Baserritarrak plaza birtualak irekitzen hasi dira, sarean saltzeko

Urola Kostako Urkome landa garapeneko elkarteko arduradunak “harrituta” daude eskualdeko baserriko ekoizleek Interneten duten denda birtualak izandako hasierarekin: “Ikaragarria da. Lehen hilabetean 200 erabiltzaile erregistratu dira, eta gaur egun astero 20 eskaera izaten ditugu batez beste. Honelako webguneak kudeatzen aritzen direnak ere harrituta daude”, adierazi du Urkomeko kudeatzaile Yurre Peñagarikanok.

Azaroan jarri zuten abian www.urolakostaonline.com webgunea, eta haren barruan, denda birtuala: www.baserritik.com. Urkomek finantzatutako egitasmo bat izan da, baina eskualdeko ekoizleen proiektua da izatez: “Guk zerbitzu hau eskaintzeko asmoa genuen eskualdean, eta konturatu ginen ekoizle batzuk asmo berberak zituztela eta jada proiektua bazutela. Ez zuen zentzurik zerbitzu bera bi plataformatan egoteak, eta, horregatik, elkarlanean aritzea erabaki genuen”. Emaitzarekin pozik daude Urkomen, baina argi dute egunez egun lan egin behar dela aurrera egiteko: “Webgunea dinamikoa da, eta beti garatzen eta berrikuntzei lekua egiten aritu behar dugu, kalitatezko zerbitzua bermatzeko”, adierazi du Peñagarikanok.

Erabiltzaileek zerbitzua “gertukoa” sentitzen dutela uste dute Urkomekoek, eta herritar askori “begiak irekitako” sentipena dute: “Jende askok ez zekien hemen bertan horrenbeste produktu zegoenik eskura”.

Barazki eta frutez gain, beste hainbat produktu dago salgai www.baserritik.com-en: haragia, kontserbako produktuak, arrautzak, ogia eta gozokiak, esaterako. Gipuzkoa osora eta “kanpora ere” egiten dute banaketa astean bitan, eskualdekoei lehentasuna emanez: 30 eurotik gorako erosketen bidalketak doakoak dira eskualdeko bezeroentzat.