Bizitza osoa irakasteko grinaz

Miren Gezala Sagarzazu (Lezo, 1912-Oiartzun, 2003) Euskal Pizkundea bizi eta bertan parte hartu zuen emakumea izan zen. Eta pizkundekoa izaki, hainbat arlotan aritu zen, ez zekiena jasotzen eta zekiena irakasten: euskaraz irakatsi zuen, Emakume Abertzale Batzako kide izan zen, dantzan eta antzerkian aritu zen…

Gezalaren ibilbidea biltzen aritu da Agustina Pontesta Lezoko bake epailea, beste hainbat herritarren laguntzarekin. Horrekin liburu bat prestatzen ari da orain. Pontestaren arabera, Gezala horrelakoa izatea familiaren testuinguruan ulertu behar da. “Aita Pasaiako Portuko aduanazaina izan zen, Lezoko alkate, Elias Salaberria pintorearekin batera batzokia sortu zuen, musika bandako musikaria izan zen… eta bederatzi seme-alabek, denek zekiten denetik egiten: txistua eta pianoa jo, josi… Kantuan ere ederki egiten zuten denek. Oso bereziak ziren, eta umorea zuten”.

1912an Lezok 1.300 biztanle inguru zituen, eta oso herri elizkoia zen. Gezalaren gurasoak ere hala ziren, baina, pentsamolde “oso irekikoak” Pontestaren esanetan. “Oso argi zeukaten gurasoek haur guztiek eskolatuak izan behar zutela”. Garai hartan, orokorrean, emakumeak etxekoandre izateko prestatzen zituzten.

Kale Nagusian, herriko plazan eta portu inguruan pasatu zuen haurtzaroa Gezalak. Ezagutu zutenen arabera, jenio bizikoa zen, bihurria, baina alaia. Bere jarreren ondorioz herriko apaizaren errieta bat baino gehiago ere jaso zuen. Eskolan ere buruargia zen Gezala.

18 urte zituela atera zen herritik, eta Donostiara joan zen Irakasletza ikasketak egitera. Lezoko girotik ateratzeak “espabilatu” zuen Gezala, Pontestaren hitzetan. Hala ere, 21 urte bete zituen arte ez zuen eskolak emateko baimenik. “Eskolak euskaraz ematea erabaki zuen. Garai hartan eskolak publifikatzen hasi ziren, eta II. Errepublika garaian gurutzeak kentzen aritu ziren. Berak, ordea, bere ikastolan jarri egin zuen, lezoarrentzako eskandalua izan baitzen kentzea”. Baimenak lortzeko ikastolen bultzatzaile izan zen Elbira Zipitriaren gomendioak jaso zituen eta herriko plazan bertan ireki zuen ikastola. Egunez haurrei ematen zizkien eskolak, eta gauez, berriz, helduei. Ordubete irauten zuten eskola horiek, eta idazten eta irakurtzen irakasten zien.

Eskolak ematez gain, Emakume Abertzale Batzan militatu zuen Gezalak. “Mitinetan aritzen ziren hizlari moduan. Horrez gain, sentimenduak eta emozioak adierazi behar zituzten eta gizarte ekintza egin”, azaldu du Pontestak.

Emakume taldearekin adierazpen abertzale guztietara joaten zen Gezala. Horrez gain, dantza, antzerki eta mendi taldeetan hartzen zuten parte. Esaterako, 1932ko Aberri Egunean Donostiako Atotxa futbol zelaian ekitaldia egin zuten, eta Lezoko dantza taldearekin joan zen ekitaldira, anai-arrebekin batera. Pontestak Gezalak berak esandakoak dakartza gogora. “Zinta dantzan aritu ziren Euskal Herriko hainbat dantza talde eta hala esan zidan berak: ‘Ondoen dantzatu genuenak lezoarrak izan ginen, beste guztiak nahastu egin baitziren'”.

1936an, gerra hasi zenean, familiak alde egin zuen herritik. Lehendabizi aita Salamancara (Espainia) joan zen, Koldobike alaba gazteena raketista moduan aritzen zelako bertan. Ondoren familia guztia joan zen aitaren atzetik. Hala ere, beste hainbat toki ere ezagutu zituzten, halabeharrez: Frantzia, Madril, Bartzelona… Donibane Garazira ere iritsi zen, eta bertan zeuden errefuxiatuei eskolak ematen aritu zen Zitadelan.

“Probintzia Baskongadoetatik” 150 kilometrora bizitzeko debekua ezarri zioten Gezalari. Hamabost bat urtez egon zen erbestean, eta 1950eko hamarkadan itzuli zen Gipuzkoara.

Itzulera, irakastera

Bidasoaren bestaldera itzuli zenean, irakasle izaten jarraitu zuen Gezalak. “Baserriz baserri aritu zen irakasten”, dio Pontestak. “Horrela puntu gehiago irabaziko zituzten euren herritik hurbilen zegoen eskola bat hautatzeko”. Azpeitia aldean ibili zen lehendabizi, eta ondoren Idiazabal inguruan. Artean, baina, Lezon bizi zen Gezala, eta Etxegarate inguruko eskolara iristeko bi ordu behar izaten zituen. Puntuak bilduta, Pasai Donibaneko eskolan aritu zen lanean, jubilatu zen arte. Bitartean, jaioterriko apaizarekin eztabaidak izan zituen, gerran errekisatua itzultzeko eskatuz.

Bere bizitzako azkeneko hiru urteak Oiartzungo zaharren egoitzan eman zituen. Pontestak “nahiko triste” ikusi zuen bertan: “Oraindik buru argia zuen, eta ingurukoek ez. Oso hiztuna zen, eta ez zuen hitz egiteko kiderik”. 91 urte betetzear zituela itzali zen Euskal Pizkundean —baita gerora ere— euskara eta abertzaletasuna bultzatzen aritu zen emakumea.