Haurren %58k ez dute hamaiketakorik egiten

8 eta 15 urte arteko gipuzkoarren erdiek baino gehiagok, %58k, ez daukate hamaiketakoa egiteko ohiturarik. Datu hori ematen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaritzak Poliklinikarekin batera egindako Kilogip: loditasuna eta kirola Gipuzkoan txostenak; ikerketa horretarako, 1.809 ikasleren elikadura ohiturak aztertu zituzten 2003 eta 2008 bitartean. Txostenean diotenez, lotura zuzena dago hamaiketakoaren eta haurren gizentasunaren artean: otordu hori egiteko ohiturarik ez duten ikasleen artean arruntagoa da gehiegizko pisua izatea. Egunean hiru otordu egiten dituzten haurren %13,2k dute gizentasuna; egunean lau edo bost egiten dituztenen artean, aldiz, %9,3k.