Tekla zuri-beltzen festa

VII. Piano Jaialdia

Andoain

Bihar eta etzi izango da Andoaingo VII. Piano Jaialdia: ehunka haur eta gazte eta haien ingurukoak pianoaren bueltan bilduko dituen jaialdia. 2006an antolatu zuen Seiasle elkarteak piano jaialdia lehen aldiz, eta, ordutik, hutsik egin gabe, urtero-urtero antolatu du, Andoaingo Udalaren eta Bastero kulturgunearen lankidetzaz.

Orotara, bihar eta etzi ia 1.000 piano jotzaile batuko dira Andoaingo Bastero kulturgunean. 09:30ean egingo dute lehen saioa bihar, eta une horretatik aurrera bihar egun osoz eta etzi goizetik iluntzera arte etenik gabe entzungo dira piano doinuak Bastero kulturguneko bi aretoetan: ekitaldi aretoan eta auditoriumean. Aurrez izena emandako piano jotzaile guztiek 30 pertsona inguruko taldetxoetan banatuta egingo dituzte emanaldiak. 45-60 minutuko tartearekin ekingo zaie emanaldiei.

Saioak banakakoak zein lau eskutarakoak (bikoteka, alegia) dira, eta horien barruan hiru kategoria daude, adinaren arabera: A kategoria (11 urte arte, 2012ko abenduaren 31rako beteak), B kategoria (14 arte, 2012ko abenduaren 31rako beteak) eta C kategoria (18 arte, 2012ko abenduaren 31rako beteak). Hala, banako edo bikote bakoitzak obra bat jo behar du, zerrenda zabal batetik aukeratutakoa.

Jaialdiaz gain, lehiaketa ukitua ere badu jaialdiak. Hala, parte hartzaile guztiek domina eta diploma jasoko dituzte. Epaimahaia hamabi piano jotzaile eta irakasle ospetsuk osatzen dute. Horrez gain, bi egunetako saioetatik epaimahaiak hautaturiko hainbat piano jotzailek kontzertutxo bat emango dute igandean, 19:45ean. Azken kontzertu horrekin amaituko da aurtengo Andoaingo Piano Jaialdia.

Emanaldiak ikustea doakoa da, eta ez da gonbidapenik behar. Aldiz, sari banaketetara sartu ahal izateko, ezinbestekoa da gonbidapena edukitzea.