Uholdeen eraginez, udalen gastuek gora egin dute

Bestela ere nahiko zaila bazen udal askorentzat 2011ko gastuei aurre egitea, duela hilabete gertatutako uholdeen ondorioz, askorentzat ezinezkoa izango da. Ibaiek Gipuzkoako hainbat lekutan egin zuten gainezka, eta kalte material handiak eragin zituen, bereziki Urumea eta Oria ibaien ertzetan. Uholdeak gertatu eta berehala, udaletako zerbitzuak jarri zituzten martxan kalteak konpontzeko. Ezusteko gastu horiek udalek hartu zituzten euren gain behin behinean, eta eragina izan dute aurtengo kontuak egiterakoan. Espainiako Gobernuak larrialdietan ematen duen laguntzaren zain daude orain, baina ez dakite zenbat iritsiko den, ez eta noiz helduko den ere.