Bidaia sentimentalak

Belaunaldi gutxi egongo da gureak adina bidaia sentimental egin dituenik. Pertsonekiko gure maitasunak adina joan ginen lurraldearekiko atxikimenduak ere aldatzen. Neu, esate baterako, hamasei urterako liluraturik nenbilen Axularren Gero-rekin eta, maitasunak bere objektuaren eremua zabaltzeko duen joerari esker, Lapurdirekin lotura zuten zera guztiak iruditzen zitzaizkidan miragarri. Aditza jokatzen hasi, eta nor-nori-ren derauko, deraukigu… poema eder baten zati iruditzen zitzaizkidan.

Laburrak dira, alabaina, adin horretako maitasunak. Oskixeko aldapa bizikletaz igo, Sohütako Maddalen sorginarekin etorkizuna iragartzen saiatu (zeinen motz geratu diren gero iragarpen eder haiek) eta Barkoxeko tabernako nagusiarekin ordu erdi batez pastoralaz hitz egiten egotea aski izan genuen Zuberoaz maitemintzeko, eta nola gainera, urteak eman baikenituen maskaradak ikustera joan edo pastoralak eraman handiz ikusten, maitemindu berriek beren buruak zigortzeko erakusten duten grina nabarmenegi horrekin, dena esan behar bada. Zuberoan aurkitu uste izan genituen gure euskal nortasunari falta zitzaizkion osagarri guztiak.

Ez dira, ordea, maitasunak betiko. Marx etorri zitzaigun ondoren eta, marxismoa fedetzat harturik, Bizkaiko Ezkerraldeko meatzari herrietaraino joan ginen gure historiaren arorik ederrenaren bila, eta langile haiek lurrean egindako zuloetan sartzen ginen tenplu sakratuek eragin ohi duten errespetuarekin, gizartea eta mundua bera eraldatuko zuten aldarriak ahopeka errezitatuz, eta labe garaiei begira suspertzen genuen borrokarako behar genuen sua.

Baina fedeak ere ez dira betiko. Nafarroaz maitemindu ginen gero. Nabarraldekoen lanari esker jakin nuen erresuma zaharraren historiak ematen ziola koherentzia eta bizkarrezurra gureari. Baina, hainbeste fede eta kredoren ondoren, ahots horien artean batzuk zurrunegiak, gotorregiak ez ote ziren begitandu zitzaigun, eta epeldu egin ginen apur bat.

Badakit denborarekin Arabarekin ere maiteminduko naizela. Errioxako lurpeko katakonbetan sartzen naizen bakoitzean entzuten dut lurralde diskretu, sotil baina eder horren deia, ez bainau gaur egun ezerk isiltasunak eta misterioak adina liluratzen. Gainera, bizitza osoa lur elkor horietako ardoak edaten igaro ondoren, neurri handi batean bertakoa naizela ere sentitzen dut.

Baina ez gaitezen gertakariak aurreratzen hasi, azken bolada honetan inoiz baino gipuzkoarrago sentitzen bainaiz. Ez da Bilduren garaipena, ez Realaren aro berria, ez Donostiako alkatea ere, zerbait sakonagoa da, zer den zehatz ez badakit ere. Badu lurralde honek besteek ez duten irekitasun eta dotorezia bat, eta bidaia sentimental luze baten buruan etxera itzuli denaren begiradarekin begiratzen diot.

Gutxi egongo da gure belaunaldiak adina bidaia sentimental egin dituenik euskal geografian barrena. Honezkero, norbaiti galdera bat etorriko zitzaion burura: gauza bera sentitzen al zenuten aberriari dagokionez?

Gazteak ginelarik, baziren tarteka arraroren batzuk euskaldun eta espainol sentitzen zirenak, oso gutxi egia esan, eta haien jarrera konprenitzea neketsua egiten zitzaigun. Espezie arraro hori erabat desagertu da. Aberriari dagokionez, monogamoak atera gara zinez.