Gipuzkoako Ur Partzuergoaren webgunean begiratu besterik ez dago ikusteko asko falta zaiola Baliarraingo Ibiur urtegiari beteta egoteko. Betetzen hasi ziren unetik bertatik izan dira edukierari buruzko kezkak, eta ur gehiago jasotzeko beharra ikusten dute arduradunek.
Gipuzkoako Ur Partzuergoaren datuen arabera, Ibiurrek har dezakeen uraren %46,50 dauka orain; erakundeak berak kudeatzen dituen beste sei urtegiek, berriz, %79tik gora dute. Ez da ezohiko egoera; izan ere, eraikitze lanak 2009an bukatu zirenetik 2010eko betetze maila %36,60 izan zen, eta iazkoa %33,66. “Mantsoegi betetzen ari da”. Hala aitortu du Josetxo Saizarrek, Gipuzkoako Ur Partzuergoko Ustiatze eta Ekoizpen zuzendariak. “Oraindik azkar da esateko, baina badirudi Ibiurri dagokion ur arroan aurreikusi baino euri ur kopuru gutxiago botatzen duela eta, ondorioz, ur gutxiago iristen dela urtegira”.
Garikoitz Plazaola Eguzkiko kidearen arabera, ordea, egoera horrek ez zituen ustekabean harrapatu Baliarraingo biztanleak: “Aspaldian esan zidaten niri Ibiur ibaiak ur gutxi zekarrela eta zaila izango zela horrekin betetzea”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ur Unitateko buru Patxi Tamesen arabera, “Gipuzkoan euri gutxien botatzen duen gunean dago urtegia”. 2011ko udan eta udazkenean lehorte txikia izan zen eta aurre alarma ezarrita egon zen. Azken hilabeteetako prezipitazioek egoera arindu dute hala ere, eta larrialdian egoteari utzi dio. Aldundiak espero zuen, ordea, ur emariaren eskasi hori. Hala, Tamesek azaldu duenez, Zaldibiako Amondarain eta Urtsubi ibaietatik ura hartu beharra izango zela aurreikusi zuten. Hartze puntu berak Beasaingo Arriaran urtegiari laguntzeko ere balio izango du.
Tolosaldeko eta Andoaingo 60.000 biztanle ingururi zerbitzua emateko eraiki zuten Ibiur urtegia, eta 7,6 hektometro kuborentzako lekua du. Horrenbestez, edukiera aldetik, Gipuzkoako laugarren urtegi handiena da.
2010ean hasi ziren Tolosaldeko herrietara Ibiurreko ura banatzen. Andoainera ere urte horretan iritsi zen. Hasieran, ordea, usainarengatik eta zaporeagatik kexuak sortu zituen. Plazaolak gogora ekartzen duenez Gipuzkoako Ur Partzuergoari horren inguruko galderak egin zizkioten. “Aurrekoarekin alderatuta ezberdina izatean, hodietako arrastoekin nahastean sortutako zaporea zela erantzun ziguten, eta pasatuko zela iragarri”. Antzera mintzo da Saizar ere. Haren arabera osasun arriskuak “beti eta erabat” kontrolatuta egon ziren. “Kasu horretan, hala ere, egia da zenbait leku eta egunetan zapore txarrari buruzko kexak izan genituela. Gaurko egunean erabat gaindituta dago egoera hura”.
Beste tokietan ere bada gorabeherarik Ibiurreko uraren inguruan. Izan ere, Zizurkil Goiko hainbat bizilagunek gehiago ordaindu bai, baina hango ura ez dutela jasotzen salatu izan dute. Joxemari Luengo alkateak, ordea, garrantzia kendu dio kexuari. Alkatearen arabera, herriaren beheko aldean Baliarraingo ura erabiltzen ari dira, “baina, goian, kalitate hobea duenez, gurea erabiltzen ari gara”. Ordainketari dagokionez, prezio berriarekin hoditeriaren zaintza ordaintzen da, eta “deskuidu batean, Zizurkil goian ere, behar izanez gero, goian ere Ibiurreko ura erabili ahal izango dugu”.
1990ean sortutako proiektua
2009an Ibiurreko uharkaren eraikitze lanak amaitzearekin batera bukatu zen Gipuzkoako urtegi sarearen eraikuntza ere. Horrekin osatutzat jotzen baitzen beharrezko azpiegituren sarea. Tolosaldea zen ordura arte urtegirik ez zuen eskualde bakarra. Orain Aduna, Alegia, Altzo, Andoain, Anoeta, Asteasu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilek hornidura ziurtatua dute.
1990eko hamarkadaren hasieran hasi ziren urtegia planifikatzen, eta 40 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri zuten lanek.
1997an lanak nork egin ebatzi zuen Espainiako Gobernuak, eta 1999an hasi ziren lanean. Baliarraingo alkateak, ordea, geldiarazi egin zituen lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak herriari eman behar zion ordaina ez zela iritsi argudiatuta. Geldialdi luze samarra eragin zuen horrek; lanak berriro eman behar izan zituzten eta, azkenean, 2004ko otsailean hasi ziren, berriro, urtegia eraikitzen.