Beste aro bati ekingo diote Elgetako Espaloia kafe antzokian. Izan ere, aldaketak egon dira tabernaren eta jatetxearen arloari dagokionez. Orain arte eremu hori kudeatzeaz arduratzen zen lantaldeak utzi egingo du zeregin hori, eta lan bazkide berriek hartuko dute lekukoa. “Otsail-martxoetan” izango da aldaketa, Espaloiko presidente Iban Arantzabalek Gipuzkoako Hitza-ri azaldu dionez. Gainera, ez du baztertu kultura arloan ere aldaketak egotea: “Eraginkorra litzateke kultura kudeaketan ere arnasa berriak pisua izatea”. Ia zortzi urte ditu Espaloiak, eta urte horietan guztietan kudeaketa eredu bera jarraitu dute: kooperatibako bi lan bazkide arduratu izan dira tabernaz eta jatetxeaz, eta kultur arloa eta gainerako egitekoak kooperatibako hainbat kideren gain egon dira.
Proiektua kolokan ere egon da, ordea, eta Espaloia ixteko aukera ere mahai gainean izan da, Arantzabalek baieztatu duenez. Goibeko euskara eta kultura elkarteak du gehiengoa kooperatiban, eta elkarte horretako bazkideekin bilera egin zuten egoera azaltzeko; hau da, proiektuari eusteko erreleboa falta zela adierazteko. Han jasotako “erantzun onak” modua eman du proiektuak aurrera jarraitzeko: “Balorazioa oso positiboa da, eta laguntza puntualak emateko jendea badago, zorionez. Eskertzekoak dira herritarrengandik jaso ditugun mezuak. Mimatuak sentitu gara gehiengo zabal baten aldetik”, adierazi du Arantzabalek.
“Ekonomikoki bideragarria”
“Lanerako konpromisoa hartuko duen jendeak aterako du proiektua aurrera. Ez da gehiago behar”, dio kafe antzokiko presidenteak. Izan ere, kooperatiban argi dute arazoa ez dela ekonomikoa: “Proiektua ekonomikoki bideragarria da”.
Hala, urte hasierako egitaraua prest eta martxan dute. Besteak beste Bide Ertzean eta Jorginho taldeen kontzertuak, Anthony Blaken ikuskizuna, umeentzako ekintzak, Bodologoak antzezlana eta hainbat dokumental emanaldi antolatu dituzte: “Kulturak ez du etenik, eta dagoeneko maiatz-ekainetarako programazioarekin dihardugu lanean”, azaldu du Arantzabalek.
Espaloia Gipuzkoako lehen kafe antzokia da, eta “erreferente bat” da herri txiki baterako —1.000 biztanle inguru ditu Elgetak—. Orain arte egindako bidea oso ontzat jo du Arantzabalek: “Herriari eta inguruari asko eman dio”. Hala ere, gehien proiektuan parte hartu duten kideei eman diela uste du: “Gehien-gehien, inplikatuta egon garenoi eman digu. Asko ikasi dugu, asko disfrutatu dugu eta kulturaren parte sentitu gara. Ikus-entzuleak, artistak eta antolakuntza gustura geratu garen emanaldi asko egin ditugu, eta kultura era duinean emateko gune bat daukagu herrian, herriaren zerbitzura. Ederra litzateke beste hamaika antzoki zabalduko balira Gipuzkoan”.
Elgeta herri txikia izateak aparteko zailtasunik ez du eragiten, Espaloiko presidentearentzat: “Hori aldeko faktorea baino ez da. Gure herrian eskua altxatu eta lagunduko duen jende gehiago dago jarrita geratzen dena baino. Horrela da posible kafe antzoki bat: auzolanean, herriaren partaidetzarekin”.