Donostiako gotzaina izan zen Jose Maria Setien (Hernani, 1928), 1979tik 2000. urtera. Esaten du askok abertzale izatea leporatu zioten arren bere jarduera etikak eta Elizaren irakaspenak gidatu dutela. Gotzain izateari utzi eta gotzain emeritu izateak lan egiteko denbora eman diola dio.
“Hutsuneari beldurra diot”, aitortzen du Setienek. “Tristea behar du izan goizean jaiki eta egunero zeure buruari galdetzea ‘eta orain zer egingo dut?'”. Eskertuta dago, bere adinarekin oraindik ere lan intelektualerako gaitasuna duelako. Irakurketarako eta idazketarako ez ezik, irakaskuntzarako tartea ere ateratzen du, hori guztia goizean goiz Astigarragako mojei meza eman ondoren.
Haurtzaro normala izan zuela dio. “Ez genuen behar handirik izan, baina aberats ere ez ginen”. “Erlijiosoegia” ez zen familia “kristau” batean hezi zen, eta ez zuen apaiz izateko bultzada berezirik izan: “Batxilergoaren errebalida igarota, zehazki zerk bultzatu ninduen jakin gabe, apaiz izan nahi nuela erabaki nuen”. Aita nahikoa “liberala” zen, eta ez zion oztoporik jarri. “Gogoan dut behin paseatzera irten eta aitak galdetu zidala ea atsekaberik-edo izan nuen eta ea horregatik apaiztu nahi nuen; ezetz erantzun nion, eta ondoren zailtasunik ez zidan jarri”.
1944. urteko urrian joan zen Gasteizko apaizgaitegira. “Han latina ikasteari denboraldi bat eskaini genion, gerora eskolak jarraitu ahal izateko, batez ere teologia”. Bertan laguntza “humanoa” izan zuen, Hernaniko Jose Luis Ansorenarena, “txistularien familiakoa” bera. Ongi gogoratzen ditu ordukoak: “Gasteizko seminarioaren oroimen ona daukat; nik han ez nuen [abertzaletasun] doktrinatzerik jasan”.
Setien 1951. urtean apaiztu zen. “Gasteizen apaiztu nintzenean, sortu berria zen Donostiako elizbarrutia, eta hor gelditzeko asmoa nuen, baina ikasten jarraitzeko aholkua eman zidaten”. Lehen asmoa aldarazi zioten, gainera: “Gizarte zientzien inguruko interesa nuen, eta uneren batean Madrilera hori ikastera joatea pentsatu nuen, baina Erromara joateko esan zidaten”.
Han lau urte igaro zituen. Lehen urtean Teologiako lizentzia lortu zuen, hurrengo bietan Zuzenbide Kanonikokoa, eta azkeneko urtean Zuzenbide Kanonikoko doktoregoa bukatu zuen. “Nahiko ondo prestatu gintuzten Gasteizen, eta horrela erraza zen urte bakarrean Teologiako lizentzia lortzea”.
Nahiz eta Donostiako elizbarrutian egotea zegokion, Gasteizko apaizgaitegira joan zen, irakasle, Erromatik itzultzean. “Orduan hasi ziren karguak azaltzen, irakaslea izateaz gain ikastaro batzuen arduraduna ere izan nintzelako”. Bere gogoan bizi-bizirik dago garai horretan Espainian Salamancako unibertsitatean irakasle igarotako bolada ere. Gasteizko seminariokoekin bateratzen zituen eskolak, eta Santanderko (Espainia) elizbarrutiko bikario nagusi karguarekin ere bai. Orduan emandako hitzaldi batean, giza eskubideen gaia jorratu zuen, eta salaketa jarri zioten horregatik. Baina, elizgizonek zuten “pribilegioa” zela eta, ez zuten epaitu: “Gotzainaren baimenik gabe ezin gintuzten epaitu. Bereziartua zegoen garai horretan eta ez zuen baimenik eman”. Garai horretan Vatikanoko II. Kontzilioak Elizaren barruan izandako eraginak ere ikusi ziren, eta barne eztabaida areagotu zen. “Garai interesgarria izan zen. Bizitzak egoera askotan egoteko aukera eman dit; horiek ondorio teoriko eta praktikoak izan dituzte”.
Urratsez urrats egindako bidea
Donostiako gotzain izendatu aurretik, Donostiako elizbarrutian jarduten ez bazuen ere, horrekin bazuen harremana. “Donostiako seminarioan ekonomia eta gizarte moraleko eskolak emateko deitu zidaten”.
Jazinto Argaia gotzain zela, Setien gotzain laguntzailea izan zen Donostiako elizbarrutian 1972. eta 1979. urteen artean. “Niretzat oso interesgarria izan zen kargu hori izatea, bortxakeriaren ondorioak eta horrek zekartzan harremanak nire gain zirelako”. Presoekin, hildakoekin eta bortxa politikoaren bestelako adierazpenekin harremanetan egotea lagungarri izan zitzaion gerora hasi zuen ekinbidean. Izan ere, 1979an izendatu zuten Donostiako gotzain. “Ez dakit predestinaturik nengoenik, baina egoera horretan ez zegoen beste biderik. Erabateko pauso naturala izan zen niretzat”.
Gotzain karguan jardun zuen bitartean, asko izan ziren soilik abertzaleen gotzain gisa aritzea leporatu zioten aldiak. “Nitaz pentsatzen zutenaren arabera ulertzen zuten nik esandakoa”. Baina gauzak etikaren ikuspegitik esaten zituela dio Setienek. “Modu horretan, nik esandakoak nire balizko abertzaletasunari leporatzen zizkioten; bestela, ikuspegi etikotik esanak nituela onartuz gero, oso zailak egiten baitzitzaizkien”.
Gogoan du, besteak beste, Martuteneko espetxera Eguberrietan egindako bisita bat. ABC egunkariak ETAko presoak ikustera joan zela esan zuen. “Ni preso guztiak bisitatzera joan nintzen, ez ETAko presoak bakarrik”. Izan ere, Setienek, gotzain izan zen urteetan, Elizbarrutiaren Gizarte Idazkaritza jarri zuen abian. Egoera gatazkatsuek sorturiko arazoak aztertzen zituen. “Baina ez ETArekin lotutakoak bakarrik, baita greben ondorioak eta abar ere”. Horren eginbeharra Elizaren ikuspegitik erantzuna nolakoa izan behar zuen adieraztea zen, eta sail horren ospe onaren adibidea da, Setienen ustez, sindikatuek Caritas bera onartzea grebalariei emandako laguntza banatzeko tresna gisa. Gizakia Helb uru programak hiesak jotakoen alde egin zuen lana ere ekarri du gogora Gipuzkoako Elizak eta haren ingurukoek egindako lanaren adibideak jartzean.
Gotzain emeritua izatera pasatu zen 2000. urtean, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain izenda zezaten errazteko. Karguaren publikotasuna albo batera uztean, ordea, eta aurkakoa pentsa badaiteke ere, ez zuen askatasun handiagoa lortu. “Esan daiteke orain denbora gehiago dudala, baina ez askatasun handiagoa. Nik arduratsua izan behar dudalako, eta kontu handiz ibili behar dudalako, Donostiako gotzainaren eta gotzain emerituaren arteko nahasketa gerta ez dadin”.
Orain lanean jarraitzen du. “73 edo 74 urte nituela, eta nire ibilbidea kontuan harturik, imajina dezakezu ni ez nintzela deskantsatzera joan”. Elizbarrutiaren Gizarte Idazkaritzaren babespean ere lanak argitaratzen jarraitzen du. “Ez horrelakoetan sartzea gustatzen zaidalako, baizik eta gotzain izan ondoren ere kristau ardura badudalako”.