

Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. “Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean”.

Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: “Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu”.

Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.

Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.

Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan…

2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.

[Herriz herri] Altzo: Eginkizun faltarik ez dute »

Imanol Garcia Landa

Mahai gainean hainbat egitasmo ditu Altzoko Udalak, bai martxan jarritakoak, eta baita aurki abian jartzekoak ere. Euskararen arnasguneetako bat da Altzo, eta bide horretan jarraitzeko, euskara ikasteko helduen talde bat jarri dute martxan ikasturte honetan. Horrekin batera, mintzalaguna egitasmoa ere abian jarri dute, hainbat herritarren konpromisoarekin. “Aurrera begira hori finkatu eta indartzen joan nahi dugu”, esan du Joseba Elduaien alkateak.

Hondakinen gaiari dagokionez, bide onetik doazela dio alkateak. “Etxez etxeko erronda bat egin da, azaltzeko berriro nola sailkatu behar ziren hondakinak, zalantzak argitu, eta kezkak elkarbanatzeko. Egun, gaikako bilketaren portzentaia oso altua dugu. Organikoa herrian bertan kudeatzen dugu dena. Horregatik, birziklatzen dugunaren datu erreala jakitea zaila da, organikoa ez baita jasotzen. Konpostari dagokionez, hobeto nola txikitu dezakegun aztertzen ari gara”.

Zenbait obra bideratu dituzte herrian legealdi honetan, tartean udaletxe azpiko lokala berritzea. “Eguraldi txarra egiten duenean eta asteburuetan asko erabiltzen da. Zaharkituta zegoen, eta hori berritu dugu”. Hamabi urte inguru arteko haur eta gaztetxoek erabiltzen dute lokala. Beste bi lokal ere badaude gazteek erabiltzen dituztenak. Eskola azpian dagoen lokal bat 12 eta 16 urte bitartekoek erabiltzen dute: “Beraiek kudeatzen dute, laguntza pixka batekin”. Eta 16 urtetik gorakoek orain gutxi gaztetxea sortu dute, udalak utzitako beste lokal batean.

Otsabiope gaztetxea hango kideek autogestionatzen dute. “Lokala uzterakoan eskatu zitzaien bakarra izan zen urtero ekitaldi batzuk antolatzeko konpromisoa hartzea”. Elduaienek azaldu duenez, oso positiboa da gaztetxe bat sortu izana: “Badakigu etorkizuna herri batentzako gazteak direla. Eta ikusten da giro ona dutela. Oso pozik gaude martxan jarri delako”.

Egindako beste egitasmo batek udaletxe azpian jarritako desfibriladorearekin zerikusia du. Lehen sorospenen inguruko bi ikastaro egin dituzte, eta 35 herritarrek parte hartu dute. Udalaren asmoa da urtero ikastaroak errepikatzea.

Aurrera begira

Mahai gainean ere baditu udalak aurki martxan jarriko diren egitasmoak. Horietako batek kaolin meategiekin zerikusia du. Papergintzarako ateratzen zuten bertatik kaolina, eta orain dela hamarkada batzuk itxi ziren. “Azalera handia hartzen dute meategi horiek. Hasieran behe aldera hasi ziren zuloa egiten, baina gero pixkana lur azalera joan ziren, eta horrek arriskua sortu zuen”. Alkatearen arabera, zuloak egiterakoan zutabeak jartzen zituzten, ez hondoratzeko, baina urak pixkana zutabeak higatu ditu, eta hondoratzeak izan dira. “Bere garaian bi baserri jan zituen. Zulo handi bat dago eta horri irtenbidea eman nahi diogu”.

Zuloa dagoen lursailak pribatuak dira, eta horrek esku hartzea zailtzen du. “Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egin ditugu gaiari heltzeko, eta irtenbidea modu ordenatuan emateko akordio batera iritsi gara”, zehaztu du alkateak. “Zuloa sortu zen lursaileko jabeekin akordioa lotzen ari gara, eta udalak hektarea bat erosiko du. Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, hektarea horren berreskuratzea lantzeko. Aurreneko pausoa ematen ari gara meategien arazoari irtenbidea emateko”.

Bestalde, Batzarremuño eraikinean zenbait berrikuntza egiteko asmoa du udalak. Hain justu, han dagoen erabilera anitzeko gela handi bat hornitu nahi dute: proiektorea, bozgorailuak, taulatua… Beste berrikuntza batzuk Elordi elkartearen ondoan dagoen zelaian egin nahi dituzte. “Iturri bat jarri, mahai eta eserleku batzuk, argiteria indartu…”.

Ur ustiapena hizpide

Aurki landuko duten beste gai garrantzitsu bat ur ustiapenarena da. Egun herriak Ur Partzuergoarekin zerbitzu integrala kontratatuta du. “Orain hamar urte sinatu zen hitzarmena, eta aurten bukatzen da. Gure asmoa da gai honen inguruan informatzea. Ur Partzuergoko zuzendaria etorriko da Altzora azalpenak ematera. Horretarako batzarrak antolatuko ditugu, gai honen inguruko eztabaida egiteko eta denon artean erabakitzeko aurrera begira zer egingo dugun”.

Beste gai bat garraio publikoarena da. Tolosaldean herri txikientzat eskaripeko zerbitzua jarri zuten iaz, eta Altzo da zerbitzua gehien erabiltzen duen herria. “Ikusten dugu sistema horri oraindik eta etekin handiago atera diezaiokegula. Harremanetan gaude aldundiarekin ordutegian zenbait aldaketa egiteko, eta geltokiak izango direnetan egokitzapen batzuk egiteko”. Elduaienek esan duenez, helburua da ahalik eta auto gutxien erabiltzea. Gaiarekin lotuta, eskolarekin batera kontzientziazio kanpaina bat egingo dute udaberrian. Bestalde, bidegorri bat margotuko dute plazatik eskolaraino.

Uda aurretik martxan jarri nahi dute Altzoko Erraldoiari buruzko egitasmo bat. “Laguntza eskaera egin genuen turismoa bultzatzeko. Ezezkoa eman digute, baina gutxieneko bat egin behar dela uste dugu”, dio alkateak. Erraldoiari buruz informazio panelak jartzea aurreikusten dute plazan, frontoian eta Altzo Azpin.

Era berean, herriko webgunea berritzen ari dira, eta berrikuntzen artean Elduaienek bat nabarmendu du: “Nekazarien txokoa jarri nahi dugu. Helburua da herrian norbaitek zerbait eskaintzeko badu, horren berri ematea. Horretarako Arrima elkartearekin jarri gara harremanetan”.

“Nik ez dut lanik egin eta…” »

Emakumeek frankismo garaian egindako lana —ordaindutakoa zein ordaindu gabea— itzalpetik atera nahi du ‘Ilunpetik argitara’ lanak. Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak emandako bekarekin eginiko ikerketak 19 emakumeren testigantzak eta dozenaka argazki biltzen ditu. - Irakurri gehiago...

Gorde egin dute kaskoa »

Julene Frantzesena

Eusko Jaurlaritza osatzen ari den suhiltzaileen lege proiektua hautsak harrotzen ari den honetan, hainbat suhiltzaile boluntariori harrera egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean. Urolako (Azpeitia), Goierriko (Ordizia) eta Korostiko (Legazpi) parkeetako hogei bat boluntario izan ziren omenaldian, eta egindako lana eskertu zien aldundiak. Izan ere, aurrerantzean ez da suhiltzaile boluntariorik izango parke horietan. Gipuzkoako Foru aldundia pausoak ematen ari da Suak Saihesteko eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Foru Zerbitzua osatzeko, eta bide horretan hartu du erabakia.

Suhiltzaile kaskoak kendu dituzten dozenaka gipuzkoarretako bi dira Iñaki Etxezarreta (Matxinbenta, Beasain, 1948) eta Iñigo Iriondo (Urrestilla, Azpeitia, 1962). Biak Azpeitiko suhiltzaile parkean aritu dira urteetan lanean. Etxezarreta 1991. urtean hasi zen boluntario lanean; urte batzuetara batu zen taldera Iriondo, 1995ean. Orotara, 25 eta 21 urte egin dituzte suhiltzaile lanean, hurrenez hurren. Urte horietan guztietan, lantaldeak ez ezik, lan egiteko moduak ere bilakaera izan duela diote biek: “36 boluntario izatera iritsi ginen, eta 13 izan gara azken urteetan. Hasieran, etxeetako eta basoetako suteez eta lokaletatik ura ateratzeaz soilik arduratzen ginen, eta, gerora, istripuetara-eta bertaratu behar izaten genuen. Profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen”.

Casto Orbegozo Enbil alkate zela sortu zuen Azpeitiko Udalak suhiltzaile boluntarioen taldea, 1922an. Etxezarretak dioenez, orduan “bitarteko askorik ez”, eta “ahal zen moduan” ibiltzen omen ziren. Urteek aurrera egin ahala, osatzen joan zen suhiltzaileen taldea, eta, 1983an, hitzarmena sinatu zuten udalak eta aldundiak. Akordio haren arabera, Azpeitiko suhiltzaileek Urola erdialdean lan egin beharko zuten aurrerantzean, eta udalak materiala ekarri beharko zien behar bezala lan egiteko.

Done Jakue kalean urteak igaro ostean, Azpeitiko Urola kaleko seigarren zenbakian izan zuten suhiltzaileek parkea egin bitarteko bilgunea. “1996an, berriz, istripuak eta suhiltzaile profesionalek egiten zituzten lanak egiten hasi ginen. Gainera, kamioi berriekin hasi ginen lanean, praktikak-eta egin ondoren”, gogoratu du Etxezarretak. Iriondok dioenez, 2001a bitartean suhiltzaile boluntarioak soilik ziren Azpeitian. “Donostian, Zarautzen eta Irunen, adibidez, profesionalak ere baziren ordurako. Hala, 36 suhiltzaile boluntario aritu ginen urte haietan. 2001ean egin zen eskualdeko suhiltzaile parkea, Arria auzoan. Orduan hasi ginen profesionalak eta boluntarioak elkarrekin lanean”.

Orotariko aldaketak

Hainbat aldaketa eragin zituen suhiltzaile parke berria egiteak; hala nola lan taldea eta lan egiteko modua aldatu ziren. “Gertaeren aurrean, berdin-berdin jokatzen genuen profesionalek eta boluntarioek, baina, boluntario aritzen ginenok beste lanbide batzuk genituenez, taldeka eta asteka antolatzen ginen. Lauzpabost boluntariok urte osoa pasatzen zuten bilagailuarekin, eta asteka txandatzen zuten besteek”, azaldu du Iriondok. Azken urteetan gauzak aldatu egin direla dio Etxezarretak, eta boluntarioak “babesa” izan dira profesionalentzat: “Deia edo mezua jaso, eta denok parkera joaten ginen, baina, normalean, profesionalak lehenago iristen ziren gertaeraren tokira. Azken urteetan, profesionalen laguntzaile izan gara, eta irteera gutxi egin ditugu. Dena den, sute handi bat gertatutakoan, guri deitzen ziguten laguntzeko. Orain suhiltzaile parke asko dago inguruan, eta, Azpeitian sutea gertatzen bada, berehala hemen dira Zarauzko edo Tolosako suhiltzaileak; izan ere, oraingo errepideak ez dira lehengoak, eta garraioa eta materiala hobetu egin dira”.

Espero zen erabakia

Gerta zitekeen kezka zuten, eta Imanol Lasa aldundiko bozeramaileak deitu zien erabakiaren berri emateko. “Azaldu zigun zergatia, eta harrituta gelditu ginen, baina tira. Finean, parkeak, bitartekoak, suhiltzaile profesionalak, mendikoak… arrazionalizatu egin nahi ditu aldundiak. Panorama horrekin aurkitu gara, eta gu izan gara ondorioak jasaten aurrenak”, diote aldundiak boluntarioen figura desegiteko hartutako erabakiaz.

Halaber, Etxezarretak esan du ez daudela ados Azpeitiko Udalak eurekin izan duen jokabidearekin: “Ez digu kasurik egin; gutun bat soilik bidali digute. Ez dakit ahaztua zuten suhiltzaile boluntarioak bazirela herrian edo zer. Bere garaian, diputazioaren esku gelditu zen suhiltzaileen kontua, baina… Bazegoen kontu honi irteera ematea, eta prebentzioaren gaia lantzea, adibidez. Azpeitian oso gutxi landu da gaia, eta suhiltzaile boluntarioek egin zezaketen hori. Udalak gurekin elkartu eta gaiaz hitz egin behar zuen”.

Kaskoa kenduta

Kaskoa kendu badute ere, harekin itzuli ziren etxera aldundiko harreratik. “Etapa bat bukatu da, baina kaskoa gurekin daramagu, lehendik zituen kolpeekin-eta. Aurrerantzean, deituz gero, kaskoa jantzi eta joan egin behar al dugu?”, diote, barre artean. Urte hauetan guztietan izan dute anekdota eta pasadizorik: “Kamioi zahar-zahar batean abiatu ginen behin Beizamara, baserri bat erretzen ari zela-eta. Noizko ailegatu… Iritsi eta belarriak tapatu behar izan genituen: hori da maldizio pila. Azkar erantzun behar zaio suari, eta nahia eta ezina sartzen zaizkizu gu bezala kamioian ttirriki-ttarraka makal-makal zoazenean. Egun hura ez dut sekula ahaztuko”, dio Etxezarretak.

Beste behin, Oranda aldean “estutasun ederra” pasatu zutela dio Iriondok: “Mendian sua piztu zen, eta hara joan ginen. Kamioiko ura gastatu zitzaigun, eta sua genuen goitik eta behetik. Inguratu egin gintuen, eta ezin genuen alde egin. Haizea aldatu zen halako batean, eta azkar alde egin genuen handik”.

“Une gogor asko” pasatu badituzte ere, oso esperientzia aberatsa izan dela dio Iriondok: “Taldean gustura ibili naiz. Ederra da suhiltzaile izatea, baina arriskua du. Aro bat bukatu da; gure eskuetan zegoena egin dugu. Mundiala izan da esperientzia, eta berriz ere errepikatuko genuke”.