Ikastetxeetan zein herrietan bertsolaritza eskolak sustatzeko eta bat-bateko taldeak sortzeko helburuarekin, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eskolak ematen ditu bertsolaritza transmisioa sendotzeko. Gipuzkoan, esaterako, 125 ikastetxetara iritsi da ikasturte honetan ekimena. Hartara, Haur Hezkuntzatik DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bitarteko 9.394 ikasle ari dira irailetik bertsolaritzaren munduan sartzen, eta sakontzen.
Euskal Herri osoko ekimena da Bertsozale Elkartearena. Hala, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere beste 260 ikastetxetara zabaldu dute egitasmoa. Horri esker, denera, 20.270 ikaslek izango dute hartu-emana 2011-2012 ikasturtean bertsolaritzarekin —aurrekoan baino 2.828 gehiagok—, eta hori guztia garatzeko Bertsozale Elkarteak 36 bertsolaritza irakasle jarri ditu. “Poztekoa da bertsolaritzaren transmisioa urtetik urtera eremu berriak irabazten ari dela ikustea”, esan du elkarteak.
Bertsolaritza eskolak emateko propio sortutako materiala badute. Hala ere, aurten, bertsolaritza irakasleen lana hobetzeko bidean indar berezia jarriko dute, eta horretarako formazio saioak prestatu dituzte. Haur eta gaztetxoek bi urtez jasotzen dituzte bertsolaritza eskolak.
Aldi berean, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ikastetxeekin elkarlanean prestatzeko eta aberasteko hausnarketa prozesua abian jartzeko konpromisoa hartu du elkarteak aurten. Izan ere, urte osoan egindako lanaren emaitza izaten baita txapelketa hori, ikastetxeetan egiten dituzten saioekin batera.
Gipuzkoako ikastetxe berriak
Bertsozale Elkarteak jakinarazi du Gipuzkoako hainbat ikastetxek bat egin dutela lehenengoz aurten bertsolaritzaren transmisiorako egitasmoarekin. Legazpiko Haztegi; Errenteriako Koldo Mitxelena eta Langaitz; eta Donostiako Nuestra Señora de Aranzazu, Santa Teresa eta Jakintza dira ikastetxe horiek.
Bide horretan, Errenterian egiten ari diren lana nabarmendu dute Bertsozale Elkartekoek. “Errenteria aurreko ikasturtean sartu zen proiektuan. Cristobal Gamon ikastetxeak apustu irmoa egin zuen eta berak ekin zion bideari. Aurten bi ikastetxe gehiago daude. Horrez gain, sinatu berri den hitzarmenari esker, Errenteriako Udalaren laguntza jaso du proiektuak”.
Era berean, Legazpiko herriak lehen aldiz egitasmoarekin bat egin duela azaldu dute, “oraingoz, Haztegi ikastolaren eskutik”.