Parte Zaharreko auzo elkartea eratu dute

Urrian hasi zuten bidean urrats bat gehiago eman eta Donostiako Parte Zaharrean eratu dute jada auzo elkarte berria: Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea. Asteazkenean San Telmon egindako batzarrean onartu zuten izena, baita estatutuak eta zuzendaritza batzordea ere. Ofiziala izateko azken urrats burokratikoaren faltan, pozik daude elkarteko kideak: “Tramite hori gaur [atzo] egitekoak ginen, baina sektore publikoko lanuztea medio, bihar [gaur] edo astelehenean egin beharko dugu”, azaldu du Xabier Arberas auzo elkarteko lehendakari hautatu berriak.

“Oso pozik” dago Arberas, elkarteak orain arte egindako bidearekin. “Hilabete gutxitan” egindako bidea izanagatik ere, prozesuan 100 auzotarren parte hartzea behintzat lortu dutela dio.

Udalarekin urrian egindako bi bileratan du sorburua auzo elkarteak: “Hori izan zen aitzakia edo abiapuntua konturatzeko ez ginela egiten ari egin behar zena: indarrak batzea, auzolana, esperientziak denon eskuetan jartzea…”. Hala, prozesuak orain arte egindako bidea “oso-oso positibotzat” jotzen du Arberasek.

Behin tramite guztiak eginda, hurrengo urratsa auzo elkartea Donostiako Udalari aurkeztea izango da eta eskaera zehatz bat buruan dute dagoeneko, “batzar guztietan agertu den beharra”, Arberasen arabera: “Auzo elkarteak lokal bat behar du”. Bestalde, auzo elkartearen finantzaketa nola landu ere epe motzera hartu beharreko beste erabakietako bat da. Baita “lantaldeen plangintza bat” osatzea ere.

Auzotarrak atzerriko turistekin zein hiriko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bisitariekin nahasten diren lekua da Donostiako Parte Zaharra. Auzotarren beharrak erdigunean jarri nahi dituzte, ordea. “Gu ez gara inoren aurka jaio. Baina, bai bokazio batetik: indarrak metatzeko eta ahots bakarra izateko behar den lekuetan, eta aldarrikatzeko auzoak berreskuratu behar duen auzo bizitza. Lehenengo mailan jartzea auzotarron beharrak”.

Hiru lan esparru nagusi

Jada behin auzo elkartea eratuta, taldetik landu beharreko hiru esparru nagusi ere identifikatuta dituzte, Arberasek azaldu duenez: “Zerbitzuak, kultura eta gizarte ongizatea”. Trafikoa, mugikortasuna, hondakinak, garbitasuna, zarata eta kutsadurari dagozkionak leudeke lehen esparruan. Baita espazio publikoari dagozkionak ere; terrazak, banaketa eta bizikletak, kasu. Kulturaren esparruan, kirol ekipamenduak zein haur eta gazteentzat txokoak leudeke. Ongizatearen eremuan, adinekoentzat eguneko zentro duin baten beharra eta hirigintzako oztopoei eta etxebizitzetako igogailuen arazoari aurre egiteko asmoa dute, besteak beste.