Erosketa aholkularia eskatzeko epea aste batez luzatu dute

San Marko mankomunitateak beste astebetez luzatu du aurki abiaraziko duen Eko-shopper’100 egitasmoan izena emateko epea; berez, aurreko iganderako eman behar zen, baina azken asteko elurteen eta hotzaren ondorioz, aukera hori otsailaren 17ra arte luzatzea erabaki dute sustatzaileek, “ahalik eta jende gehienak zerbitzu horretaz goza dezan”. San Marko mankomunitatea osatzen duten hamar herrietako biztanleek egin dezakete egitasmoan parte hartzeko eskaera.

Izena ematen dutenen artean, ehun familia hautatuko dituzte; “mankomunitateko etxeen errealitatea islatuko duen” lagina nahi dute. Horretarako, kontuan izango dituzte, besteak beste, herria, etxe berean bizi diren pertsonen kopurua, adina, errenta maila eta erosketak egiteko ohiko lekuak.

Funtsean, erosketak egiterakoan aholkuak ematen dituen pertsona da eko-shopper-a. Moda kontuetan ezagunagoa den personal shopper figuran oinarrituta dago, baina helburua desberdina da: erosleari erakustea nola egin ditzakeen erosketak, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko moduan.

Mankomunitateak sustatutako egitasmoa den arren, Artelatz enpresak darama kanpaina. Juan Unzueta arduradunaren hitzetan, “hainbestetan ematen diren aholku orokor horietatik aparte”, zertan erreparatu behar duen aholkatuko diote erosleari.

Horren adibide bat ontziaren tamainaren eta edukiaren arteko proportzioa da: “Kopuruari kasu egin behar zaio: batzuetan, produktu gehixeago eramanda, ontzi gutxixeago eramaten ari gara”. Hori frogatzeko, esperimentu zehatz bat egiteko asmoa dute: erosketak egitera joan aurretik, hainbat produkturen edukiontziak pisatuko dituzte, eta erosleei pisu gutxien dutenak aholkatuko dizkiete. “Horren arabera, alderatu egingo dugu jatorrizko zerrendatik zenbat zabor aurreztu dugun, gramotan”, azaldu du Unzuetak. “Familia bakoitzeko gramo batzuk izango dira. Ezer gutxi irudituko zaio jendeari, baina familia bakoitzaren erosketa maiztasunarekin biderkatuz gero, datu esanguratsuak aterako dira”.

Erosketa zerrendari kasu egin

Hondakinik onenak sortzen ez diren haiek direla uste dute Eko-shopper’100 egitasmoaren antolatzaileek; horregatik, ematen dituzten aholku asko kontsumoa murrizteko ematen dituzte. Horietako batzuk ezagunak dira bestela ere; esaterako, erosketa zerrendak daukan garrantzia. “Zerrendarik gabe joaten bagara, beti daude badaezpada erosten diren gauzak; horrela, erosketen orga betetzeko joera daukagu, eta behar baino gauza gehiago erosten ditugu”.

Behar diren gauzak ez ezik gastatu nahi den diru kopurua ere aldez aurretik zehaztea komeni dela azaldu du: “Hori etxean egin behar da, ikusita zer falta den”. Gainera, dendara poltsak etxetik eramatea gomendatu du, eta ahalik eta bilgarri gutxien duten produktuak erostea.

Egitasmoan parte hartzen dutenek, ikasteaz gain, aholkuak euren inguruan zabal ditzaten nahi dute sustatzaileek. Oraingoz, 250 familiak eman dute izena. Hala ere, egitasmoaren emaitzak posta elektronikoz jasotzeko aukera izango du hala eskatzen duen edonork.