Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976) gizarte hezitzailea, psikopedagogoa eta Esnearen Ligako begiralea da. Guraso eskolak ematen ditu Donostian, Orion, Ibarran eta Tolosan. Hitzaldien eta ikastaroen bidez komunikazioa eta prebentzioa lantzen ditu heziketaren arloan. Bi haur ditu, eta ama izateari garrantzi handia ematen dio bere jardunerako: “Askoz gehiago ikasi dut ama naizenetik, bai ama izatearen esperientziagatik, bai eta jaso dudan prestakuntzagatik ere”.
Edoskitzeari buruzko Esna-bidean talde erakusketan, aste honetan Tolosako Aranburu jauregian izan da Mendizabal hitzaldi bat ematen. Amak edoskitze garaian duen egoera emozionala izan du solasaldiaren gai nagusia.
Zer esan nahi du bularra emateak?
Hasteko, eta jakinekoa denez, onura fisikoak ditu haurrarentzat eta amarentzat. Onura emozionalei dagokionez, haurrarekin lotura segurua izateko moduetako bat da. Ama emozionalki ongi sentiarazten du, plazera ematen dio edoskitzea ondo oinarrituta badago, eta haurrarekiko sentimendu erakargarriak sortzen dira. Haurraren zaintza asko errazten du; batez ere, etxetik kanpora zoazenean. Haurraren behar fisikoak eta emozionalak asetzeko gai dela ikustean, amaren konfiantza ere asko handitzen da. Amarentzat oso garrantzitsua da maitasunezko lotura hori eratzea.
Edoskitze garaian talde bat izatea garrantzitsua da?
Guztiz. Bularra eman gabe ere, oro har, amatasuna eta aitatasuna oso bakardadean bizitzen ditugu. Baina horri gehitzen badiogu edoskitzea alde batera utzi dela belaunaldi batzuetan, eta orain berriro berreskuratzen ari garela, ezinbestekoak dira talde horiek, babes hori, amen arteko laguntza… jasotzeko. Elkartzeak pilak kargatzen ditu aurrera jarraitzeko; ditugun kezkak, beldurrak eta pozak elkarrekin banatzeko, elkarri indarra emateko.
Ama bati esatea ez dela esnea emateko gai, gauzarik txarrenetakoa izan daiteke?
Bai. Esatea zure esnea ez dela nahikoa, edo txarra dela, edo ondo ez zarela ari, gaizki ohitzen duzula haurra… Zenbait profesionalek eta inguruko zenbait pertsonak horrelako mezuak bidaltzen dituzte. Eta hor gauza asko mugitzen zaizkigu: gure beldurrak, gure segurtasun ezak… Argibide liburua gure haurra da, eta ondo irakurri behar dugu liburu hori. Gure haurrak behar duena berak esaten digu. Eta bigarren argibide liburua gu geu, gurasoak, gara. Gure senak esaten diguna, eta nire baitan dagoen erantzun hori haurraren erreakzioen aurrean, hori da tokatzen zaigun irtenbidea.
Nola egoten da ama edoskitze garaian?
Ama bat, haurra izan berritan eta haren lehenengo urtera arte luzatzen badugu, emozio askotarikoekin eta oso sentibera sentitzen da. Beldurrak, tristura, poza, nekea, desilusioa, inpotentzia… Nahasmen handi bat dago. Eta emozio horiek lotzen baditugu beharrekin, noski, beharrezkoak dira konfiantza, babes emozionala, laguntza, ulertua izatea, atsedena, aitorpena…
Zer egin, behar horiek denak asetzeko? Zer eska dakieke instituzioei?
Nire ustez, gaur egun, amek daukagun errealitatetik abiatu behar dugu, gure beharrak asetzeko. Bestela, beti gaude gizarteari eta gobernuei begira. Noski, eskatu egin behar dugu, eta mobilizatu. Hori etorri bitartean, zer egin dezaket, pertsonalki, ditudan baliabideekin babesa izateko? Bikotearen edo etxean dudan laguntzarekin bakarrik gelditzen naiz, babes sare bat egiten dut… Neure buruarekin ere zer egiten dut? Eska dezaket kanpotik baloratzea egiten dudana. Baina badakit neure burua baloratzen, edo besteen babesaren eta ulermenaren zain nago?
Zer egiteko du bikotekideak edoskitzean?
Edoskitzeak arrakasta izateko, nahikoa da amak bularra eman nahi izatea. Baina arrakasta horretan indarra handitu daiteke edoskitzea hiruko horretan oinarritzen bada, eta bikotekidak bere egitekoa betetzen badu: presentzia, babesa, laguntza…
Guraso eskoletan komunikazio ez-bortitza ere lantzen duzu.
Marshall Rosenberg-ek atera duen eredu bat da. Harreman guztietarako erabiltzen den eredu bat da, baita herrialdeen arteko gatazketan ere. Niri gertatzen ari zaidana adierazteko modu bat da, nire sentimendu eta beharretan oinarrituta, eta, aldi berean, posible dut besteari entzutea, modu enpatiko batean, besteari gertatzen zaiona islatuz. Behar horiek identifikatzen ditugunean, bai nireak eta bai bestearenak, behar horiek asetzeko irtenbideak edo estrategiak bideratzen ditugu.
Zeren bila joaten dira gurasoak ikastaro horietara?
Normalean, haurrak nik nahi dudana egiteko irtenbide bila joaten gara. Gauzak konpondu nahi ditugu, baina niri iruditzen zaidan modura. Horrek eramaten gaitu gatazkara. Norbaitek beste bati zerbait eginarazi nahi dionean, eta horretarako mehatxua, exijentzia, zigorra, indarkeria… erabiltzen baditu, gero eta botere gutxiago du nahi duena lortzeko, besteak ez baitu batere gogorik izango eskatzen zaiona egiteko.