Errege egunaren ondorengo lehen igandean milaka lagun biltzen ditu astoak Lazkaon. Astotxo Eguna ospatuko da etzi, joan deneko 360 urteetan bezala. Familia Sakratuaren Egiptorako ihesa oroitzeko asmoa zuen festan du jatorria. Jesus, Maria eta Joseren figuren gainetik, astoak lortu du, ordea, miresmen handiena. Herri ekitaldi jendetsuak sortu dituzte lazkaotarrek aberearen inguruan: Egiptorako ihesa kale antzezpena, 1988tik, eta euskal arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa, azken 12 urteetan.
XVII. mendean du jatorria astotxoaren festak. 1652an, garai hartako Gipuzkoako familia boteretsuenetako batekoa zen Maria Lazkanok —Antonio Okendo almirantearen alarguna— bultzatu zuen pasartearen irudikapena, kofradia sortuta. Santa Ana komentua Lazkanok berak eratu zuen sei urte lehenago, eta Donemiliagako (Araba) fraide beneditar batek zabaldu zuen ihesaren predikua, garai haietan gorespen handia zitzaiona. Handik, eskultura irudi batzuk egin zituzten, komentuko elizan jartzeko Epifania ondoren; tartean, astoarena.
Herritarren aldetik kariño handiena astoak bereganatu izan du denboraren joanean, eta erabat herrikoitu da festa. “Garai batean, komentura bisitan joaten zirenek mandarinak eta bestelako opariak eramaten zizkioten astotxoari. Mojek, ordainetan, obleak ematen zizkieten. Ohitura zen, eta neurri batean gordetzen da, obleak atzerrian dauden familiakoei bidaltzekoa, festaren oroigarri moduan”, dio Asier Sukiak. Urteak daramatza Sukiak antzezlanean, Herodesen papera jokatzen.
Obleak ere egunaren ezaugarri dira, irinez egindako aho gozagarri zapal kraskariak. Moja zistertarrek Santa Ana komentuan salgai jartzen dituzte Astotxo Egunean; 75.000 oblea salgai jarri ere.
Tradizioak ekarpen berritzaile bat izan zuen 1988an. Urtebete lehenago jarri zen martxan Zawopi aisialdi taldea, herrira iritsi berria zen Joan Mari Olaetxea apaizak bultzatuta. Asteburuetako jardueren artean, Astotxo Eguneko kale antzerkia prestatzea izan zen gazteen lehen egitekoa.
“Hasieran bi helburu zituen antzerkiak. Festa kalera ateratzea eta jendearen partaidetza lortzea eta, ospakizunaren sustraiak errespetatuz egitea”, azaldu du Sukiak. Zawopi hamar bat urtera desegin arren, talde haren bueltan zebiltzanek jarraitu dute Gabonetako ekitaldiak zein Astotxo Eguna antolatzen.
Festaren erroetara joanda, Itun Berriko Familia Sakratuaren ihesa antzezten dute, Jesus jaioberria asto gainean hartuta Herodes gobernatzailearengandik Judeatik Egiptora alde egin behar izan zutenekoa. Hasieran desfile moduan plazaratzen zutena antzerki garatu bihurtu da: eszenografia zainduarekin, gidoi landuarekin eta aktore multzoan berrehun bat lazkaotar direla.
Etorkizuna erronka
Hogeita bost urte geroago, helburuak betetzat dituzte, Sukiak azaldu duenez. “Festa erabat zabaldu da, eta noizbait antzerkian parte hartu dutenen kopurua oso deigarria da, Eguberrietan egon den argazki erakusketan ikusi dugunez. Lazkaon, Astotxo Eguna erreferentzia bihurtu da”.
Erakusketaz gain, 25. aldiaren harira igandean “zerbait berezia” gehitzeko asmoan dira. “Astotxo txiki bat egingo da. Antzerkiko pertsonaiak berdinak izango dira, baina haurrak izango dira protagonista. Haurren desfile bat egitea da asmoa, antzezpen nagusia baino ordu erdi lehenago”. 1988ko hastapenaren oroipen izan nahi du desfileak, eta antzerkian garrantzia haurrei ematea, “festari dimentsio berria eman eta etorkizunari keinu eginez sustatzen jarraitzeko”.
Etorkizunari begira, antzerkiak “momentuan, ondo” segitzen du Sukiaren arabera. “Baina ezin da ukatu datozen garaiek kezka sortzen dutela, alde ekonomikotik eta, batez ere, jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaiolako estilo honetako ekimenetan parte hartzea, nahiz gero erabat gustura gelditu”. Hein berean, urteotan era batera edo bestera lagundu dutenen lana eskertu dute, “bestela, hau guztia ez baitzatekeen posible izango”.
“Lazkaok bere izan du oso Astotxo festa. Eta, orain, berezko izateaz gain, harro luzitzen duela esango nuke. 25 urteko lanak konpromisoa islatzen du, ardura eta ohitura honekiko begirunea”, azpimarratu du Sukiak.