Gero eta lapiko ekologiko gehiago

Laugarren urtea du aurten Ekolapiko proiektuak. Ikastetxeetako jantokietan elikadura ekologikoa eta orekatua txertatzea da egitasmoaren xedea, eta, pixkanaka, hedatzen ari da. Gipuzkoako lau haur eskola eta ikastetxetan dago martxan, eta, aurten, esaterako, ikastetxeetatik kanpora ere zabaldu da: Segurako Aterpetxeraino, hain zuzen ere. Astero, eskoletako ikasleak izaten dira aterpetxean, eta horregatik sartu da Ekolapiko proiektuan. Laster, lehengai ekologikoekin lan egingo dute hango sukaldean ere. Kutxa Ekoguneak jakinarazi du “egoera nola bideratu” aztertzen ari direla orain; diagnosi fasean dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxea. Beste eskola batzuekin ere harremanetan dira Ekolapikokoak, eta “bi ikastetxe diagnosi fasean” daude.

Ekogune proiektuko partaideetako bat da Kutxa, baina helduleku gehiago ere baditu egitasmoak: Kutxa Ekoguneaz gain, Biolur Gipuzkoa elkartea, Cristina Enea Fundazioa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (ENEEK), Gipuzkoako landa garapen elkarteak —Behemendi, bereziki— eta Manttangorri elikagai ekologikoen enpresa banatzailea.

Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu: elikadura osasungarri eta orekatu baten oinarriak finkatzea; nekazaritza ekologikotik eratorritako janaria erabiliz ingurumena zaintzea; eta hemengo nekazari ekologikoen sarea sustatzea eta indartzea.

Ekolapikoko partaideek argi dute zergatik den ona elikagai ekologikoak kontsumitzea. Haien esanetan, osasungarriak eta elikagarriak dira; ez dute gehigarri sintetikorik, pestizidarik, genetikoki aldatutako organismorik, ezta antibiotikorik ere; kalitate gorena dute; ingurumen aldetik iraunkorrak dira; animalien ongizatea eta natura errespetatzen dute; eta zaporetsuagoak dira.

Gehienez, hamar euro gehiago

Aipatutako onura zerrenda horrek garestiago ere bihurtzen du menu ekologikoa hautatzea. Kutxa Ekoguneak adierazi duenez, “eskolatik eskolara aldatu egiten da kostu gehigarria”. Hala ere, azpimarratu dutenez, aldea “haur eta egun bakoitzeko 0,50 eurokoa da, gehienez”; alegia, menu ekologikoa aukeratzen duten eskoletan, hilean hamar euro gehiago ordainduko dutela, gehienez, haur bakoitzeko.

Arlo ekonomikoa eta beste hainbat ari dira aztertzen diagnosi fasean dauden ikastetxeetan. Oraingoz, aukera hori Gipuzkoako 515 haurrek dute: Donostiako Zuloaga udal haur eskolakoek (65 haur); Oiartzungo Haurtzaro partzuergoko udal haur eskolakoek (194 haur); Beasaingo Andramendi ikastolakoek (120 haur); eta Usurbilgo Udarregi udal haur eskolakoek (136 haur).

Proiektua hobetzeko bidean, 2011-2012ko ikasturterako zehaztuak dituzte erronka nagusiak, eta martxan dituzte hainbat baliabide berri ere. Erronkei dagokienez, hiru aipatu dituzte: eskola gehiagok bat egitea proiektuarekin; baliabide berrien bitartez proiektuaren zabalpena handitzea; eta bertako nekazarien sarea indartu eta ekoizle eta produktu berriak proiektura erakartzea.

Baliabide berrien artean, Internetek hartu du protagonismo berezia: alde batetik, webgune bat sortu dute (www.ekolapiko.net), “elikadura osasungarri eta ekologikoa maite duten guztientzako topagune” izan dadin, eta webgunearen bisitariak proiektura gertura daitezen; bestetik, aurkezpen bideo bat egin dute, eta webgunean jarri dute; azkenik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Ekolapikori egindako abestiaren bideoklipa ere webgunean dago.

Kutxa Ekoguneko kideek azpimarratu dute Ekolapikok hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiela partaide diren ikastetxeei. Esaterako, menu orekatuak nola sortu jakiten laguntzen diete: “Elikadura aditu batekin lantzen dira menuak. Sukaldariarekin eta pediatrarekin elkarlanean, menu osasungarriak egiten dira, Osasunerako Mundu Erakundearen piramidea oinarritzat hartuta”. Laguntza teknikoa ere ematen dute, bai eskolentzat, bai nekazarientzat. Gainera, sentsibilizazio ekintzak ere egiten dituzte, haurrek beren osasuna eta garapena janariarekin ere zain dezaten.