Hamalau hilabeteren buruan plazaratu dute Motxo arrantzontziak izandako istripuaren eta ondorengo erreskate lanen inguruko lehen txostena. Espainiako Sustapen Ministerioaren Itsas Istripu eta Gertaeren Ikerketa Batzorde Iraunkorrak egin du ikerketa, eta emaitzak era guztietako erreakzioak eragin ditu. Eguzki talde ekologista, esaterako, ez du asebete txostenak, eta hainbat galdera ditu erakundeentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, arrantzontziko kaxa urdinaren datuak eskatu dizkio Sustapen Ministerioari, Motxo arrantzan ari ote zen jakiteko. Txostenak ezetz esan arren kaxan bestelakorik agertuko balitz ez dute baztertzen salaketa jartzea, Aldundiko Landa Garapenerako teknikari Jon Zulaikak Gipuzkoako Hitza-ri jakinarazi dionez: “Behin dokumentazioa aztertu ondoren hartuko dugu horri buruzko erabakia”.
Txostenak Motxo-ren jabea egiten du istripuaren errudun; “seguruenik” patroiak “modu eraginkorrean” zaindu ez zuelako jo zuen hondoa arrantzontziak Deba eta Zumaia arteko babestutako biotopoaren eremuan. Erantzukizun gehiago ere zehazten ditu txostenak; hain zuzen ere, istripua gertatu ondoren egindako esku hartzeen ingurukoak. Motxo iraultzearen eta erregaia galtzearen arrazoia “gaizki definitu, antolatu eta gauzatutako erreskate plana” izan zela ondorioztatu du; erreskate operazioan, berriz, “antolakuntza eta formazio gabeziak, eta erabakiak hartzeko eta ardurak onartzeko gabeziak” nabaritu zirela gaineratu du.
Ez Eusko Jaurlaritzak ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez dute ardurarik izan erreskate operazioan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Gipuzkoako Hitza-ri adierazi dionez, “berreskuratze lanak Espainiako Sustapen Ministerioarenak dira, eta atoiontziekin eta bestelakoekin egindako lanak, Ingurumen Ministerioarenak”. Beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du inolako eskumenik izan. Gipuzkoako Foru Aldundiak bai, ordea. Izan ere, Motxo zegoen lekutik garabi erraldoi baten bidez atera eta desmuntatu beharreko tokira mendiz eraman zuten. Mendi zati hori ere biotopoaren barruan dago, eta aldundiaren eskumena da hura zaintzea. Zulaikak adierazi duenez, mendian garabiarentzako bideak egitea eta ordokia konpontzea “arrantzontziaren aseguru konpainiak” ordaindu zituen. Gaur egun, ingurua “ia erabat itxuratuta” dagoela adierazi du Zulaikak. Eguzkikoak ez dira iritzi berekoak. Juan Mari Beldarrain taldekidearen ustez, “bertatik ez ezik, urrunagotik ere ikusten da mendian dagoen orbana”.
“Lotsagarriena” gerokoa
Eguzki talde ekologistakoek ez dute ulertzen zergatik aukeratu zen Motxo garabi bidez eta mendiz garraiatzea. Haien ustez, alferrikako kaltea eragin zen, eta bazegoen beste aukerarik. Beldarrainek azaldu duenez, 2008ko martxoan Jaizkibel inguruan Motxo-ren antzeko egoeran gelditu zen Maro salgaiontzia, “Motxo baino hamar aldiz handiagoa”. Hura bertan desmuntatu zutela dio, “piezaz pieza”. Lan horrek denbora asko eman zien arren, “askoz hondamendi txikiagoa sortu zuen”.
Beldarrainek onartzen du istripu horrek eragindako kaltea “batez ere paisaiari dagokiona” dela, baina hori ere kontuan hartzekoa dela uste du: “Bazegoen Jaizkibelgo esperientzia, eta ez dakigu zergatik ez zuten hura kontuan izan. Ontzi txikia izateko, kalte handia eragin du lehorrean, eta txostenak ez du ondorio hori aipatu ere egiten. Erreskateaz bakarrik ari da, baina gerokoa izan da lotsagarriena”. Galderak ere badituzte: “Estatuari erreskatea zenbat kostatu zaio? Eta aldundiari ingurua berreskuratzea? Jakin nahi dugu armadorearen aseguruak zenbat ordaindu duen eta diru publikotik zenbat jarriko den”.
Aldundiak bezala Eguzkik ere zalantzak ditu arrantzontzia biotopoan egotearen arrazoiez: “Arrantzan ari ote ziren, ez dugu baietzik edo ezetzik esango. Baina hor arrantzatu egiten da, hori denek dakite, eta istripu horrek balio badu berriz hor ez arrantzatzeko, gu pozik”.