Euskara sustatzeko diru laguntzei eutsiko die foru aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egingo dio iaz euskara sustatzera bideratutako diru laguntzen kopuru orokorrari. Guztira, 2.386.422 euro emango ditu euskara bultzatzen duten proiektuak laguntzeko; iaz baino 12.932 euro gehiago. Aste honetan eman du erabaki horren berri Zigor Etxeburuak, aldundiko Euskara zuzendariak. Hark esandakoaren arabera, euskararen erabilera bultzatzerakoan “eragile estrategikoak” direnak indartu nahi ditu diputazioak.

Laguntzen kopuru handiena euskarazko aldizkarietara bideratu dute, iazko kopurua mantenduta: 609.740 euro jasoko dituzte horiek. Gai monografikoak lantzen dituzten argitalpen berezientzako ere izango dira laguntza horiek. Tokiko telebistek, aldiz, iaz baino 15.000 euro gehiago jasoko dituzte; gainera, hainbat tokiko telebista elkartuta, egunero albistegi saio bat egotea bultzatu nahi du aldundiak.

Udalerri mailan euskararen normalizazioa bultzatzeko laguntzak ere igo egingo dituzte; 399.833 jasoko dituzte udalek horretarako, iaz baino 95.833 euro gehiago. Diru horrekin “hizkuntza politika eraginkorrak” diseinatzea da asmoa.

Ostera, bi saili jaitsi egin diete aurrekontua: IKT Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien bidez euskarazko edukiak sortzen dituzten egitasmoek 2.066 euro gutxiago jasoko dituzte aurten; enpresa eta bestelako erakundeen euskara planetarako laguntzak, aldiz, 95.835 euro murriztuko dituzte.

Gainontzeko sailetara iazko kopuru berberak bideratuko dituzte aurtengoan. Diru laguntza guztien %16,7 Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak deitzen den atalera bideratuko dute; horren barruan leudeke gizartean euskararen erabilera laguntzen duten bestelako ekimenak; esaterako, mintzalagun programak eta bestelako jardunaldi eta mintegiak.

Euskarazko ikus-entzunezko proiektuek 200.000 euro jasoko dituzte, iaz bezala; desberdintasuna da aurten dokumentalak ere sartuko dituztela euskarazko zinemagintzaren arloan.