Etxebizitza ez ordaintzeagatik bizilekua galdu dutenek eta derrigortutako hipoteka exekuzioak jasan dituztenek etxebizitzaren gainbalio zerga ordaindu behar ez izatea; horixe nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak egingo du proposamena Batzar Nagusietan, urte honen hasieran.
Horretarako, indarrean den arau bat aldatzea eskatuko du aldundiak. Hain zuzen ere, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruzko foru araua aldatzea proposatuko du. Han talde politiko guztien artean aztertuko dute proposamena, alde edo kontra bozkatu aurretik.
Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren ustez, “ez da bidezkoa ohiko etxebizitza galdu duen pertsonak, eta kasu batzuetan hori egin ondoren oraindik ere zorra kitatu ez duenak, halako zerga ordaindu behar izatea”.
Hurrengo pausoa, udalak
Gainbalio zerga aldundiak arautu arren, udalak arduratzen dira zerga jasotzeaz. Arauak dioenaren arabera, udalek lurzoruaren balioaren hazkundearen portzentaje bat jaso behar dute, etxebizitzaren balioaren hazkundeari etekina ateratzeko, jabeak bezala. Aldundiaren ustez, etxea galdu dutenek ez dute etekin hori eskuratzen eta, beraz, ez lukete zerga ordaindu behar.
Foru araua aldatuko balitz, udalek tokiko ordenantzak aldatzea besterik ez lukete egin beharko arau hori aplikatzeko.