Lana bistaratzeko eguna

600-700 korrikalari. Ehun pertsona inguru antolakuntza lanetan. Parte hartzailez zein ikuslez betetako hamar autobus. 3.000-3.500 ikusle. Horiexek igandean, Mintxeta Atletismo Taldeak antolatuta Elgoibarren 69. aldiz egingo den Juan Mugerza nazioarteko krosaren daturik esanguratsuenak. Izan ere, kirol mailan Elgoibarrek duen probarik “garrantzitsuena” da Juan Mugerza krosa, Zigor Diez kroseko antolaketa arduradunaren arabera. Eta sare hori guztia osatzeak “ia urte osoko” lana esan nahi du. Horregatik “ahalik eta jende gehien” hurbiltzea nahi dute, krosaren eguna bera baita lanaren isla.

Urtero legez, besteak beste, Portugal, Frantzia, Ingalaterra, Italia, Errumania, Etiopia, Argentina, Eslovenia nahiz Keniatik iritsitako atletak izango dira, etzi, Elgoibarren. Goi mailan dabiltzan atletak. Tartean, Munduko Txapelketan zein Europakoan medailak irabazitako hainbat korrikalari. Hala, esaterako, iaz kategoria absolutuan garaile izan zen Leonard Komon keniarra aurten ere partehartzaileen artean izango da. Komonek lehen aldiz 2008an hartu zuen parte Juan Mugerza krosean; ordutik ez du hutsik egin. Asteazkenean Elgoibarko udaletxean egindako aurkezpen ekitaldian ere izan zen Komon, antolatzaileekin eta beste zenbait atletarekin batera. Orotara, hamar lasterketa izango dira; bost kategoriatan banatuta —alebinetatik absolutura— eta gizon-emakumeak bereizita.

Aurten, gainera, krosa sendotu eta indartzeko bidean urrats bat gehiago eman du Mintxeta Atletismo Taldeak. Izan ere, Europako Atletismo Federazioak 2012ko Europako krosen egutegi ofizialean sartu du Elgoibarkoa. Egutegi horretan egoteak “hainbat onura” ekarriko dizkio Juan Mugerza krosari. Izan ere, oihartzun handiagoa izango du nazioartean, eta horrek krosera nazioarteko are eta atleta gehiago ekartzea ahalbidetuko du. “Guretzat urrats garrantzitsua da”, adierazi du Diezek: “Gure lana horretan igartzen da eta, oso pozik gaude”.

Bestalde, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkariek hurrengo lau urteetarako hitzarmena ere sinatu berri dute. Krosaren etorkizuna ziurtatzen duen hitzarmena da, hain justu, abenduan sinatutakoa. Akordioaren arabera, Elgoibarko Udalak 22.000 euro bideratuko ditu datozen lau urteetan krosa antolatzera. Urrats garrantzitsua izanagatik, dena den, krisi ekonomikoa medio aurreko hitzarmenean adostutakoa baino 3.000 euro gutxiago jasoko ditu datozen lau urteetan Mintxeta Atletismo Taldeak krosa antolatzeko. Orotara, aurten 85.000 euroko aurrekontua izan du krosak; iazkoan baino %15 gutxiago. “Badakigu ekonomikoki momentu hau ez dela ona, eta horregatik gure asmoa da lanean segitzea” nabarmendu du Diezek.

Akordioa amaitzen den urteari begira, gainera, ziklo berri bat hastea ere badute buruan Mintxetako arduradunek, belaunaldi berriak antolaketan murgiltzea, hain zuzen. “Jendea poliki-poliki ari da nekatzen eta guk mezu bat bidali nahi diogu herriari; jendea gugana, antolakuntzara, hurbiltzea nahi dugu”, adierazi du Diezek.

JUAN MUGERZA KROSA

Eguna. Igandea, hilak 22.

Ordutegia. Lehen lasterketa 10:00etan; azkena, 13:00etan.

Lekua. Mintxetako kirol gunean.