Badira bi hilabete ETAk jarduera armatua uzteko erabakia jakitera eman zuenetik. Zer-nolako analisia egiten duzu bi hilabeteotan izandako urratsen inguruan?
Garrantzitsua izan da ETAren erabakia, gehienbat alde bakarrekoa delako. ETAk erabaki du, 50 urteren ostean, bere jarduera armatua behin betiko uztea. Hori zen guk eskatu geniona Aieteko Konferentzian. ETAk ondo erantzun du, baina, Aieteko Konferentzia horretan ez zegoen bakarrik ETAri exijentzia bat, eta kezkaz ikusten dut besteek ez dutela erantzun, Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela erantzun.
Oraingoz, alde bakarreko pausoak izan dira. Denbora pasa ahala beste aldeak erantzuten ez badu, zer?
Uste dut Euskal Herriak ezinbestekoa egingo duela erantzutea. Eta une honetan blokeo jarreretan badaude ere, euren inertzien esklabo direlako da. Baina, azkenean, ezinbestekoa egingo zaie, eta nazioarteko komunitateak ere exijitu egingo die aurrerapausoak ematea. Ez da posible XXI. mendean Europaren bihotzean dagoen herri bat ukatzea, eta gatazka behin eta berriro berpiztu nahi izatea. Hori ez da gertatuko.
Bakegintzaz mintzo, foru aldundiek zer ekarpen egin dezakezue?
Nik uste gure ekarpenik garrantzitsuena izan daitekeela gure herriak zer pentsatzen duen jaso eta komunikatzea. Nik uste gipuzkoarron gehiengo nabari batek eskatzen duela gure herriaren eskubideen aitortza, biolentzia guztien amaiera, eta guztiak esaten dudanean guztiak esan nahi dut, eta ez besterik. Hortik aurrera berradiskidetzea esaten dena, hori berez etorriko da, eta guk horretan lagunduko dugu eta parte hartuko dugu ekimen guztietan.
Iragan larunbatean Gernikako Akordioko sinatzaileek egindako adierazpena beste urrats bat da?
Guk Gernikako Akordioa sinatu dugu; beraz, bat gatoz esan zenarekin. Ez gara sartuko nahikoa den edo ez eztabaidatzen. Uste dugu antzua dela eztabaida hori. Guk esandakoa hortxe dago, oso-oso garbi eta oso argi.