Lurraldeko bizilagun asko eta askorentzat ezaguna da Donostiako Gipuzkoa plaza. Autobus geltokia batzuentzat, zisneen parkea besteentzat eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregia dagoen plaza askorentzat. Eraikin horren barruko aldea, ordea, Gipuzkoako gobernuaren egoitza izanik ere, ezezaguna da gipuzkoar gehienentzat, nahiz eta bertan izan den azkeneko 126 urteetan.
Jose Goikoa arkitektoak diseinatu zuen fatxada bakarra duten hiru eraikinen multzoa. Lanak 1885ean amaitu zituzten, eta urte hartan bertan suak suntsitu zuen barrualde osoa. Ezbeharraren ondoren, eraikinaren kanpo hormak eta zimenduak besterik ez zen onik gelditu, eta bost urte behar izan zituzten berriro erabilgarri izateko.
Espainiako Ogasunaren egoitza zein Gobernu Zibila bazterretan, eta garaiko aldundiaren egoitza, erdialdean. Horixe izan zen hasierako erabiltzaileen kokapena; baina 1948. urtean, hainbat aldaketaren ondoren, Gipuzkoako gobernua hasi zen hiru zatiak erabiltzen.
Kanpotik harrigarria bada, barrutik are gehiago; batez ere, solairu noblea izenekoa. Besteren artean, Elias Salaberria eta Jorge Oteizaren lanek apaintzen dituzten XIX. mendearen kutsua mantentzen duten gelak.
Hala eta guztiz ere, eraikin bizia da. Itxurak kontrakoa iradokitzen duen arren, politikarien bulego dotoreak teknikarien lan eremuak bezain erabilgarriak dira. Jauregi itxura duen egoitzan barrena ibiltzean, garaiekin bateratzea eta tradizioaren gordetzea ikus daitezke. Hala gertatzen da, besteak beste, aspaldian erabakitako erlijio zeinuen desagertzean eta argiak, beirateetan irazita, korridoreak betetzen dituenean.