Erregeek bandera yankiz eta pistolaz jositako bi galtzontzilorekin harritu naute aurten. Kamuflajerako kolore nahasiak dituen oihalaren gainean daude itsatsita marrazkiak, eta Chuck Norrisen hankartea dantzan jartzeko moduko janzkiak dira, zinez. Zorroak ireki nituenean, Erregeak txantxetan ari zirela pentsatzeko tentaldia izan nuen, baina haietako baten imintzioak segituan argitu zidan ilusio guztiarekin egindako opariak zirela haiek. Eta, tira, berripoza eta harroputz konpletoa naizenez, dutxatu eta gustura estali nituen nire lotsariak galtzontzilo matxo haiekin.
Galtzazpiko sekretu hura egoki gordeta, Antigua auzoko jatetxe japoniar txiki batean afaldu nuen gauean —Mikel Laboaren kuttuna omen zen hartan, bai—. Aparteko jakiak dituzte, eta jangela ñimiño bat ere bai. Albokoen jarduna entzuteko ez dago ni bezain kuxkuxeroa izan beharrik, eta nahi gabe ere mila kontutan muturra sartzeko parada dago han. Bi euskaldun jatorren lehen zita zirudienaren lekuko izatea egokitu zitzaidan, eta nahiko kezkatuta itzuli nintzen etxera han ikusi eta aditu nituenekin.
Hogeita hamabost bat urte bota nizkien, eta poza ematen zuen haien aurpegiak ikusteak. Dena zen irribarre, dena adeitasun. Segituan antzeman nuen solasaldi mamitsuak izaten ari zirela, euskara dotorean. Hain ziren gai jasoak, klixe hutsak izatera iritsi baitziren. Film irandar baten aipamena, Houllebecqen liburuen inguruko berba, bietako batek Hego Korean bizitakoen bildumatxo interesgarria. Hori dena, sushi gozo-gozoarekin ongi berdintzen ziren bitartean. Testu hau zerekin betetzen jakin ez eta asmatutako hainbat topikoz trufatzea leporatu diezaiokezue zutabegile alferrontzi honi, baina ez; horrelako lehen zita europar eta modernoak gurean ere izaten dira, joan den astean jakin nuenez.
Norbait ezagutu eta pare bat hilabete pasa arte, harekin Cola-Cao bat hartzen dut nik, asko jota; ez nago inori leziorik emateko. Baina, gorago idatzi dudanez, kezkatuta etxeratu nintzen; izan ere, bikote xarmagarriari ez nion inongo tentsio sexualik antzeman afari osoan. Ez begirada lizun samarrik, ez igurtzitxorik izterrean, ezta zentzu bikoitzeko esaldi baldarrik ere. Edalontziekin topa kasto bat egin eta “gugatik!” esan zutenean, puxtarri pare bat eman nizkien; baina, hurrengo orduetan elkarrekin oheratzeko inongo xederik bazuten, ederki disimulatu zuten. Donostian izanda, noski, ez nuen espero batak jertse azpitik bularretakoa kendu eta mahai gainean utziko zuenik aztarna gisa, ezta besteak aulkitik altxatu eta komunerako bidean muxu lerdetsurik oparituko zionik ere bere kide berriari. Halere, postre jostagarriren bat falta izan zuen otordu hark, bai ala bai. Espero dut handik irten eta izango zela zirriren bat bederen, Antiguako gau ilunean. Gure alerik onenek eredugarri izan behar dutelako. Eta ederra litzatekeelako ongi hezitako abangoardia bero-bero bat izatea Euskal Herria are beroagoa izan dadin, paradisu izerditsu bilakatu arte. Beraz, sushia eta tenpura izan bitez epel zerbitzatzen diren bakarrak.