“Jendeari zinemara joateko gogoa piztea lortu behar da”

Alberto Arizkorreta Kresalako kide izan da orain arte; orain, klubeko zuzendaritza hartu du. Zinema alternatiboa publiko gazteagoarengana zabaltzeko asmoa dauka.

Nolakoa izango da Kresala zinekluba hemendik aurrera?

Egitaraua egina daukagu. Aurten Kresala zineklubak 40 urte beteko ditu, eta orain artekoaren jarraipena izango da. Alde batetik, jarraitu nahi dugu jatorrizko bertsioak eskaintzen; estreinatu gabeko pelikulak, ahal bada. Zinemagileak ere bertan izatea nahi dugu. Gure lehen emanaldia Gorka Merchanten La casa de mi padre izango da, eta Gorka bertan izango da.

Zein da horren helburua?

Proiekzioak indartu nahi ditugu, zinemagileak ikusleengana hurbilduz, zaleek zuzenean galderak egiteko aukera izateko. Horrela, beharbada lortuko dugu zinekluba pixka bat zabaltzea, eta ez izatea adituen gune bat.

Orain arte zein gabezia ikusten zenizkion klubari?

Gabeziarik ez; kontua da zinema kontsumitzeko modua aldatu egin dela, eta asmatu beharko da nola erakarri gazteak. Bideo asko kontsumitzen dugu, pelikulak eta telebista saioak. Jendeak zinemara joateko gogoa edukitzea lortu behar dugu; ohiturak aldatzea. Eta horretan ari gara. Adibidez, jada kostatzen ari zaigu filmak 35 milimetroan lortzea, hasiak baitira formatu hori baztertzen, digitalerako trantsizioarengatik. Beraz, ikusi beharko dugu nola bideratu jendearen zinemazaletasuna, guregana hurbiltzeko.

Zein baldintza bete behar ditu zineklub batek arrakasta izateko?

Jendearen gustukoa izatea: pelikula onak ematea, bide arruntetatik topatzea kostatzen direnak; zinema ona edo berria. Zinema asko egiten da, baina gure areto komertzialetan oso aukera mugatua dago, batez ere zinema independentean, jatorrizko bertsioetan edo Ipar Amerikatik ez datorren zineman. Zinema pila bat dago ikusten ez dena; zinema horren atzetik ibiltzen gara.

Krisiarekin, zinema komertzialetako ikusle kopurua behera egiten ari da. Horrek zein eragin du zineklub alternatiboetan?

Gure sarrerak lau euro balio du, eta proiekzioaren kalitatea oso ona da. Zinema areto komertzialen prezioaren erdia da, eta eskaintzen dugu pelikula bat, aurkezpen bat eta solasaldi bat. Zinemari beste balio bat ematen diogu.