“Mendi saio hezitzaileagoak egiteko eskatu behar lioke Jaurlaritzak ETBri”

Donostiako Vasco de Camping elkarteko lehendakari Txema Garaik (Donostia, 1962) heziketa ikusten du mendi segurtasunaren giltzarri gisa, horrek eramaten duelako mendizalea bere burua, txangoa eta materiala prestatzera.

Eusko Jaurlaritza erreskate jarduerengatik kobratzen hasteak kalapita sortu du mendizale askoren artean. Nola ikusten duzue zuek?

Federazioaren arabera, euskal mendizaletasunarentzat txarra da. Gero, mendizale den Eusko Jaurlaritzako Barne Saileko zuzendari batek erabakia segurtasunaren aldetik enfokatu du; ez kobratzeko, baizik eta arriskuaz jendea ohartarazteko. Nik, horiek entzunda, hauxe pentsatu nuen: gure elkartean ikusten dut normalean mendira joaten denak lizentzia [federazioan izen ematea eta horrekin asegurua] ateratzen duela. Bestalde, arrisku kirolen zerrenda atera zuten, eta hor ez zen mendi ibiliak egitea azaltzen. Eskalada, sakan jaitsiera eta horrelakoak bai, baina mendi ibiliak ez. Zuk, autoa hartzen duzunean, araudi bat ikasi behar izaten duzu, eta azterketa gainditu; hau da, gidatzeak dituen arriskuen jabe egin zara. Mendi jardueretan gauza bera gertatu beharko litzateke.

Zeinek egin behar luke lan hori?

Horren ardura nagusia elkarteena eta federazioena da, haiek gauzatu behar dituzte horrelako formazio saioak. Esaterako, guk azkeneko urtean autobabeserako hiru ikastaro egin ditugu. Betidanik mendira joan ez den jendearen artean kontzientzia sortu behar da. Bestalde, Eusko Jaurlaritza bera ari zaigu esaten ibili behar dugula osasungarria delako. Jendea ibiltzen da, eta [Donostiako] Pasealeku Berritik Uliara doa, eta hurrengo egunean Jaizkibelera, eta gero Aralarrera. Bertan, lainoa sartu, eta orduan sortzen da arazoa. Nik uste dut kontzientziatu egin behar dela. Jendeak, kontzientziatu, eta jakin behar du mendira irteteak arriskua duela, esaterako, 0,1ekoa Uliako paseo batean, Alpeetako eskalada bateko 100era arte.

Mendian ibiltzea, beraz, ez da arriskutsua.

Lehenago ere esan dugu, beti dago arriskuren bat, baina, oro har, ez. Hala ere, mendira doanak irteera bakoitzerako espresuki prestatu beharra dauka; ez da gauza bera Uliara edo Aralarrera joatea; Aralarrera joateko, esaterako, gida liburu bat beharko litzateke.

Jaurlaritzak zereginik ba al du prebentzioan?

Jaurlaritzak egin beharko lukeena, esaterako, ETBra jotzea da. Edozeinek egin ditzakeela ematen duten Aconcaguarako lehiaketa espedizioak sustatzea baino gehiago, ETBri saio hezitzaileagoak egiteko eskatu beharko lioke Jaurlaritzak, segurtasuna eta abar sustatuz. Horrek saihestuko ditu erreskateak; jendea mendira botekin, makilekin, urarekin… azken batean, prestatua joatea. XXI. mendean bi pertsona Auñamendin izoztuta hiltzea ikaragarria delako.

Erreskateak ordaindu behar izateak beldurtu egingo du mendira era egokian doan jendea?

Esan bezala, mendian ibiltzea ez zegoen arrisku kirolen zerrendan, eta, oraingoz, ez dut uste hori kobratuko dutenik. Gainera, nik ez dakit zehazten, baina hor dago Jaurlaritzak duen sorospenerako beharra ere. Baina guk dugun beldurra bestelakoa da; horrelako neurriekin gure [federazio] aseguruen prezioa igoko den. Azken batean, zer da hau? Ondo ari dena zigortzea? Horrexegatik esango dut berriro: heziketa da bidea.

Hala eta guztiz ere, elkarteek jendea federatzeko aholkua ematen duzue.

Gure artean ere hitz egin dugu. Gure irteeren egutegia prestatzeko garaian, bazegoen federatuta egotea exijitzearen aldekoren bat, baina beste batzuek ezetz esaten zuten. Gure irteeretara datorren jende asko probatzera dator, eta horregatik utzi behar duzu irekita. Azken batean, sarri doanak egiten du lizentzia.

Zeintzuk lirateke oinarrizko segurtasun neurriak?

Zer egin nahi duzun eta nora joan nahi duzun jakitea da lehenengo gauza. Bigarrena, eguraldia begiratzea. Hirugarrenik, mendira joateko, ezinbestekoa da botak, ura, kapela, eskularruak, betaurrekoak eta jateko zerbait eramatea. Eta, noski, norberak bere neurriko irteerak aukeratu behar ditu. Behobia-Donostia egiten denean bezala jokatu behar da; hau da, aldez aurretik prestatu behar duzu, ezin zara Alpeetara joan ibiltzeko ohiturarik gabe.

Garrantzirik ba al du materialak?

Guk hamar urte daramatzagu umeekin irteerak antolatzen. Lehenengo txangoetara botarik gabe etortzen diren haurrak daude, eta gaizki pasatzen dute, irristatuz-eta. Askotan, badirudi mendian ibiltzea ez dela kirola, eta jendea prestatu gabe dabil; materiala ere behar da.

Gipuzkoa arriskutsua al da mendian ibiltzeko?

Gipuzkoan Aizkorri aldea izan liteke arriskutsuena. Balerdin eta Aiako Harrian ere gune arriskutsu batzuk daude, horrexegatik diot irteerak prestatu behar direla, horiei buruz irakurrita eta informazioa eskuratuta. Edozein lekutan dago arriskua, baina, oro har, Gipuzkoa ez da arriskutsua mendi ibiliak egiteko.

Ezta lainoa sartzen denean ere?

Horretarako dago GPSa; teknologiak asko laguntzen du. Egungo Android telefonoek GPSa daukate. Baina aholku guztien artean onena zer egin nahi duzun jakitea eta, batez ere, zure gaitasuna ezagutzea da. Eta eguraldi txarra badator, gelditu Amezketan babarrunak jaten.