“Hilabetetako lana dago jokoan, eta gauzak ondo egin nahi ditut”

Laugarren aldiz hartuko du parte Munduko neguko Triatloi Txapelketan Jon Erguinek (Beasain, 1980), eta bigarren aldiz Europako Txapelketan. Bi probak martxoan dira, baina aurretik, bihar, Espainiako Txapelketan parte hartuko du. Iraupen eskia, mendiko bizikleta eta korrika uztartu behar izaten dituzte halako lasterketetan. Neguko denboraldiko lehen proba garrantzitsua du biharkoa.

Espainiako Txapelketari begira, zein helburu jarri diozu zeure buruari?

Hiru urtetan jarraian bigarren egin dut, eta aurten irabaztea izango da helburua. Beste urteetan baino indartsuago egon beharko nuke, eta hori nabaritu egin beharko litzateke. Beste urteetan helburua podiumean egotea izaten zen, Munduko Txapelketarako sailkatzeko. Baina iazko emaitzak ikusita, pixka bat gehiago egitea erabaki dut, eta horregatik da irabaztea aurtengo helburua.

Europako eta Munduko txapelketei dagokienez, zer eskatzen diozu zeure buruari proba bakoitzean?

Iaz, Munduko Txapelketan, bi aldiz eroriagatik 13. egin nuela ikusita, aurten lehen hamarren artean sailkatu nahi dut, eta uste dut badudala horretarako aukera. Baina errealista ere banaiz. Badakit jendeak zer egin duen azken urte hauetan, eta, aukera badudala uste arren, ikusi egin behar da gero. Hala ere, lehen hamarren artean sartzea izango da gutxieneko helburua. Europako Txapelketan behin bakarrik parte hartu dut orain arte, baina han ere aurrean egon nahi dut sailkapenean.

Neguko triatloian elurra ezinbestekoa da, baina inguru hauetan entrenatzeko aukera handirik ez duzu. Nola moldatzen zara?

Beste urte batzuetan eski lasterketak baliatzen ditut entrenatzeko, baina aurten bat bakarra egin dut, aurreko igandean. Mundukorako eta Europarako prestatzen ari diren ia denak profesionalak dira, eta horiek entrenamenduak elurretan egiten dituzte. Zorionez, eskiatzen moldatzen naiz ondoen, alor horretan entrenatuagatik gutxien.

Eskiaz gain, korrika eta bizikletan ibili behar izaten duzue. Azken bi horietan zein duzu nahiago?

Bizikletan hobeto moldatzen naiz, eta korrika, gaizkien, baina gustatu biak gustatzen zaizkit. Denbora faltagatik, gehien egiten dudana korrika da, baina kuriosoa da: gutxien eskia egiten dut, eta hor ibiltzen naiz ondoen; eta korrika da gehien egiten dudana, baina hor galtzen dut denbora gehien probetan.

Zure ustez, zergatik da hori?

Txikitatik eskiatzen dudalako eta ondo moldatzen naizelako. Probetan ere antzematen da. Iaz Munduko Txapelketan, Finlandian, pentsatzen nuen nire puntu makurra eskia izango zela, baina azkenean partzialik onena han egin nuen. Igandeko eski proban ere bosgarren egin nuen, baina nire aurretik sailkatu ziren guztiak eskiatzaile profesionalak ziren. Hala ere, idealena gehiago eskiatzea litzateke.

Talderik gabe parte hartuko duzu hiru probetan. Nola moldatzen zara batetik bestera ibiltzeko?

Orain arte Munduko Txapelketara Espainiako Selekzioarekin joan izan naiz. Baina aurten murrizketak egin dituzte, eta ez zait laguntzarik iritsi. Gainera, geroz eta helburu handiagoak jarri, orduan eta ahalegin handiagoa egin behar da; materialak ere ona izan behar du, postua segundo batzuen barruan zehazten baita. Aurrean egoteko, hori dena kontuan hartu behar da, bidaia antolatu behar da, inskripzioak bete… Gauza asko egin behar dira, eta horrek presio handia eragiten dit.

Presio hori motibagarria zaizu?

Alde batetik, bai, aurretik egin duzun guztia gogoan duzulako. Baina nekatu ere egiten du, burua ez duzulako argi; helburura begira egon beharrean, inguruan dagoenari ere begiratu behar diozulako. Hilabete askotako lana dago jokoan, eta, profesionala ez naizen arren, gauzak ondo egin nahi ditut, jarritako helburuak bete.

Materiala zenbateraino da garrantzitsua?

Proba batean asko baldintzatzen du materialak. Elurra nola dagoen, eski mota batzuk aukeratu behar dira, eskientzako argizari jakin bat; bizikletaren gurpilen estalkiak, elurraren arabera, zabalera jakin batekoa izan behar baita… Iaz, Munduko Txapelketan, estalki estuegiak aukeratzeagatik erori nintzen bizikletatik bi aldiz; minutu inguru galdu nuen. Aurten horrelakorik ezin zait gertatu; hori ere presio mota bat da. Baina hemen egonda, ezin da jakin Finlandian elurra nola egongo den, eta ezin dut askorik egin.