Tramiterako onartu dute bigarren ingurabidearen aurkako helegitea

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu berri du RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubak Donostia aldeko bigarren ingurabideko bidesari sistemaren aurka iazko apirilean jarritako helegitea. Izan ere, RACek helegitean adierazi zuenez, “gidari askori errepide horretako bidesaria ordainarazten zaie bidearen zati bat bera ere erabili gabe”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano ahaldun nagusi zela, aurreko legealdian onartu zuen bigarren ingurabidean bidesaria jartzea. “Ordea, diputazioak bidesariak ordaintzeko gunerik ez jartzea erabaki zuen, pentsatuz bidesari gune berria jartzeak gidariak lehengo bidetik ibiltzera bultzatuko zituela”, adierazi dio Gipuzkoako Hitza-ri Luis Murgia Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko kideak. Hala, lehendik Zarautzen, Irunen, Orion eta Oiartzunen zeuden guneetan prezioei osagarri bat gehitu zien diputazioak.

Hori “burugabekeria” dela uste du Murgiak: “Erabili eta ez ordaintzeko aukera ematen du, eta alderantziz, erabili gabe ordaindu behar izatea ere bai”. Adibideak argiak dira. Zarautzen bidesaria ordaindu eta Donostiako Antigua auzoko irteeran ateratzen denak ez du errepide berria zapaldu ere egiten. Ordea, Zarautzen bide berriaren zatiari dagokion osagarria ordaindu behar du. Gauza bera Irunen AP-8an ordainsaria ordaindu eta Errenterian, Donostian Amaran edota Intxaurrondon ateratzen diren gidarien kasuan ere. Antzerako egoeren hainbat aldagai gehiago ere badaude.

Murgiaren arabera, dena den, alderantzizko egoerak ere gertatzen dira. Alegia, bigarren ingurabidea ordaindu gabe erabiltzerik ere badago. “Lasarte-Orian ingurabidera sartu eta Errenteriako Beraun auzoan ateratzen denaren kasua litzateke hori, esaterako”, adierazi du Murgiak.

Hilabeteetako bidea

Helegiteak bide luzea egin du, azkenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu duen arte. Izan ere, RACek helegitea aurkeztu zuenean Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen helegite mota hura Espainiako Auzitegi Konstituzionalean soilik aurkez zitekeela. Azkenean, ordea, RACi arrazoia eman, eta tramiterako onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Edozein kasutan, Murgiaren arabera, auzitegiaren erabakia “ez da sorpresa izan”. Ordea, zer gertatuko den ere ez dakitela dio: “Izan ere, bidesarien gaia bera ere eztabaidan dago; beraz, ez dakigu zer gertatuko den”.

Litekeena da Gipuzkoako Foru Aldundiak bigarren ingurabideko bidesaria bertan behera utzi ostean ailegatzea auzitegiaren erabakia. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eratu berri duten batzorde txostengilean datozen aste eta hilabeteetan bidesari sistemari buruzko eztabaida egingo dute. Beste eredu baten aldekoak dira Bildu, PP eta Aralar.