Gerriari neurria hartzea

Argaltasuna miresten duen gizartean geroz eta gehiago dira pertsona gizenak. Eguberrietan gehiegi jateagatik edo urte berrirako asmo baikorrengatik, asko dira garai honetan dietei eta argaltzeko metodoei ekiten dietenak. Kasu askotan, arrazoi estetikoek bultzatzen dituzte koipe eta litxarreriak alde batera uztera. Geroz eta pertsona gehiago dira, ordea, dietetara osasun arazoengatik jo behar izaten dutenak.

Donostiako Poliklinikak emandako datuen arabera, Gipuzkoako biztanleen %12ri diagnostikatu diete gizentasuna, eta %1ek —6.000 pertsona inguruk— gizentasun morbidoa dute, gaixotasun horren aldaera larriena.

Gehiegizko pisua eta gizentasuna ez dira gauza bera; bai, ordea, “gaixotasun berberaren maila desberdinak”, Ana Elbusto (Paris, 1964) elikadura aholkulariaren arabera. “Medikuok gizentasuna gaixotasun gisa ikusten dugu beti”, azaldu du. Izan ere, gehiegizko pisuak hainbat gaitz sorraraz ditzake; besteak beste, arterietako presioa handitzea, kolesterol altua eta bihotzekoa izateko arriskua.

Elbustoren arabera, gizentasuna ez dago heriotza gehien eragiten dituzten gaixotasunen artean, baina larritzekoa da eritasuna dutenen kopurua goraka doala etengabe: “Bi hamarkada daramatzagu fenomeno hori behatzen, eta, apurka-apurka, gomendagarria dena baino gehiago pisatzen dutenen kopurua handitzen doa”.

Gehienetan, ohituren ondorio

Bakoitzaren bizi ohiturak daude gaixotasunaren oinarrian: elikadura desegokiak eta ariketa fisiko gutxi egiteak eragiten du gehiegizko pisua. “Ezin diogu errua genetikari bota; gizentzea progresiboa denez, ez dugu uste horrekin zerikusirik duenik. Bizitza estiloa da kontua”.

Gizentasuna diagnostikatzeko, gorputz masaren indizea erabiltzen dute medikuek; pertsona bakoitzaren garaiera eta pisua neurtuz lortzen da hori. “Pertsona bat gizena dela esaten dugu bere indizea 25etik gorakoa denean. Normalena indizea 18,5 eta 25 artean egotea da, baina geroz eta gehiago dira 25etik gorakoa ematen dutenak”, azaldu du aholkulariak.

Dena den, gehiegizko pisua soilik ez da nahikoa arrazoi gizentasuna diagnostikatzeko; pisu horrek pilatutako koipearengatik izan behar du. Koipe hori non dagoen ere bada kontuan hartu beharreko faktorea: “Pertsonaren gerria ere neurtu behar da, eta ikusi ea koipea bularrean eta sabelaldean pilatzen den. Halakoetan, gorputz masaren indize oso altua izan gabe ere, arriskutsua izan daiteke”. Adinak ere badu zerikusia: zenbat eta zaharragoa izan pertsona, orduan eta kalte gehiago egin diezaioke gehiegizko pisuak.

Gizentasuna duten pertsonei, normalean, kaloria gutxiko dieta gomendatzen zaie, eta ariketa fisikoa egiteko aholkatu. Dena den, kasu batzuetan ez da nahikoa izaten horrekin: gizentasun larria duten pertsona batzuek kirurgia behar izaten dute. “1,60 metro neurtuta, 150 kilo pisatzen dituzten pertsonez ari gara”, esan du Elbustok. “Dietarekin eta ariketa fisikoarekin, lortuko dugu haiek pisua galtzea. Hogei edo 30 kilo galduko dituzte, baina hala ere gehiegi pisatuko dute, eta beharbada osasun arazoak izaten segituko dute. Kasu horiek kirurgiarako hautagaiak izan daitezke”.

Elbustok Donostian du kontsulta; bertaratzen diren gehienak osasun arazoengatik joaten direla azaldu du, baina badira bestelako arrazoiek bultzatuta joaten direnak ere. Gaixotasunak ez du gizarteko konnotazio negatiboa galdu, pertsona gizenak geroz eta gehiago izanagatik ere: “Pertsona gizen asko baztertuta sentitzen dira, esaterako, erosketak egin eta euren neurriko arropa politik topatzen ez dutenean. Horrek, batzuetan, elikadura nahasmenduak dakartza, esaterako, betekadaren nahasmendua. Kasu horietan, noski, ez da nahikoa nutrizio mediku bat egotea; jarraipen psikologiko bat ere egin behar zaie pertsona horiei”. Gizentasunari garrantzia gehiago eman behar zaiola uste du: “Ez gaude arazo estetiko baten aurrean; osasun arazo bat da”.