Zezenketak beheraka doaz Gipuzkoan. Zezenen eta behien inguruan egiten diren jolasak, berriz, gora. Horren adibide dira Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Debako Lastur auzoko tabernak antolatzen dituzten ekitaldiak.
Zezen Beltz elkartea 2008an sortu zen, eta helburu argiak ditu: “Sokamuturra sustatzea eta lehengo ohiturak berreskuratzea, sokamuturra legez babestea, ganadutegiak bisitatzea, entzierro txikiak antolatzea, kapeak egitea, izkingile txapelketak jokatzea eta herriko belaunaldiak uztartzea da asmoa, besteak beste”. Hala adierazi du elkarteko kide Mikel Odriozolak. Orain arte egindako bidearekin “gustura” da.
Zezenketei dagokienez ere, elkarteak ez du dudarik: “Zezen Beltz, elkarte gisa, zezenketetatik kanpo gelditzen da. Elkartearen barruan denetarik dago; zezenketen aldekoak nahiz kontrakoak daude, baina gure eremua festa tradizionala da”.
Festaren tradizionaltasun hori goraipatu du Bixente Zulaikak ere. Lasturko tabernako arduraduna da bera. “Zezenarekin betidanik jolastu izan gara euskaldunok”, dio. Taberna aurrean boladunak izaten dira astebururo, eta jarduera hori “betidanik” ezagutu izan duela dio: “Orain hogei urte hartu nuen taberna, eta orduan ere egiten zen”. Azken urteetan, gainera, maizago antolatzen dituzte zezen boladunak: “Lehen, urtean lauzpabost aldiz izaten ziren; orain, astero”. Tabernak berak antolatzen ditu, bezeroen eskaeren arabera. Nahi duenak bazkaria edo afaria bakarrik aukeratzen du, baina hortik aurrera aukera zabala da: paintball jokoa, txakolindegira edo flyschera bisita, eta zezen boladunak.
Bihar, esaterako, bazkalostean taberna aurrea betizuz edo larrebehiz beteta egongo da. Zezenik ez dute erabiltzen Lasturren; izan ere, “jotzera egiten duena behia izaten da, zezena baino gehiago”. Halako ekitaldiak eskatzen dituzten bezeroak, berriz, bazter guztietatik iristen zaizkie. Gipuzkoa osotik eta Nafarroatik jende asko izaten dute, baina “potentzial handiena” Bilbon dagoela azpimarratu du Zulaikak. Espainiatik ere iristen dira taldeak, Burgos eta Logroño aldetik. Ezkondu aurreko agur festak ez ezik, urtebetetzeak eta jaunartzeak ospatzeko ere eskatzen dituzte zezen boladunak.
Zenbait finantzabide
Zezen boladunak antolatzeagatik kobratu egiten dute Lasturko tabernakoek. Zezen Beltz elkarteak, berriz, ekimenak antolatu ahal izateko dirua bildu egin behar izaten du. Udalaren aldetik, “beste edozein kultur taldek bezala”, laguntza jasotzen dute, baina urteko egitaraua aurrera eraman ahal izateko izkingile txapelketaz baliatzen dira. Txapelketako finalerdietako bat Azpeitiko zezen plazan egiten dute urtero, eta gastu guztiak ordaindu ondoren gelditzen den diruaren arabera antolatzen dituzte urteko gainerako ekimen guztiak. Horregatik, Odriozolarentzat txapelketa hori da urteko ekimenik “garrantzitsuena” Zezen Beltzentzat.
Diruaren zati batekin Zezen Beltz Asteburua antolatzen dute urtero, eta askotariko ekimenak eskaintzen dituzte bertan. Iaz aurreneko aldiz sokamutur txikia egin zuten, haurrei zuzenduta. “Arrakasta handia” izan zuen eta aurten jarraipena eman diote: sansebastianetan egin dute, eta inauterietan errepikatuko dute, astelehen goizean: “9-10 urteko haurrak jartzen ditugu soka-mutil bezala, neska nahiz mutil. Animatzen den orok du tokia bertan”.
Halakoez gain, iaz sokamuturrari buruzko dokumental bat ere egin zuten: “Zezenaren inguruan, atzean dagoen lana azaltzen du. Oso dokumental ona da, eta harrera oso ona izan du”.