24 ORDUAN, BI PARADA DANTZARAKO

Rocka, reggaea eta ska. Hiru musika estilo horiek eta hamar musikariren lana uztartuz, dantzarako eta festarako aukera ederra eman ohi du Ze Esatek! taldeak. 2009tik, sortu zenetik, bi disko kaleratu ditu taldeak; 2010eko martxoan lehena eta 2011ko azaroan bigarrena. Biekin ere arrakasta itzela lortu dute. Besteak beste, 2010eko Ikasle Eguneko eta 2011ko Kilometroak jairako prestaturiko abestiak ere Ze Esatek! taldeak eginak dira. Asteburu honetan bi kontzertu dituzte taldearen jarraitzaileek. Lehena, gaur, 22:00etan, Hondarribiko Psilocybenea aretoan. Bigarrena, bihar, ordu berean, Tolosan, Bonberenean.