Tolosa
Festa lehertzear da Tolosan. Inauteriak ate-joka dira, eta Tolosako kale eta bazterrak, kolore, trapu eta mozorroz janztear.
Baina, inauterien festa handia ostegun gizenarekin batera datorren ostegunean lehertuko bada ere, aurrez ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, giroa berotze aldera. Hala, bihar, erraldoi eta buruhandien kalejira izango da 11:00etan. Plaza Zaharretik irtengo dira. Kantujira ere izango da ordu berean, M. Luisa Agirre doktorearen plazatik abiatuta. 16:00etan, Aiz-Orratx elkarteko txaranga ibiliko da kaleetan zehar, eta16:30ean Haur Jaialdia izango da Leidor antzokian. 19:00etan, Urdiña Txiki elkarteak antolatuta, Kaldereroen Konpartsa irtengo da Plaza Zaharretik.
Etzi, berriz, Tolosako Musika Banda eta Udal Txistulari Bandak emanaldia eskainiko dute Berdura plazan.
Ostegun gizen egunean, 09:13an Etxe-berri oinordekoen udal bandoa izango da. Ondoren, 11:30ean, Udal Txistulari Bandak Inauterietako zortzikoa joz ohiko ibilbidea egingo du Tolosako kaleetan barrena. Jarraian, 11:45ean, Kabi-Alai elkarteak Eduardo Chocano inauterizale kutuna izendatuko du, eta pregoia irakurri dute. Eguerdian, Plaza Zaharrean suziria botata iragarriko da jaien hasiera. Segidan, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek ibilbideari ekingo diote, Aroztegieta kaletik. Arratsaldean, 16:30ean, zezen plazan zezen festa egingo da, txarangen doinuek girotuta. Zezen festaren ostean, kalejira egingo da. 19:30ean, Iturritxiki plazatik zezensuzkoa irtengo da. 20:00etan, Aurrera kirol elkartearen txarangak girotuko ditu Tolosako kaleak. Tolosan, bihartik aurrera, festan murgiltzeko aukera egon badago, beraz.