Aspalditxoan jardun publikoaren lehen lerroan ez dabilen arren, Mari Karmen Garmendiak (Ormaiztegi, 1947) agenda behar du egunerokoa antolaturik edukitzeko. Izan ere, erretiroa hartuta egonik ere, elkarte eta ekimen ugaritako partaide da oraindik. Irakaskuntzan, hizkuntza normalizazioan eta politika orokorrean jardun den goierritar donostiartuak hainbat bide urratu ditu, horietako batzuk emakume aitzindari gisa. “Gizartearekiko konpromisoaren” emaitzatzat jotzen du besteak beste Tolosako Topic erakundean, Donostiako Matia fundazioan eta Errenteriako Andra Mari abesbatzan duen parte hartzea.
Batez ere, Eusko Jaurlaritzan egindako lanak bihurtu du ezagun Mari Karmen Garmendia. Bertan, Jose Antonio Ardanza lehendakariak deituta egin zituen lehen urratsak: “Espezialista gisa sartu nintzen gobernuan, eta jeneralista irten”. Izan ere, 1985. urtean, Hizkuntza Politikarako idazkari nagusiaren kargua hartu zuenean, EAJ bere alderdiarekiko atxikipenak baino gehiago, bere prestakuntzak eta eskarmentuak egin zuten hautagai. Besteak beste, Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle emandako 21 urteak, Zeruko Argia-n zein beste argitalpen batzuetan egindako lana eta Pedro Miguel Etxenike Hezkuntza eta Kultura Sailaren buru zela eskoletako hizkuntza ereduen egituratzean izan zuen parte hartzea dira kontuan hartu zirenetako batzuk.
Bere curriculumaren alderdi akademikoa osatzen duten lerro nagusiak hauek dira: Donostiako eskolan irakasletza egin izana, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoko lizentzia lortzea eta Belgikako Estrasburgoko Louis Pasteur Unibertsitatean Psikologiako doktoretza osatzea; “horiek guztiak lan egiten nuen bitartean”. Hain zuzen ere, hauxe da betegabetzat jotzen dituen ametsetako bat: “Nire ametsa hezkuntzaren eta hizkuntzaren alorrean jardutea zen, eta aitzindaria izatea. Baina hartutako bideak ez dit utzi hori egiten; bai, ordea, bidea besteek egin dezaten erraztea”.
Alor horretan gehiago sakontzeko aukera izan ez zuen arren, Garmendiaren izena eta aitzindari izatea maiz uztartu dira. 17 urte zituela eta Rikardo Arregik berak bultzatuta, Zeruko Argia-n idazten jardun zuen lehen emakumezkoa izan zen; gerora behin baino gehiagotan ezagutu zuen egoeraren aurrekaria. Izan ere, 1995ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko buru izendatu zutenean lehenengo emakume sailburua izan zela gogora ekartzen diotenean, berak baieztapena zehazten du. “Are gehiago, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzan sartzean, gobernuan maila horretara iritsi zen lehen emakumea ere banintzen”. Baina, gizonezko askoren mesfidantzarekin, irribarreekin eta harridurarekin batera, beste batzuen aldeko jarrera nabarmentzen du. “Postu horietarako gizonezkoek aukeratu ninduten, eta horiek bestelako jarrera zeukaten”.
Hori baino lehenago, ordea, irakaskuntzan hasi zenean, hutsetik sortzen ari zen mugimendu batean murgildurik ikusi zuen bere burua. “Frankismo garaia zen eta isiltasun handiak biltzen zuen dena, eta ez zen erraza izaten aurretik zer gertatu zen jakitea”. Hala ere, doktoregorako egindako ikerketan ezustea hartu zuen. “Orduan konturatu nintzen gure aurrekoek lan ikaragarria egina zutela, bai hezkuntzan eta bai kulturaren arloan ere”. Dena den, lan horrek “eten izugarria izan zuen gerra eta diktadurarekin”.
Hizkuntza eta hezkuntzaren inguruko jakituriak eraman zuen EAJko kidea Gasteizera. Jaurlaritzakoa garai gogortzat dauka Garmendiak. Hala ere, “harro” eta “gustura” egoteko arrazoiak badituela uste du; besteak beste, 1985ean gobernura iritsi berritan Euskaltzaindiarekin izenpeturiko hitzarmena da arrazoi horietako bat. Haren ustez, itun honek berebiziko garrantzia izan zuen, ordura arteko oker bat zuzendu zuelako, akademiaren eta administrazioaren arteko harremana ezarriz.
Normalizazioaren alorrean, euskara batua osatze eta ezartzearen ajeak eta kalapitak ere gogora ekartzen ditu. “Garai bateko h-ak-eta marxistatzat jotzen zituzten batzuek”. Eztabaida gordinaren erakusletzat jotzen ditu horrelakoak, baina drama kutsua kendu nahi dio. “Hizkuntza askotan gertatu dira horiek”. Jazo bezala ahaztu ere egingo direla uste du. “Egungo heldu alfabetatuek normal ikusten dute batua, eta haurrek justu-justu jakingo dute horrelako erabakiak hartu zirela, irakasleei entzunda”.
Bada bizitza Jaurlaritzaren ondoren
Jaurlaritzarekikoak 2001. urtean eman zituen bukatutzat Garmendiak, nahiz eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariak jarraitzeko gonbita egin zion. “Nire garaia bukatu zela esan nion, urte asko neramatzala eta aldaketak onak zirela”. Ordea, “bizitza zibilera” itzultzeko ordua iritsita, ez zen bueltatu irakaskuntzara. “Hamasei urte igaro eta gero, ni baino hobeto prestatuta zegoen jendea ari zen une horretan”.
Besteak beste, musika du zaletasun Garmendiak. Hori dela eta, 2009an Errenteriako Andra Mari abesbatzako lehendakaria izatea eskaini ziotenean ohoretzat hartu zuen. Beste hainbat elkarte eta erakundetan ere parte hartzen du. Horien artean dago Matia fundazioaren partzuergoa, eta horren bidez zahartzaroaren inguruko ikerketa egiten duen institutua, Ingema. “Ekimen handiko jendea dago, eta gizarteari eta komunitateari zerbitzua emateko gogoa ikusten dut jende horrengan; ahal dudana itzultzea da nire nahia”. Antzeko arrazoiengatik hartzen du parte Tolosako Topic erakundearen aholkularitza batzordean ere.
Horretaz gain, bere ingurukoak eta bere burua zaintzeari ere denbora eskaintzen dio. Izan ere, gizartearekiko erantzukizunez nork bere burua zaindu behar duela uste du. “Agian, horrela Osakidetzak diru gutxiago gastatu beharko du”, zehaztu du barre artean eta jolasti.
Ekimen handiko emakumea izanik, erretiratutakoan lan gehiago “oparitu” dio bere buruari. Hain zuzen ere, ingelesa ikasteari ekin diolako Donostiako Hizkuntza Eskolan. “Nik ingelesari ordu asko eskaini dizkiot, baina sekula ez dut errematatu. Frantsesa ondo menperatzera iritsi nintzen, baina ingelesa hortxe gelditzen zitzaidan”. Hizkuntzak ikastea bururako ona izaki, desioa eta bere burua zaintzea lotu ditu Garmendiak.