Zahartzaroa bakarrik pasatzea, edo egoitza batean, ezezagunez inguratuta; horra orain arte pertsona askori gelditzen zitzaien aukera bakarra. Ez dira zaharren gustukoak, ez bata eta ez bestea; hala ikusten dute, behintzat, Housekide proiektua abiatu dutenek. Donostia inguruko 25 pertsona inguru elkartu dira, zahartzaroa beste era batera bizitzeko erabakiaz; eurak diseinatutako era batera, hain zuzen.
Antton Elosegi da horietako bat. Azaldu duenez, etxebizitza kooperatiba moduko bat bilatzen dute: “Bakoitzak bere etxea izango du, eta erdian espazio eta zerbitzu komunak egongo dira”. Bietarako aukera egongo da, beraz: “Bakoitzak bere etxean bizi nahi badu, bizi ahal izango du, baina denak gonbidatuko zaitu besteekin gauzak partekatzera. Bakoitzak bere etxean sukaldetxo bat izango du, bai, baina egongo da sukalde handi eta eder bat denontzat ere. Eta, noski, izango da egongela bat etxe bakoitzean, baina egongo da egongela handi bat ere, telebista panoramiko batekin eta liburutegi eder batekin. Espazio komunak gauza erakargarriagoak eta hobeak izango ditu”.
Arropa garbitzeko gela bat egonda, ez da beharrezkoa izango bakoitzak bere garbigailua edukitzea, eta posible dute denen artean bestela eduki ezin liratekeen zerbitzuak izatea, esaterako, gimnasio bat edo baratze bat: “Etxe partikular batean ezin da hori eduki, ez bazara aberatsa”.
Hasteko, etxea eraikitzeko orubearen bila ari dira. Ahal bada, Donostia inguruan topatu nahi lukete, gehienak hangoak baitira: “Ez dugu hiritik urrundu nahi; izan ere, hirian dago zahartzaroan behar den gizartea”.
Oraingoz, elkarte gisa dago erregistratuta Housekide, baina kooperatiba bihurtuko dute aurki, kideak ekarpenak egiten has daitezen: “Proiekturen bat egiteko, edo lurrak erosteko, dirua jarri beharko da. Horregatik, kooperatiba bat izango da, baina ez garai bateko etxebizitza kooperatibak bezalakoa”.
Elosegiren ustez, ohiko kooperatibek helburu bakarra zeukaten: elkartu, etxea merkeago eraikitzeko, eta hortik aurrera bakoitza bere etxearen jabe izateko. Ez du hori nahi Housekidek: “Kooperatiba izango da etxebizitza multzo osoaren jabe, eta bakoitzak hil arteko erabilera eskubidea izango du”. Bazkidea hildakoan, etxebizitza ez litzaieke haren oinordekoei pasatuko: “Kooperatibako zatia pasako zaie, eta hori dirutan ordainduko zaie beste norbait sartzen denean”.
Europa iparraldean halako egitasmo ugari daudela argitu du Elosegik. “Hemen oso mentalitate indibidualista daukagu; jendeak uste du eduki dezakeen gauzarik onena bere jabetzako etxebizitza bat dela; eta, ahal bada, besteengandik urruti”. Zahartzaroan, ordea, kontrakoa behar dela uste du: “Orain konturatzen gara zein garrantzitsua den elkarrengandik gertu bizitzea eta jakitea hor dauzkazula lagunak”.
Ez bezero, ezta gaixo ere
Housekiden dihardutenek 55 eta 70 urte bitartean dituzte: “Oraindik sasoian gaude, baina gure etorkizuna prestatu nahi dugu”. Proiektu irekia eta “oso parte hartzailea” da, Elosegiren hitzetan; gakoa horixe da, eurak izatea euren zahartzaroaren jabe. “Ez dugu beste norbaiten bezero izan nahi; ez partikular batena, ezta administrazioarena ere”.
Administrazioak zaharrak “bezero edo gaixo” bilakatzen dituela salatu du: “Gu talde bat gara, eta talde moduan egin nahi ditugu gauzak: erabakiak hartu, proiektua diseinatu, eraikuntzaren jarraipena egin eta geroko bizimodua kudeatu”.
Hala ere, ez dute baztertzen administrazioarekin elkarlanean jardutea. Aitzitik, hark zerbait “zor” diela uste du Elosegik: “Gurearen moduko talde batek gauzak asko errazten dizkio administrazioari. Administrazioak egiten duena da pertsona bat zaharraren etxera bidali; Housekideren moduko leku batean, laguntza hori askoz logikoagoa da, partekatu egiten da, eta merkeago aterako zaio. Beraz, pentsatzen dugu administrazioaren solaskide izango garela eta horrek eskubide bat ematen digula gauza batzuk eskatzeko”. Besteak beste, orubea eskatzeko aukera ari dira aztertzen.