Facundo Vitoria (Tolosa, 1963) Dakar rallytik itzuli berri da. Mekanikaria da ogibidez, Tolosan du tailerra, Hautsiarte izenekoa, eta 4×4 ibilgailuetan espezialista da. “Bezeroak eskatzen duenaren arabera egiten dugu lan”, dio. Aspalditik datorkio rallyekiko afizioa: “Lan egin nuen hamar urtez Patxi Arbelaizekin. Espainiako turismoen lur txapelketa egiten genuen. Berarekin egin nuen lehenengo Dakarra, eta Australia motoz egin genuen, erdi rally erdi abentura moduan”.
Aurten zortzigarren aldiz hartu du parte Dakarren. “Dakarraren hamaikagarren aldian hartu nuen parte lehen aldiz. Orduan Saharako Tenere basamortua igarotzen genuen. Arazo gutxiago zeuden Afrikan, eta errazagoa zen”. Orain, Hegoamerikara eraman dute rallya, segurtasun arrazoiak medio: “Jende gehiagok ematen zuen lehen izena. Oraingoa teknikoagoa da eta GPSaz gain, beste tresna batzuk behar dituzu. Ibilgailua ere bereziagoa behar da”.
Vitoriaren parte hartzeak ez dira denak segidan izan. Aurrekotik —Afrikan egin zen azkena—hiru urte pasatu dira. Aurtengoan modu berezi baten parte hartu du, gainera. Pasa den udazkenean jaso zuen deia, TVE telebista katetik. Ezin izan zion ezetzik esan: “Irudi bereziak atera nahi zituzten, normalean telebistakoak iristen ez diren lekuetara joanez”.
Rafael Tibau kataluniarraren kamioiarekin joan ziren. Tibau eta Vitoria ziren adituak, eta beraiekin kazetari bat eta kamerari bat joan ziren. Ez zuten rallya irabazteko asmorik: “Lehen postuak salduta daude, etxe ofizialentzako eta talde aberatsentzako. Lehiaketan sartzen ginen, baina ibilbidetik ere ateratzen ginen irudiak hartzeko. Kilometro pila bat egiten genituen, beti orduz kanpo, eta berandu iristen ginen”.
TVEko saioak La otra cara del Dakar izena zuen: “Rallyaren atzeko partea erakustea zen asmoa, Dakarra gogorragoa egiten zaion jendearena. Aurrean joaten direnak ofizialak dira eta haiek fabriken laguntza handia izaten dute. Ondoren joaten dira talde erdi ofizialak eta dirua duten pribatuak. Horiek ere errazagoa izaten dute. Baina atzean joaten dira baliabide gutxiago dituztenak. Horiek batzuetan gauean ibilbidean bertan gelditzen dira, gero etapa bukatu ahal izateko. Azken horien gorabeheren berri jasotzeko egin dugu saioa”.
Goizean, beste guztien aurretik ateratzen ziren, irudiak izateko. “Oso berezia izan da”, azaldu du Vitoriak. “Ez genuen horrelako lanik egin aurretik. TVEkoek esan ziguten gustura zeudela, ikusle asko izan zituela saioak, eta ohikoak ez ziren irudiak ikusteko aukera izan zutela. Guk orain lau urte esan genuen horrelako zerbait egitea bazegoela”.
Oso gogorra izan da esperientzia, ordea: “Lo gutxi egin dugu; bi ordu bakarrik lo egin ditugun egunak ere izan ditugu. Tibau eta biok aritzen ginen gidatzen, bestela ez zen posible izango. Egun batzuetan 18 edo 20 ordu pasatzen genituen errepidean”. Gogorra izateaz gain, esperientzia berria eta polita izan dela dio rallyzaleak. “Orain badakigu zer egin behar dugun eta zer ez. Esaterako, egunero bidaltzen genituen erreportajeak, eta hori lortzeko arrisku asko hartzen genituen. Gure ustez, bi egunez behin bidaltzea hobea izango litzateke”.
Arriskuak, pistan baino errepidean izaten zirela dio Vitoriak, alegia, lehiaketaz kanpo: “Basamortuko ibilbidea bukatu ondoren, hurrengo etapa hasten zen lekura joateko kilometro asko egiten ziren errepide arruntetatik. Tarte hori oso monotonoa egiten zen, eta jendeak hor izaten zituen batez ere istripuak, lo hartzen zuelako. Gu, gainera, erreportajea garaiz bidaltzeko, azkarregi ibiltzen ginen, neurritik kanpo, errepide horietatik”.
47 gradu kamioi barruan
Hegoamerikara joan den lehen aldia izan da. Argentinan hasi, Txiletik igaro eta Perun bukatu da aurtengoa proba. “Afrikara ohituta geunden”, dio. “Hegoamerikan askoz teknikoa da rallya. Hori bai, antolakuntzak errazagoa du rallya han egitea; arazo gutxiago dituzte, eta esaterako, ibilbidetik gertu errepideak daude. Afrikan agian egun osoa ematen zenuen ezer ikusi gabe”. Hegoamerikan Dakarraren zain daudela dio: “Probak dirua mugitzen du eta horregatik herrialde haietatik bertan egitea eskatzen dute”.
Probak bederatzi mila kilometro inguru izan ditu, hamabost egunetan egin beharrekoak. Vitoriaren taldeak beste mila inguru gehiago egin ditu, filmaketak burutzeko. Elementu guztiak izan dituzte ibilbidean: “Lokatza, ura, hondarra barra-barra… Gainera, sumendiko hondarra da hangoa, eta zailagoa da Saharakoa baino ibiltzeko”. Ia 5.000 metroko garaierara iritsi dira, eta tenperatura altuak sufritu dituzte: “Argentinako panpa lehorrean kamioi barruan 47 gradu izan genituen, eta esan zuten kanpoan 50 gradu zeudela”.
Abentura ukitua badu oraindik rallyak, nahiz eta parte hartzea ez dagoen edonoren esku. “Hori bai, aberatsentzako abentura da Dakar”, dio Vitoriak. “Lehen, Afrikara errazago joaten zinen. Espainia zeharkatu, ferry bat hartu eta Afrikan ordubetean zaude. Orain hilabete eta erdi lehenago ibilgailua itsasontzi batean bidali behar duzu”.
Ibilbidean gorabeherak izan zituzten. Larriena kamioia irauli zenean: “Duna baten gainera iristeko gutxi falta zela, kamioiak ezin izan zuen gehiago igo, eta hondarrarekin batera beheraka joaten hasi ginen. Azkenean kamioia irauli egin zen”. Arazoa konpontzeko, beste kamioi baten laguntza behar izan zuten. Hamalau ordu ondoren, goizeko seiak zirela, atera ahal izan ziren zulo hartatik.
Parte hartzaileak elkarri laguntzea ohikoa da, izan ere, Dakarren. “Lehen hamar postuetan ibiltzen direnak lasterketa irabaztera doaz. Hortik atzera dabiltzanak elkarri laguntzen diete”. Beraiek ere hainbati lagundu diete. “Gurekin zihoan kazetariak hasieran ez zuen ulertzen, baina gero konturatu zen horrela behar duela”. Dakarren denek elkar ezagutzen baitute. “Familia bat bezala da. Jende berdina da, taldez aldatzen dena. Aurten motoz joan dena, hurrengoan autoarekin ikusiko duzu. Mundu hau gustuko dugun 2.500 pitzatu biltzen gara”.