Euskal presoen eskubideen aldeko bi ekinaldi garrantzitsu izango dira asteburuan Euskal Herrian. Lehena bihar da, Bilbon, herri mobilizazio orokorrera deitu duelako Egin Dezagun Bidea herri taldeak. Bigarrena etzi izango da, Oiartzunen: urtero legez, presoen aldeko bertso saioa antolatu du Etxerat elkarteak.
Egin topo elkartasunean leloarekin prestatu dute etziko bertso saioa. Elorsoro kiroldegian izango da, 17:00etatik aurrera, eta Xabier Silveira, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Amets Arzallus bertsolariek Unai Elizasuk erantzun beharko diete ezarritako gaiei. Euskal Herriko nahiz herrialdeetako hainbat txapeldun bilduko dira, beraz, Elorsoroko oholtzaren gainean.
Gabonetako azken egunetako klasikoa da Oiartzunen Etxerat-ek egiten duen bertso jaialdia. Bertsolarien kalitateak eta presoen aldeko aldarriak ehunka ikusle erakartzen ditu urtero saiora. Beti betetzen dira kiroldegiko harmailak. Hori nabarmendu du Etxerat-eko eledun Mattin Troitiñok ere: “Urtero-urtero kiroldegia betetzen da. Erreferentzia bihurtu da Gabonetan egiten den bertso saio hau. Eskertzekoa da, gainera, herritarrek saioaren inguruan izaten duten jarrera”. Bertso jaialdia errepresaliatuen egoeraren berri emateko sortu zutela jakinarazi du Troitiñok, “baita data berezi hauetan senideek babesa eta berotasuna izan dezaten ere”.
Une politikoaren gaineko gogoeta egiteko baliagarria izango da saioa, Etxerat-eko kidearen aburuz.
Bertsolarien prestasuna
Publikoaren harrera bakarrik ez. Bertsolariek saioarekin izaten duten jarrera ere goraipatu du Mattin Troitiñok. Izan ere, Etxerat-eko kideari maiz esan diote bertsolariek saio berezia izaten dela Oiartzungoa. “Puntako bertsolariak ekartzen saiatzen gara, jendeak gozatzeko aukera izan dezan. Bertsolariek iaz esan zidaten plaza berezia izaten dela Oiartzungoa beraientzat. 1.500 ikusleren aurrean kantatuko dute, baina, horren gainetik, bildu dituen gaia lehenengo lerroan jartzen dute. Horregatik izaten da saioa berezia bertsolarientzako”.
Troitiño jakitun da euskal presoen eskubideen aldeko bidean asteburu berezia izango dela. Alde horretatik, gogorarazi du asteburu honetan presoen senideak ez direla bisitetara joango, Bilboko manifestazioagatik eta Oiartzungo bertso saioagatik: “Errepresaliatuen eskubideen aldeko aldarriaren jarraipena izango da bertso saioa. Horregatik, are bereziagoa da Oiartzungo jaialdia, senideentzat, ikusleentzat, antolatzaileentzat eta bertsolarientzat”.
Bertso jaialdirako sarrerak aldez aurretik edo leihatilan bertan eros daitezke. Oiartzunera sarrerak patrikan dituztela joan nahi dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte; Oiartzunen bertan, saioa hasi aurretik erosten dituztenek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.
Sarrerak aldez aurretik honako herrietako ohiko tokietan eros daitezke: Errenteria, Donostia, Hernani, Tolosa, Lezo, Oiartzun, Irun eta Villabonan (Gipuzkoa), Lesakan (Nafarroa) eta Hendaian (Lapurdi).
BERTSO SAIOA
Non. Oiartzungo Elorsoro kiroldegian.
Noiz. Hilak 8, igandea, 17:00etatik aurrera.
Bertsolariak. Xabier Silveira, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Andoni Egaña, Jon Maia, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Amets Arzallus.
Gai-jartzailea. Unai Elizasu.