Motorzaleek begi onez ikusten dute Donostiako Udalak Amara auzoan motorrak aparkatzeko dauden tokiak zabaltzeko hartutako erabakia. Dena den, “are gehiago” behar direla uste dute, azkeneko urteetan ibilgailu horien kopuruak “ikaragarri” egin duelako gora. Bestelako kezkak ere badituzte; batez ere, segurtasunarekin zerikusia dutenak.
Aste honetan hasi dira Donostiako Udaleko mugikortasun arduradunek iragarritako aldaketak. Amarako bost gunetan zeuden aparkalekuak handitzen edo berriak sortzen ari dira eta, lanak datorren asterako bukatu nahi dituzte. Albisteak poztu egin du, Donostiako Moto Club-eko lehendakari Javier Romero: “Azkeneko urteetan motorren kopurua bikoiztu, edo hirukoiztu, egin da, eta benetan ongi etorria da”.
Romerok, hala ere, motorzaleek toki gehiagoren beharra ikusten dutela azaldu du. “Batez ere Parte Zaharrean eta hiriaren erdigunean; urteotan oinezkoentzat prestatu dituzten kaleetako motor aparkalekuak kendu dituzte, eta ordezkorik ez dute jarri”. Hori dela eta, hiriko hainbat gunetan ibilgailu horiek espaloiaren gainean utzita ikus daitezke, arauak urratzen dituztela. Velo Moto dendako Unai Iradierrek dioenez, “udaltzainek hainbat tokitan onartzen dute hori, baina ez guztietan, beraz, kontu handiz ibili beharra dago”.
Motorrei dagokienez, beste aldaketa bat ere gertatu da Donostian: beste gidariek motorzaleen inguruko iritzia hobetu dutela. Motorren presentzia ohikoagoa izateaz gain, Romerok argi ikusten du arrazoia. Legedia aldaketaren ondoren, “auto gidari askok motorra ere badute, eta lehen erotzat jotzen zutena hobeto ikusten dute orain, besteak beste, beraiek ere motorra darabiltelako”. Joxe Ostolaza taxilariak, bestela ikusten du. Bere ustez, batzuk ondo ibiltzen dira, baina besteak ez dira konturatzen motorren benetako indarraz; “aurreratzen zaituzte aldapa hasieran, gero zu mantsotzeko!. Beraien motortxoek ezin dute aldapa gora abiadurarik mantendu, eta hori arriskutsua izan daiteke denentzat”.
Segurtasuna da motorren inguruan egon ohi den beste kezka. Donostian buruko babesik gabe dabilen motordunik ikustea zaila bada ere, iraganeko beste hainbat arazok bere horretan jarraitzen dute. Nahiz eta motorzaleen artean arazo horiek ezagunak diren, hainbatetan mugikortasun arduradunek behar bezalako arretarik ez dietela ematen salatu du Romerok. Lurreko seinaleak markatzeko erabiltzen den margoa, esaterako, oso irristakorra da. “Oinezkoen zonaldeetan jartzen dituzten galtzadarriak ere oso labainkorrak dira, eta, bertatik pasatzean, motordunak eta txirrindulariak erortzen ikusi ditut”. Arazo bera gertatzen da estolden tapakiekin. “Orain, esaterako, Askatasunaren hiribidean jarri dituzte berriak; metalezkoak dira, eta bi gurpileko ibilgailuek irrist egiten dute horien gainean”.
Egiteko asko gelditzen bada ere Moto Clubeko lehendakariak Donostiako Udalak hartutako beste erabaki bat ere txalotu nahi du: Antso Jakituna eta Galtzara Nagusian autobusen lerroak eta beste ibilgailuenak bereizten zituzten zementuzko koskak kendu izana, hain zuzen. “Hori guztientzat zen arriskutsua, baita oinezkoentzat ere, eta eskertzekoa da orain kendu izana”.
Denbora irabazteko bidea
Iradierrek, kopuruan baino, erabiltzaile eta ibilgailu motan ikusten du aldaketarik handiena. “Orain 125 cc-ko motozikletak saltzen dira gehien, eta lehengo aldean jende helduagoak erosten ditu. 35 urtetik gorakoak izaten dira”.
Izan ere, motorraren erabilerak duela bost bat urte izan zuen gorakada handia. Garai horretan Espainiako legediaren moldaketak autoa gidatzeko B baimenarekin 125 cc. baino motor txikiagoa zuten motozikletak eta ziklomotoreak erabiltzea ahalbidetu zuen. Saltzaileak gogora ekartzen duenez, “gainera, garai horretan diru asko mugitzen ari zen. Ekonomia ondo zebilen”.
Hain justu, Donostiako Udalaren datuen arabera, 1984. urtean zebiltzan motorren sei halako zebiltzan 2008. urtean hiriko kaleetan; hau da, 4.053 izatetik 24.587 izatera igaro ziren. Aipaturiko legedi aldaketaren urtean ere, 2004an, igoera izan zen, baina aurreko hiru urteetan baino txikiagoa.
Motorren erabileraren hazkundea ulertzeko aurreko bi aldagai horiei Donostian autoz mugitzeko eta lau gurpildun ibilgailuak aparkatzeko zailtasuna gehitu behar zaizkie. Mikel Larreak duela bi urte erosi zuen B motako gida baimenarekin gida daitekeen motozikleta. “Lanean batetik bestera nabil, enkarguak-eta egiten, eta gauetan etxera iristean 45 minutu behar izaten nituen autoa uzteko tokia aurkitzeko, orain berriz, hiru behar ditut”.
Ordea, zail ikusten du motorra erdialdean eta Parte Zaharrean aparkatzea. “Duela hogei bat urte ziklomotor bat neukan eta askoz errazagoa zen aparkatzea; orain, tokirik ez dago”. Hala eta guztiz ere, hiriaren barruan mugitzeko ematen duen erraztasunak oraindik motorraren aldeko hautua egitera bultzatzen du Larrea. Haren moduan beste asko, Iradier saltzaileak dioenez: “Bezeroek bere kalkuluak egiten dituzte. Martutene auzoko 27 Poligonoan lan egiten duen pertsona batek esaten zidan, motorrari esker, egunean 40 minutu irabazten dituela”. Romerok ere bat egiten du horrekin. “Gaur egun, motorra hirian ibiltzeko ibilgailurik azkarrena da”.