Jaizkibel aldera, lasterka

Mendian gora lasterka egin nahi duenak bihar goizean du aukera, Pasai Donibanen. Izan ere, II. Mitxintxola mendi lasterketa egingo dute, Itsas Mendi Kirol eta Kultura Elkarteak antolatuta.

Pasai Donibaneko Santiago plazan hasiko da lasterketa, 11:00etan. Parte hartzaileek Mitxintxolaraino igo beharko dute. Paraje hori itsasoaren mailaren gainetik 332 metrora dago.

Parte hartu nahi duten korrikalariek Santiago plazan bertan eman beharko dute izena, eta ez dute ordaindu beharko.

Hala ere, lasterketan parte hartuko dutenak ez dira Mitxintxolara igoko diren bakarrak izango. Antolakuntzak oinezkoentzako martxa antolatu du, lasterketa hasi baino ordubete lehenago. Oinezko martxa horren bidez, 10:00etan haurrak eta haien gurasoak bildu nahi dituzte Santiago plazan bertan.

“Herri lasterketa egin nahi dugu”, dio Itsas Mendiko kide Kepa Puyk; “eta horregatik familiak hurbiltzea nahi dugu”. Horrela, jai giroa bultzatu nahi dute helmugan: “Denak han goian izanda, jai giroa egongo da, ziur”.

Antolatzaileen helburua, izan ere, jai giroa sustatzea da, eta pintxoak eta edariak jarriko dituzte helmugan: parte hartzaileentzako zein ikusleentzat. “Salda beroa, tortillak eta txorizoa egongo dira parte hartzaileentzat, eta ikusleentzat beste hainbat gauza ere egongo dira”, adierazi du Puyk.

Igandean egin nahi zuten…

Itsas Mendik etziko antolatu nahi zuen lasterketa, baina txakurkrosa egingo dute, estreinakoz, Jaizkibelen bertan. Igandean egiteak parte hartzea handituko lukeela uste du Puyk. Hala ere, iaz baino jende gehiagok parte hartuko duelakoan dago. Estreinako igoeran, 22 lasterkari izan ziren. “Ibilbidea ez da oso luzea izango, herrikoen artean lehia egotea nahi dugulako”.

Bihar goizean, beraz, iaz Iñaki Lopetegik egin zuen denbora (17.51) hobetu nahi duenak Pasai Donibaneko plazara jo behar du.

II. MITXINTXOLA MENDI LASTERKETA

Non. Pasai Donibaneko plazatik Mitxintxolaraino (Jaizkibel mendia).

Noiz. 10:00etan, oinez igo nahi izanez gero. 11:00etan hasiko da lasterketa.