Ur eskasia ez da arazo

Gipuzkoako urtegiak urtebeteko euri eskasiari aurre egiteko prest daude, eta lehorteak bi urte iraun beharko luke arazo larriak sortzeko. Goialdeetan dauden auzo eta gune jakin batzuk kenduta, lurralde osoa urez hornitzeko ahalmena dute. Banaketa kalitatea ziurtatuta egon arren, ordea, saneamendua eta erabilera murriztea dira, orain, lurraldeko baliabide hidrikoak ondo kudeatzeko erronkak.

Bederatzi urtegi daude Gipuzkoan, lurralde osoan barreiatuta. Horietatik bik, gutxi gorabehera populazioaren erdiari ematen diote zerbitzua: Añarbek eta Endarak. Txingudi, Oiartzualde, Donostia eta Buruntzaldeko hainbat herritara iristen da horietako ura. Biak, ordea, lur sailez Nafarroan daude: Irun eta Hondarribia Lesakako Enararekin lotuta daude; gainontzekoak, berriz, Aranoko Añarben.

Gipuzkoako ur sareko beste zazpi urtegiek ezaugarri ezberdinak dituzte, besteak beste, tamainari eta xedeari dagokionez. Esaterako, Ataungo Lareo urtegiko ura 1.500 pertsona inguruk soilik jasotzen dute, eta xedea Agauntza ibaiaren “emari ekologikoa bermatzea” da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ur Unitatearen buru Patxi Tamesen arabera. Besteek, berriz, bestelako tamaina eta betebeharra dute: edateko ura bermatzea. Hala eta guztiz ere, oraindik orain, hainbat populazio gune gelditzen dira saretik kanpo. “Altuera handian dauden herri txiki eta auzoak dira”, argitu du Tamesek. Horiek beren baliabide propioak erabiltzen dituzte.

Tamesen arabera, Gipuzkoako urtegiak “urtekoak” dira; hau da, urtebeteko lehorteari aurre egiteko gaitasuna ematen diote lurraldeari. “Lehorteak bi bat urte iraun beharko luke arazo larriak egoteko”; baina bestela “osasun onean” dago sarea.

Gipuzkoako edateko uraren sarea azaleko uraz hornitzen da, oro har. Urtegiek euri ura eta ibaien emaria biltzen dituzte. Salbuespena Debabarrenaren ingurua da. “Putzuetatik ura hartzen duen inguru bakarretakoa da; lur azpiko ura eta Kilimongo iturburukoa erabiltzen dute han”, azaldu du Tamesek.

Hiru erakundek kudeatzen dituzte Gipuzkoako bederatzi urtegiak: Txingudiko zerbitzuak mankomunitateak, Añarbeko Urak eta Gipuzkoako Ur Partzuergoak. Lehenengo biek urtegi bana kudeatzen dute, Endara eta Añarbe, hurrenez hurren. Gainontzeko zazpiak, berriz, partzuergoaren esku gelditzen dira.

Gipuzkoako urtegien sareaz hitz egin daiteke, loturarik gabeko sistemak izan beharrean; hainbatetan, konektaturik azaltzen direlako emariak ziurtatu eta istripuen aurrean erantzuteko gaitasuna bermatzeko. Horren adibidea da, besteak beste, Urkulu urtegia. Haren helburua Debagoieneko herriak hornitzea bada ere, “duela urte gutxi Urkulu eta Eibarko banaketa sarea elkartzen zituen lotura egin zen”, Tamesen arabera.

Saneamendua eta murriztea

Zerbait naturala dirudien arren, Gipuzkoaren gehiengoan kontsumorako ura ur tratatua da. Izan ere, urtegietatik etxeetarako bidean landugabea izatetik edatekoa izatera pasatzen da. Hori da, hain zuzen ere, EUA edateko uren araztegi planten egin beharra.

Edateko on bilakatu ondoren, biltegietara garraiatzen da, eta bertatik etxebizitza eta lantegietara banatzen da. Duela urte batzuk, prozesuaren tarte horretan zegoen ur sarearen arazo nagusietako bat. Izan ere, kanalizazio zahar eta ezegokiaren ondorioz, ur asko galdu egiten zen. Azkeneko urteetan egindako lanen ondorioz, kopuru hori murriztu egin da eta egoera onargarritzat jotzen dute aldundiko arduradunek eta baita Eguzki talde ekologistako kideek ere. Aldundiaren ordezkariak azaltzen duenez, arrazoi ekonomikoa dago horren atzean: “Ura zenbat eta garestiagoa izan, orduan eta errentagarriagoa izan zaie udalei hori konpontzea”.

Ur sareak dituen erronka nagusietan ere bat egiten dute Tamesek eta Eguzkiko kide Garikoitz Plazaolak. Saneamendua, hau da, erabilitako ura garbitzea eta berrerabiltzea, eta erabilera murriztea. Hala ere, Plazaolak azaldutakoaren arabera, erakundeek hitzez azkenekoaren alde egiten badute ere, “praktikan egiten diren politikek ez dute hori ziurtatzen, eskaintza zabalean oinarria dutelako”.