“Azpiegitura handiak oraindik geldi daitezke”

Gipuzkoako herri mugimenduko taldeek urte asko daramatzate gaur egungo garapen eredua kritikatzen eta “bestelako Gipuzkoa bat” aldarrikatzen; orain, hainbat arlotako talde eta plataformak elkartu egin dira, eta Gipuzkoako Azpiegitura Erraldoien Aurkako Plataforma sortu dute. Urtarrilaren 13az geroztik, hitzaldiak, eztabaidak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte Oiartzualdean, Donostia aldean, Tolosan eta Debagoienean; bihar azpiegitura handien aurkako manifestazioa egingo dute Donostian.Rikardo Ortega (Iruñea, 1956) Erraustegiaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko kidea da. Hark azaldu duenez, orain arteko ekitaldiak “oso arrakastatsuak” izan dira, eta jende ugari gerturatu da: “Azpiegitura handiak gelditzeko, gizarteko eztabaida piztu behar dugu, eta orain une egokia da horretarako”.

Zein jarrera du gizarteak azpiegitura handien inguruan?

Denetarik dago: halako ekitaldietara joaten direnak nolabaiteko kezka duten pertsonak izaten dira, baina badago apenas informaziorik daukan jendea ere. Dena den, uste dut orokorrean jendea nahiko kritikoa dela; are gehiago oraingoa bezalako krisialdi ekonomiko batean, ikusita nola bideratzen dituzten hainbeste baliabide halako proiektuetara, gizarte beharrizanetarako ez dagoenean.

Proiektu guztietan sortu dira aurkako mugimenduak. Zeintzuk gauzatuko da, zure ustez?

Espero dut gehienak ez gauzatzea; hala eta guztiz ere, baten batek aurrera egiten badu, saiatuko gara ondorioak ahal beste leuntzen. Baina oraindik garaiz gaude gelditzeko.

AHTa ere bai?

Batzuek uste dute jada ez dagoela ezer egiterik, dena erabakita dagoela. Baina orain arte %35 baino ez dute egin; hau une aproposa izan daiteke proiektua bertan behera uzteko. Begira nolako murrizketak egiten ari diren gizarte gaietan; ezin da dirua halako proiektu batera bideratu.

Errauste plantaren etorkizuna nola ikusten duzu?

Erraustegiaren egoera bestelakoa da: diputazioan eta partzuergoan gehiengo berri bat dago, eta proiektuarekiko guztiz kritikoa izan da orain arte. Dena den, uste dut gizarteak segitu behar duela presioa egiten, proiektua behin betiko bertan behera uzteko, eta ahalik eta lasterren alternatibak abiatzeko.

Eta kanpoko kaiarena?

Superportua airean dago; ingurumenean duen eragina izugarria da, eta Madrildik ere zalantza bat baino gehiago dituzte hura aurrera eraman edo ez erabakitzerakoan. Gainera, krisiagatik, ez dago baliabiderik; proiektu horrekin baikorrak izan gaitezkeela uste dugu.

Jardunaldi hauetan, azpiegiturek gizartean duten eraginaz aritu zarete. Zenbaterainokoa da eragin hori?

Txanpon beraren bi aldeak dira: desarrollismoa, kontsumismoa, produktibismoa… Kapitalismoak eragiten dituen dinamika geldiezinen ondorio dira azpiegitura basati hauek guztiak. Batzuek ezin dute geldirik egon, eta gehiago produzitu behar dute, negozio gehiago egiteko, jendeari kontsumitu arazteko. Eta argi dago horrek guztiak ez dituela gure beharrak asetzen, ez garela zoriontsuagoak horregatik. Ez dugu halako azpiegiturarik behar; bizimodu apalago batekin askoz zoriontsuagoak izan gaitezke. Eta naturak ere ez dio luzaroan eutsiko.

Nahikoa informazio badago beste ereduen inguruan?

Ez nahi genukeen adina. Badago alderdi politiko eta hedabide batzuen aldetik halako intoxikazio kanpaina etengabe bat, eta horri aurre egiten ari gara egunero; baina, pixkanaka, gero eta jende gehiago ari da informatzen.