Etxeko hondakinak murrizteko, hezkuntza

Ikasleek euren hurbileko ingurunean hondakin gutxiago sortzeko kanpaina bat jarri du abian San Marko mankomunitateak. Errenteriako sei ikastetxetan hasi dute kanpaina hori, eta, apurka-apurka, mankomunitatearen barruan dauden hamar udalerrietako eskoletara zabalduko dute. Denera, ia 3.000 ikaslek parte hartuko dute. Murriztu, zirt edo zart! izena jarri diote egitasmoari. Donostia, Errenteria, Pasaia, Lezo, Astigarraga, Oiartzun, Usurbil, Urnieta, Hernani eta Lasarte-Oriak osatzen dute San Marko mankomunitatea.

Hondakin kopurua murrizteko, mankomunitateak funtsezkotzat du kontzientziazioa eta sentsibilizazioa; izan ere, hondakin gutxiago sortzeko bidean, norberak hiri hondakinen arazoaren berri izan eta horri irtenbidea jarri behar dio. Hala, San Markoko arduradunen ustez, prebentzioan dago gakoa, “gaikako bilketa alde batera utzi gabe”.

Urtarrilean hasi eta apirilera arte iraungo du egitasmoak, eta eskola bakoitzeko geletan egingo dituzte kanpainako saioak. Hala ere, ikastetxeetako arduradunei eskatu diete gaia aldez aurretik landuz joateko. Horretarako material pedagogikoa banatu du mankomunitateak.

Gainera, kanpaina hori eskoletara iristearekin batera, parte hartzaile guztiek gutun bat bidaliko dute, bakoitzak bere etxera. Etxera informazioa bidaltzeaz gain, ikasle bakoitzak gonbita egingo dio bere sendiari, hondakin gutxiago sortzeko ohiturak har ditzan.

Errenterian, hasiak dira ikasleak sentsibilizatzeko egitasmoarekin. Asteartean, esaterako, Orereta ikastolako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleek kanpainaren barruko saioak egin zituzten.

Gelan argibideak jasotzeaz gain, ikasleek aukera izan zuten jolastokian ikasitakoa praktikan jartzeko ere. Izan ere, antzara joko erraldoi baten bitartez, jolasteko eta ikasteko beta izan zuten. Tailerrak eta parte hartze jolasak ere egin zituzten.

Ikasleek tentuz entzun zituzten irakasleen eta mankomunitateko ordezkarien argibideak, eta horiek betetzekotan gelditu ziren; hala adostu zuten. Orain, garbiago dute hondakin gutxiago sortzeak zein garrantzi handia duen.