Dena prest dute Gpuntuko finalarekin gozarazi eta gozatzeko

Iritsi da azken geltokira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta, beraz, dena prest da igandean, 16:30etik aurrera Donostiako Illunbe zezen plazan jokatuko den finalerako. Taularen gainean izango dira Unai Agirre, Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Jon Martin, Alaia Martin, Agin Rezola eta Aitor Sarriegi.

Orotara, 76 bertsolarik hasi zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bidea, eta zortzi ailegatu dira finalera. Helmugan, ordea, bakarrak jantziko du txapela; Laxaro Azkuneren eskutik jaso ere.

Illunbeko saioa, finala bera, eraberritu egin dute aurten. Sei puntuko motzean kantatu beharko dute lehenik finalistek. Ondoren, beste lau ariketa osatuko dituzte —bi bikoteka eta bi banaka—, orotara, hamabosna bertso egin arte.

Buruz burukora heltzen diren bi finalistek beste 11 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, eta azken txanpa horretan ere berritasunekin egingo dute topo. Lehenik librean puntukako ariketa egin beharko dute eta ondoren, ikus-entzunezko baten bidez proposaturiko kartzelakoari erantzun beharko diote.

15:00etan zabalduko dituzte Illunbeko ateak, eta 9.600 pertsona inguru biltzea espero dute antolatzaileek.