Dagoena ondo dago, baina askoz gehiago egin daiteke. Hori da Kalapie txirrindulari elkartearen ustea, Donostiako bidegorriei dagokienez. Donostiako Bizikletaren Behatokiak emandako azken datuen arabera, 17.000 pertsonak erabiltzen dute egunero bizikleta hirian ibiltzeko. Kalapie elkarteak, ordea, beste hamar mila lortu nahi ditu 2016rako; horretarako, bizikletaren aldeko sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du datorren astean.
Elkartea 1989an sortu zuen Donostia inguruko bizikletazale talde batek; ordutik, beste eskualde batzuetara ere hedatu da taldea. Bazkide batzuek kuota ordaintzen dute; beste batzuek, elkartearen ekintzetan parte hartzen dute soilik. Higinio Otazuk zazpi urte daramatza Kalapien, eta zuzendaritzako kidea da gaur egun; hark azaldu duenez, sarritan jotzen dute administraziora, azpiegiturak hobetzeko eskatuz, baina garrantzi handiagoa ematen diote txirrindularitza kalean ikusteari.
“Bizikleta bideen sarea hobetu daiteke, eta bukatzeko dago, baina, oro har, betetzen ditu askoz txirrindulari gehiago egoteko baldintzak”. Otazuren ustetan, hiri barruko txirrindularitza asko ari da hazten, eta Donostia horren adibide bat baino ez da; Zarautzen eta Irunen gauza bera gertatzen da.
“Jendeak autoa utzi eta bizikleta har dezan nahi dugu”. Txirrindua distantzia laburretarako egokiagoa dela ere nabarmendu du Otazuk: “Zazpi kilometrotik behera, askoz eraginkorragoa da, ez daukazulako aparkatzeko leku bila ibili beharrik. Hori, osasunari egiten dion mesedea kontuan izan gabe. Garraio garbi, iraunkor eta osasuntsua da”.
Distantzia laburretarako, lurralde ezin egokiagoa da Gipuzkoa: “Donostiatik gertu daude Hernani, Errenteria, Pasaia, Lasarte… Sare on batekin, bizikleta erabiltzeko moduko distantziak dira, autora jo behar izan gabe. Gauza bera gertatzen da Beasain, Ordizia eta Lazkao inguruan. Gipuzkoako hirigune asko elkarrengandik distantzia gutxira daude, eta badago bizikletaz joateko aukera”.
Hala ere, herri arteko garraioan bada zer hobetu, Otazuren iritziz. Garraio publikoa, esaterako, egokitu beharra dagoela uste du: “Hor zeresan handia edukiko dute Renfek eta Eusko Trenbide Sareak”. Geroz eta gehiago dira etxetik tren geltokira bizikletaz joaten direnak, bizikletarekin trenean sartu eta trenetik lantokirako bidea ere txirrinduz egiten dutenak. “Baina Leitzarango bailaran bizikletaz ibili nahi baduzu, hemendik Lekunberrira bi pertsonari bezainbeste kobratzea bizikleta daramazulako soilik… ez dago eskubiderik”, kexatu da Otazu.
Donostia barruko azpiegiturak ere egokitu behar liratekeela adierazi du: “Autobusak, igogailuak, EuskoTren… bateragarri eta elkarren osagarri izan behar dute, guztien artean bizikletaren erabilera bultzatuko duen sare bat osatzeraino”.
Krisia ez dadila aitzakia izan
Bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiari mintzatu zaio Kalapie elkartea: “Gipuzkoako bizikleta bideen lurralde plan sektoriala 2025erako amaitzea espero dute, baina asko atzeratuko dela uste dugu; iaz ez zuten ia euro bakar bat ere eman horretarako, eta aurten ere jaitsi egin dute aurrekontua”.
Krisi ekonomikoa ez da nahikoa aitzakia bidegorriak alde batera uzteko. Aitzitik, haietan inbertsioak egiteko aukera ona dela uste du Otazuk: “Egia da eta ulertzen dugu krisian gaudela eta horrek dena baldintzatzen duela, baina oraintxe da bizikleta garraiobide gisa bultzatzeko unea”.
Herbehereak jarri ditu adibide moduan: “1970eko hamarkadako krisian, goitik behera aldatu zuten guztia; petroliotik eratorritako energiatik energia berriztagarrietarako jauzia egin zuten, eta horien barruan bizikletaren erabilera bultzatu zuten. Emaitza izugarria izan da”.