Zinema ikusezina argitara ematen

Aski ezaguna da Kresala zinekluba Donostiako zinemazaleen artean. 1972an sortu zutenetik, bertako kideek filmak baino askoz gauza gehiago ikusi dituzte; historiaren zati handi baten bilakaera bizi izan dute, pantaila handian islatuta, frankismoko debekuetatik hasi eta proiekzio digitaletaraino. Juan Berasategik, Fernando Mikelajauregik eta Luis Berguak, klubaren sortzaileek, ia 40 urte pasatu dituzte astelehenero pelikulak ematen. Orain, zuzendaritza uztea erabaki dute; abenduaren 26an egin zuten azken emanaldia, Luis Buñuelen Ensayo de un crimen filmarekin.

Frankismoa amaitzeko hiru urte falta zirela hasi ziren klubarekin. Kresala elkartearen gela batean ematen zituzten hasieran filmak. Berez, 90 pertsona kabitzen ziren areto hartan, baina Berasategi ondo oroitzen da lehenengo emanaldirako gainezka egin zuela lekuak: “Zinekluben boom bat zegoen urte haietan; pelikulen ondoren solasaldiak egiten ziren, eta askatasun handixeagoz hitz egin zitekeen”. Pelikularen aitzakiaz, hainbat gai sozial eta politikoz aritzen ziren ikusleak emanaldiaren ondoren. “Frankismoko azken urteetan geunden, baina frankismoan, bere bidegabekeria guztiekin”, oroitu du Mikelajauregik.

Film batzuk debekatuta zeuden, eta saio bakoitzeko baimena eskatu behar izaten zuten, Berasategik azaldu duenez: “Goizean, Informazio eta Turismoko ordezkaritzara joan behar izaten genuen, pelikulen zentsura txartelarekin”. Haren hitzetan, Franco hildakoan, “zentsura birtualki desagertu zen”, eta aurretik debekatuta egondako film ugari ematen hasi ziren: “Urrezko aroa izan zen hura”.

Solasaldietan ere lasaiago hitz egin zitekeen. Joera kritiko asko sortu ziren, eta dena “bor-bor” zegoen, Berasategirentzat: “Hitz egiteko gogo handia geneukan. Gogoratzen naiz Pasoliniren Uccellacci e uccellini filmaz; solasaldiak filmak berak baino gehiago iraun zuen. Oso pelikula poetikoa eta politikoa zen”.

Klubaren sortzaileen ustez, aldaketa politikoak nabariak ziren, eta zinema ere horren isla bilakatu zen: “Garai itxaropentsua zen. Zalantzarik gabe, bazetorren zerbait berria; zaharra desagertzen ari zen, eta zineman gauza bera gertatzen zen”.

Hala ere, Kresalarentzat, garrantzi handiagoa izan du zinemak berak, politikak baino. “Bazeuden klub politikoagoak”, esan du Berasategik, barrez. “Askotan aurpegiratzen ziguten: ‘Zinemazale batzuk zarete!’, hori txarra balitz bezala”.

1975ean, Kutxaren Arrasate kaleko aretoa erabiltzen hasi ziren, eta erakunde horretako diru laguntzak jasotzen; leku horretan gaur arte jarraitu dute. “Aretoa dohainik geneukan, 200 pertsonarentzako lekua, eta, gainera, diru laguntza jasotzen ari ginen. Ia ezin genuen sinetsi ere egin”, gogorarazi du Berasategik.

1980rako, giro politikoa baretuago zegoela diote biek. Horren ordez, aldaketak arlo teknologikoan gertatzen hasi ziren, Berasategiren arabera: “16 milimetroko formatuan ematen hasi ginen, halako proiektorea geneukalako”. Formatu normala 35 milimetrokoa izan ohi da; hamaseikoa planoaren erdia da, gutxi gorabehera. “Ordutik hobetuz joan da aretoa: 35 milimetro, Dolby soinua… Orain aretoan ia dena proiekta daiteke, digitala izan ezik”.

Film bereziak

Donostian estreinatu gabeko pelikulak ditu gustukoenak Kresalak, erraz topa ezin daitezkeenak: “zinema ikusezina”. “Baziren film batzuk agian Zinemaldian eman zituztenak, baina gero oihartzun komertzialik izan ez zutenak, edo estreinatu zituztenean astebete ere iraun ez zutenak; horiek handik pixka batera berreskuratzen genituen”, esan du Mikelajauregik. “Horretarako daude zineklubak; arriskatzeko, zinema minoritarioa emateko”.

Euskal Herrian egindako zinema ere eman izan dute, baina nahi baino gutxiago, Berasategiren hitzetan: “Gehiago eman genezakeen, baina dagoen apurra zinema aretoetan ematen dute”.

Bostehun bazkide zituen klubak hasieran; klub gisa ofizialki erregistratzeko gutxieneko kopurua, hain justu. Kresala elkarteko bazkideak ziren guztiak. Denborarekin, sarrera ere kobratzen hasi ziren: kanpokoentzat lau euro, eta bazkideentzat hiru.

Bazkide horietako gehienak gazteak ziren zinekluba hasi zenean; gaur egun, orduko pertsona ia berak dira klubean jarraitzen dutenak. Berasategik azaldu duenez, klubari leporatu izan diote jende gaztea falta dela: “Ez dakit zergatik izango den; jendeari gustatuko zaizkiola uste dugun filmak ematen ditugu guk”.

1.346 emanaldiren ostean, ikusle artera erretiratuko dira hiru sortzaileak. Zinemazale gazteagoek hartu diete lekukoa. Berasategirentzat, “konstantziaz eta diziplinaz” heldu beharko diete klubaren erronkei: “Banatzaileekin moldatzen ikasi beharko dute”. Hala ere, zinekluberako baldintza onak ikusten dituzte: “Beti esan izan da zinekluben garaia beste bat izan zela, baina beti egon izan dira”.