Auzoa bakarra, baina udalak hiru

Matxinbenta auzo txikia eta berezia da. Bisitariek bakea, lasaitasuna eta isiltasuna bilatzen dute bertan. Elizak, frontoiak eta baserri batzuk osatutako auzunea eta inguruan mendia eta belardiak, besterik ez dago. Isiltasuna auzoaren erditik igarotzen den errekatxoak bakarrik apurtzen du. Hala esanda, Gipuzkoako edozein txokotako edozein auzune izan daiteke, baina Matxinbenta ez da beste edozein auzo: hiru herrik kudeatzen duten auzoa da.

Azpeitiak, Beasainek eta Ezkio-Itsasok osatzen dute Matxinbenta. Auzoan hogei baserri baino gehiago daude; errekaren ekialdean daudenak Beasaingo udal barrutian daude, eta ibaiaren mendebaldean daudenak, berriz, Azpeitiko udal barrutian. Auzoaren hego-mendebaldeko guneak dira Ezkio-Itsasoko lurretan daudenak. Beasaingo zatian zortzi baserri daude; Azpeitiko zatian, hamar; eta Ezkio-Itsasokoan, sei.

Auzoa Ibaieder errekaren inguruan eraiki zuten, eta Ibaiederren batzen diren beste errekatxoek markatzen dituzte herrien arteko mugak. Baserriez gain, bi ostatu eta taberna izandako eraikina ere badaude, garai batean auzoan gaur egun baino mugimendu handiagoa egon izanaren seinale. Auzoan sakabanatuta dauden baserrietan 60 pertsona inguru bizi dira, gehienak helduak.

Matxinbentara iristeko, Beasain eta Azpeitia Mandubiko mendatetik lotzen dituen GI-2635 errepidea erabili behar da. Beasaindik nahiz Azpeititik, sigi-saga doan bide batetik joatea beste erremediorik ez dago hara iristeko. Matxinbenta Beasaingo herrigunetik 16 kilometrora dago, eta Azpeititik, ia bederatzi kilometrora. Ezkio-Itsasotik autoz joateko errepiderik ez dago. Mendi bideak erabiliz, oinez egin daiteke bidea.

Matxinbentan bizi direnak auzotar sentitzen dira, eta ez beasaindar edo azpeitiar. Nongoak diren galdetuta, harro esaten dute Matxinbentakoak direla. Baina auzo txiki batean bizitzeak baditu alde txarrak. Matxinbentan taberna da elkargunea, zerbait falta den garaian denda ere badena, eta auzoari bizia ematen diona. Joan Etxezarreta auzotarrak kontatutakoaren arabera, bertan elkartzen dira etxekoak eta auzora bisitan joaten direnak: “Otorduak ere ematen dituzte tabernan, eta bazkaltzera edo afaltzera etortzeko ohitura badu jendeak”.

Bestelako zerbitzuren bat behar dutenean, ordea, Azpeitira joateko joera dute auzotarrek; izan ere, errepiderik onena eta laburrena da Azpeitira doana. Etxezarretaren ustez, “Matxinbentak duen kokapena kontuan hartuta, errepidea da auzoa inguruko herrietatik gehien aldentzen duena”. Herrian bizi diren asko helduak dira, eta medikuarengana “nahi baino gehiagotan” joan behar izaten dutela kontuan izanda, kilometro asko egin behar izaten dituzte matxinbentarrek, “gora eta behera”.

Etxezarretak gogoratzen du duela urte batzuk Beasainera joateko ohitura handiagoa zutela. “Egun, ordea, Mandubiko mendatea ez pasatzeagatik eta denbora aldetik ere Azpeitira joateko baino denbora gehiago behar dugunez, Beasainera paper kontuak egitera bakarrik” joaten dira.

Azpeitira izan edo Beasainera izan, autorik gabe ezin dute, kasik, ez aurrera ez atzera egin auzotarrek. Izan ere, Matxinbentatik Azpeitira bada autobus zerbitzua, baina ordutegia oso mugatua da.

Inbertsioak denen artean

Auzoan inbertsioren bat edo obraren bat egin behar denean, Beasaingo, Azpeitiko eta Ezkio-Itsasoko udalek ordaintzen dituzte gastuak, zenbatekoa kontuan hartu eta bakoitzak ordaindu beharrekoa adostuta.

Egun, adibidez, auzoko zenbait etxe berritzen ari dira, eta orain urte batzuk arte apaizaren etxea zegoen tokian, etxebizitza berriak egiteko lanak hasita daude. Etxebizitza horiekin, auzoko gazteei Matxinbentan bertan bizitzeko aukera eman nahi diete, haiek baitira auzoko etorkizuna. Azken urteetan gazteak Azpeitira joan dira bizitzera. Hala dio Etxezarretak: “Duela urte batzuetatik hona, jende askok herrigunea aukeratu du bizileku gisa”. Hala ere, Santa Ageda jaiak ospatzeko, inguruko hiru herrietatik joaten dira Matxinbentara. Auzoko festak antolatzeko batzordea dute osatua, eta urtero, bi eguneko festak antolatzen dituzte.

Txikiak ez duela handia baino gutxiago esan nahi argi dute auzotarrek, baina ez horren argi auzoaren izena nondik datorren. Auzotar batzuek Matxin izeneko batek bertan benta eduki zuela diote. Bertako baserri batek Benta Zaharra izena du, eta bertan benta egon zela, behintzat, ziurra da, baina ez izena horregatik edo beste zerbaitengatik hartu duen. Matxinbenta izena batetik edo bestetik etorri, izaera berezia duen auzoa dela argi dute auzotarrek. Matxinbentakoak direla sentitzen dute, eta hiru udalek “urrutiko auzo gisa” ikusten dutela.