Belaunaldiz belaunaldi, odolean musika nagusi

Ezkontzea eta jendaurrean abesteari uztea, biak bat izan ziren Unai Hirukoa musika taldeko Arantxa Frantzesenarentzat (Azpeitia, 1947): "Horren pena dut; agian ez genuen ezer gehiago egingo, baina orduan emakume batek ez zuen halakoetan jarraitzea pentsatu ere egiten ezkontzen zenean. Ingurukoek animatu izan banindute, agian...". Hala ere, abesteari ez dio inoiz utzi: "Etxean gelditu arren, alabak hazten oso ondo pasatu dut, eta beti jarraitu dut kantatzen". Musikari familia batekoa da, izan ere: Jose Luis Frantzesena anaia, adibidez, organo jotzailea da, eta Azpeitiko Musika Bandako zuzendaria izan da urte askoan; haren seme Unai da bandako zuzendari berria, baita Ze Esatek! taldeko kidea ere; gainera, Egan taldeko Xabier Saldias lehengusua du. Senarrak ere abestu egiten du, eta, beraz, ez da harritzekoa alaba gazteena ere abeslaria izatea: diskoa kaleratu berri duen Miren Fernandez, alegia. Etxean "lau ahotsetan" abesten dute sarri, eta Gabon hauetan ere ez da zuzeneko emanaldirik faltako haienean: "Familian denok gara musikariak; abesten ez duenak instrumenturen bat jotzen du", dio, munduko gauzarik normalena balitz bezala.

Azpeitiko Antxieta abesbatzan hasi zen kantuan Frantzesena, Joxe Mari Altuna zuzendariak gidaturik: "Noizbehinka, kafea hartu bitartean abesten aritzen ginen gitarrekin, eta egun batean esan zuen hirukote bat egin behar genuela. Maria Jesus Arregi, nire lehengusu Olatz Saldias eta hirurok hasi ginen". 1966ko Santiago bezperan abestu zuten Azpeitian: "Ez genuen pentsatu Unai Hirukoak jarraitu egingo zuenik; modu naturalean prestatu genuen emanaldia, eta aldi hartarako bakarrik izango zela uste genuen". Abestu zituzten kantuak ere gogoan ditu: Maitetxu itsasoan dago eta Pozik jakingo nuke, besteak beste. Saldiasek lehen kontzertu hartan bakarrik hartu zuen parte; ikasketengatik taldea utzi, eta haren lekukoa Mari Karmen Otaegik hartu zuen.

Aurreneko emanaldi hartatik, beste asko etorri ziren gero: "Eibarko abeslari batek entzun gintuen; gustatu, eta hurrengo emanaldia lotu zigun, Bergarako Ainhoa dantzalekuan". Ondoren, Eibarren abestu zuten; "herriz herri ibili ginen gero". Gipuzkoako herri ia guztietan abestutakoak dira azpeitiarrak, Benito Lertxundiren moduko abeslariekin batera, eta baita garai hartako beste hainbat talderekin ere. Hirurek abesten zuten, eta hasieran Frantzesenak hartu zuen gitarra jotzeko ardura. Gero, Arregik ere bai.

Etxean dirurik ez, eta gitarra jotzen lagun baten instrumentuarekin ikasi behar izan zuen Frantzesenak: "Gure etxean giro alaia egoten zen, baina diruz larri ibiltzen ginen, eta lagun batek utzitako gitarrarekin erakutsi behar izan nien banekiela gitarra jotzen. Orduan erosi ahal izan nuen bat. 700 pezeta balio zuela oroitzen naiz, eta gure amarentzat ez zela ni baino gitarra jotzaile hoberik!".

"Pozik jakingo nuke dugu abestirik arrakastatsuena", hala oroitzen du azpeitiarrak. "Gaztelaniaz zegoen jatorriz kantu hura; Luis Iriondok euskaratu zigun, gainerako abesti guztiak bezala". Frantzesenak gogoratzen du garai hartan gaztelaniatik euskaratutakoak zirela abesti gehienak. Arrakasta handiena zuten abestiak aukeratu, euskaratu, eta haiek taularatzen zituen Unai Hirukoak.

Saria eta diskoa besapean

Hiru urtez ibili ziren astebururo batetik bestera, herriak beren doinuekin alaitzen: "Oso urte politak izan ziren. Ez genuen dirurik jasotzen, beti zerbaiten alde kantatzen baikenuen, baina egunpasa ederrak egin genituen, eta abestuz asko gozatu genuen". Denbora horretan, diskoak eta txapelketak ere iritsi ziren; taldea desagertu ondoren, gainera. 1971n Euskal Herrian egin zen kantu txapelketa batean ahotsak egiten aritu ziren, Migel Mari Azpiazuren laguntzaz. Hark animatu zituen kantu batzuk prestatu eta Espainiako kantu txapelketa batean parte hartzera: irabazi egin zuten, eta txapelketako abestiak disko batean grabatu zituzten. 1972an, bi taldekide ezkondu ziren, eta bertan behera utzi zuten guztia. Hala ere, abestiak grabatzeko gogoa bazuten oraindik, eta 1977an egin zuten hori, Iriondo eta Azpiazu lagun hartuta. Gudu eta amodio kantak diskoa grabatzera Madrilera joan ziren; Frantzesena, "20 eguneko alabatxoa etxean utzita". Hala ere, esperientzia "izugarria" izan zen. Mundu hura atzean utzi zuen, baina kantuan jarraitzen du: Zarautzen bizi denez, bertako parrokiako abesbatzan aritzen da, eta, noizbehinka, baita Miren alabarekin ere, jendaurrean.