Jada sei herritan eraman daiteke arraina etxera ontzi berrerabilgarrietan

Jaki asko bilduta heltzen dira dendatik; paper, plastiko eta aluminio paperek berehala betetzen dute etxeko zakarrontzia, eta arrain eta haragiaren kasuan, usain nabarmena edukitzen dute, gainera. Hori saihesteko, Ontziratu zaitez! kanpaina abiatu zuen maiatzean Kutxa Ekoguneak Gipuzkoako hainbat herritan. Arrandegi eta harategietako janaria etxetik ekarritako ontzi berrerabilgarri edo tupperware-etan eramatea da helburua. Dagoeneko 17.000 ontzi banatu dituzte Gipuzkoan, baina beste 50.000 banatzeko asmoa dute interesa duten herrietan.

Guztira, sei dira egitasmo horretan parte hartzen ari diren herriak: Hernani, Donostia, Ordizia, Itsasondo, Villabona eta, larunbataz geroztik, Usurbil. Herri horretan mila ontzi banatuko dituzte egunotan; bihar goizean ere eskuratu ahal izango dira ale batzuk, Dema plazan.

Donostia eta Hernaniko zenbait denda izan ziren kanpainan parte hartzen lehenak; iazko maiatzetik dihardute ontzien erabilera sustatzen. Ekoguneak emandako datuen arabera, lehenengo hilabeteetako emaitzak “oso positiboak” izan dira; bi herrietan, batez beste, 5.000 erosketa inguru egin dituzte hilero plastiko edo paperezko bilgarririk gabe.

Denetariko abantailak

Oihalezko poltsek plastikozkoak ordezkatu dituzten bezala, ontzi berrerabilgarriek ere erosketetan hondakin gutxiago sortzea dute helburu. Ekogunetik adierazi dutenez, beste bi abantaila nagusi ere baditu horrek: erosketa “erosoagoa” bihurtzen da, ontziak zuzenean hozkailuan sar daitezkeelako, bilgarria kendu behar izan gabe. Bestetik, saltzaileentzat ere mesedegarria dela argitu dute, paper eta plastikotan “kostu murrizketa handia” ekarriko duelako.