Eibar
Alex Txikonek, Ernesto Ezpeleta Bihurri-k eta Xabier Errok Euskal Herritik Pakistaneraino egindako bidaia kontatzen du Aizkora hotsak goi mendietan film dokumentalak. Aizkolaritza eta mendizaletasuna biak uztarturik, Txikonek, Ezpeletak eta Errok iazko udan 12.000 kilometro egin zituzten furgoneta batean, harik eta Pakistanera heldu arte. Bidean aizkolaritza erakustaldia egin zuten Austriako Liezen herrian. Turkia eta Iran gurutzatu ostean, Pakistanera heldu ziren gero, Skardura. Han, Felix Baltistan fundazioari eman zioten furgoneta. Aizkora erakustaldia egin zuten han ere. 4.000 lagun inguru bildu ziren Txikon eta kideen erakustaldia ikusten. Hain justu, ibilbide horretako gorabeherak kontatzen dituzte Aizkora hotsak goi mendietan ikus-entzunezkoan.
Kontakizunak, ordea, badu beste ildo bat ere: 12.000 kilometroko bidearen ondoren, Txikon G-I eta G-IIra igoko da, eta K-2ko gailurretik hurbil-hurbil geratuko da.
Iazko abenduan estreinatu zuten Bideografik ekoiztetxeak egindako filma, Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokan. Egun batzuk geroago, Mendifilm jaialdian euskarazko filmik onenaren saria jaso zuen.
Asteartean, hilak 10, Eibarko Coliseo antzokian emango dute filma, 19:30ean. Protagonistak emanaldian bertan izango dira. Sarrerak hiru euro balio du.